Bat eginda, mesedea bientzat. Erik Jakak eta Iosu Eskirozek irabazi zuten atzo bi-bitako txapelketaren 11. jardunaldian. Garaileek 22 eta 10 azpiratu zituzten Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta. Baikoko bikoteak sinbiosia egin zuen Labriten; bateratze horri esker, Jakak beste urrats bat egin du txapelketan, garaipen bat gehiago zakuratuta eta sailkapenaren lehen postuan kokatuta. Eskirozek, berriz, bere ahala erakutsi du plaza garrantzitsu batean, lehen mailako norgehiagokan. Izan ere, Makirriaingo atzelariak Jon Mariezkurrena atzelari titularra ordeztu zuen kantxan, eta bete-beteko norgehiagoka jokatu zuen.
Bi bikoteek zortzina garaipenekin abiatu zuten partida, eta oreka hori hautsi zuen norgehiagokak. Hasieran, Aspeko bikotea zen gailentzeko hautagai nagusia, bere horretan plazaratu zelako. Hau da, aurretiazko gorabeherarik gabe. Gerora sortu zitzaizkien halakoak, baina Etxeberriak eta Zabaletak ondo ekin zioten norgehiagokari. Gainera, Etxarrengoa jotzaile aritu zen lehendabiziko tantoetan, eta itxura zuen beste erakustaldi bat eman zezakeela.
Ezta hurrik eman ere. Aspekoen atzelariak arazo fisikoak izan zituen hasi eta gutxira, eta horrek partida baldintzatu zuen. Hain justu, bikote urdin hori aurretik zela (5-4) ailegatu zen lehen etena; Zabaletak aldageletarako bidea hartu zuen, Eskirozen zazpigarren koadrotik egindako erremate bikain batek distiratutako tantoaren ostean. Hura izan zen partidaren gidoia laburtu zuen unea; Zabaletak ezin, Eskiroz ausart.
Aldageletatik berehala itzuli zen Zabaleta —lentilla bat galduta—, baina egoerak okerrera egin zuen luze gabe. Bederatzi tanto jokatzerako birritan egin zuen barrura. Bigarren aldian, eskuin izterra lotuta kantxaratu zen nafarra. Gain behera egin zuen haren jokoak, eta, ordutik aurrera, hark eta Peio Etxeberriak asko sufritu zuten. Etxarrengoak lau pilota galdu zituen gorriek zazpi tanto egiterako; eta zazpi, berriz, aurkariek hamazazpi egiterako. Ezohikoa da hori.
Bien bitartean, garaileek urratsa egin zuten nabarmen. Zabaletaren arazoez harago, Jaka eta Eskiroz eroso aritu ziren Labriten. Opari txikienik ere egin gabe, nahieran aritu ziren kantxan. Eskiroz segurtasun handiz, eta tarteka txapa gainean mozten. Jaka, tantoak amaitu eta amaitu.
Hala, garaileek erreskadan egin zituzten tantoak, eta aise osatu zuten txapelketako bederatzigarren garaipena eskuratzeko bidea: 9-6; 12-7; 18-9, eta 22-10. Hala, sailkapenaren gorengo koskan kokatu ziren Jaka eta Eskiroz garaileak, Etxeberria eta Zabaleta bigarren sailkatuen kontura. Tanto aldea ere bereganatu zuten.
Altuna ere, minez
Bilbon jokatu zuten binakako beste norgehiagoka. Jokin Altuna III.ak eta Julen Martijak Unai Laso eta Mikel Urrutikoetxea izan zituzten kontrario. Zaratamokoak atzelari gisa jokatu zuen, Aitor Arangurenen ordez —eskuak minduta dauzka—. Bada, Labriten nola, Bizkaian ere lesio batek baldintzatu zuen lehia: Altunak aldageletarako bidea hartu zuen, ezker eskuan min hartuta. Esku horrekin jo ere ez zuen egin pilota, baina nola hala eutsi zion. Azkenerako, Laso eta Urrutikoetxea irabazle (22-20).