Denboraldi-aurrean nabarmendu ostean, Athleticen zelai erdian erantzukizuna eta ardura hartzeko prest zegoela zirudien. Baina ez da horrelakorik gertatu. Oso pisu gutxi izan du taldean sasoian zehar. Ander Iturraspek (Abadiño, Bizkaia, 1989) ez dauka gustura egoteko arrazoirik.
Nola ikusi zenuen euskal derbia harmailetatik?
Gustura. Neurketa oso polita izan zen. Giro ederra egon zen harmailetan. Denbora asko itxaron behar izan genuen derbi hori jokatzeko. Partida irabazita askoz gehiago gozatzen da.
Azken bi derbiek aurretik ere bagenekiena erakutsi dute: Athletic indar gutxirekin ailegatu dela txapelketaren azken txanpara.
Nik oraintxe bertan sinatuko nuke justu jarraitu eta geratzen diren norgehiagokak irabaztea. Guztiok dakigu euskal derbiak gogorrak izaten direla oso.
Astero harmailetan egoten garenok gogor kritikatzen dugu Athleticen jokoa. Zeuk gure leku beretsutik ikusi zenuen Realaren kontrako partida. Ulertzen al duzu gure ikuspuntua?
Bai. Jokalariak autokritikoak gara. Badakigu zer daukagun.
Athleticek egun duen joko eskasaren arrazoietako bat entrenatzaileak taldea kudeatzeko orduan asmatu ez izana izan daiteke. Jokalari gutxiren artean eraman dute taldearen zama guztia. Ados zaude teoria hori defendatzen dutenekin?
Tira… Gutxi jokatu dugunok ondo erantzun dugu ardura eman digutenean. Entrenatzaileak jokalari multzo batengan dauka konfiantza. Besteok errespetatu egin behar dugu teknikariaren apustua. Aukera ematen digunean, balio dugula erakutsi behar dugu.
Azken jardunaldietan dezente jokatu duzun arren, zuk esan berri duzun moduan, gutxien jokatzen duten futbolari multzoan zaude. Gogorra egiten ari al zaizu sasoia?
Denboraldian zehar behin baino gehiagotan pentsatu dut aukera gehiago izatea merezi nuela. Baina gainerako taldekideek ere antzeko kontuak izango zituzten buruan. Une gogorrak pasa ditut, baina futbolean ohikoa da gorabeherak izatea. Ez dakit kexatzeko moduan gauden. Beste talde batzuetan gu baino okerrago daude futbolariak. Hala ere, azken hilean gauzak aldatu egin direla dirudi. Jokatzeko aukera eman didate, eta nahiko txukun aritu naizela uste dut.
Autokritika egiten duzuela esan duzu. Zer egin duzu txarto entrenatzailearen konfiantza galtzeko?
Gauzak ondo ez daudenean beti egiten dugu autokritika. Hala ere, entrenatzaileak beste taldekide batzuen alde egin duela barneratu ostean, gogor egiten dugu lan jokatzea egokitzen zaigunean prest egoteko. Horretarako ezinbestekoa da behar den moduan entrenatzea eta lehiatzea. Ez dago besterik.
Zeure buruak aguantatuko luke horrelako beste denboraldi bat?
Azken hilabeteotan sarritan erantzun behar izan diot galdera horri. Oraindik ez da amaitu denboraldia. Pazientziaz hartu behar dira erabakiak. Jokoa ona izan ez arren, taldearen egoera bikaina da. Hori ere kontuan hartu behar da. Dena dela, sasoia amaitzen denean aztertu egin beharko da egoera. Oraindik pentsatzen dut Athleticen lekua dudala, baina datorren sasoia antzekoa izango dela esaten badidate…
Europarako sailkatzeak garrantzi handia izan dezake protagonismo gutxi duzuonontzat. Zorte apur batekin dozena bat norgehiagoka gehiago jokatu beharko ditu Athleticek, eta horrek taldeko ateak zabalduko dizkizue orain gutxi jokatzen ari zaretenoi.
Hala da. Europako Ligan sartzea guztiontzat izango litzateke ona: klubari izena emateaz gain, diru sarrera garrantzitsuak bermatuko lizkioke. Jokalarioi, berriz, prestigioa, esperientzia eta partida gehiago jokatzeko aukera emango liguke. Eta teknikariarentzat ere interesgarria izango litzateke hori eskuratzea.
Beheko mailetan euskarri postuan nabarmendu zinen. Nagusiekin ere postu horretan aritu zara gehienetan, baina asko dira etorkizunean erdilari aurreratu gisa jokatzen ikusten zaituztenak. Zein postutan emango duzu zeure dohainen berri?
Ez dakit zer esan. Gutxitan aritu naiz erdilari aurreratu gisa. Beharbada balioko dut postu horretan jokatzeko, baina gaur egun euskarrian ikusten dut neure lekua. Hala ere, jokatzeari ez diot aterik ixten.
Realaren kontra partida bateko zigorra bete behar izan zenuen. Espanyolen aurka hamaikakora itzuliko zarela uste duzu?
Esperantza ezin dut galdu. Txartelak pilatuta nituenez, ezin izan nuen jokatu, baina gogor ari naiz lanean.
Hurrengo norgehiagokak sekulako garrantzia dauka. Hiru puntuak bilduz gero, Europa eskuan izango duzue. Eta puntu batekin ere aurrerapauso itzela emango zenukete.
Final baten garrantzia dauka. Espanyol sei puntura daukagu. Irabaziz gero, salto handia emango genuke. Gure helburua bosgarren postua lortzea da, baina aurretik txartela bermatu behar dugu.
Asko ari gara kritikatzen Athletic, baina Espanyoli ere asko ari zaio kostatzen puntuak eskuratzea.
Bigarren itzulian oso lan txarra egiten ari da. Ez dakit Victor Ruizen eta Didacen hutsuneek horrenbesteko mina egingo zioten taldeari, baina ziur naiz Osvaldo min hartuta egon den bitartean asko galdu duela. Baina asteleheneko neurketan ez du ezertarako balioko aurretik gertatu denak.
Athleticek hamahiru urte daramatza Espanyolen etxean irabazi barik.
Ez nekien ezer. Estatistika oso txarra da, baina estatistikak lehenago edo geroago apurtzen dira.
Ander Iturraspe. Athleticeko jokalaria
«Sinatuko nuke txarto jokatu eta gelditzen diren partidak irabaztea»
Etzi Espanyol mendean hartuz gero, Athleticek Europarako «salto handia» emango duela iritzi dio Abadiñoko erdilariak. Athleticen «lekua» duela uste du jokalari bizkaitarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu