Ligaxka bigarren postuan amaitu ostean, bihar ekingo dio berriro Europako Ligari Bera Berak. Alba Menendez kapitainak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) denboraldi honetan Gaskan izaten ari den giroa azpimarratu du: «Guretzat oso garrantzitsua da zaleen berotasuna».
Joan den asteburuan Espainiako Kopa irabazi duzue bederatzigarren aldiz, hirugarrenez jarraian. Azkar esaten da.
Bai, bai. Oso asteburu polita pasatu genuen Granollersen. Helburua argi geneukan: hirugarren Kopa irabaztea jarraian, eta garaikurra etxera ekartzea. Izan ere, hiru kopa jarraian irabaztean, trofeoa ematen dizute. Asteburu polita, hori lortu dugulako eta, agian, ligan ez goazelako hain ondo.
Garaipen hori ospatzeko astirik izan al zenuten?
Gutxi. Zazpi bat orduz aritu ginen autobusean garaipena ospatzen, baina hona iristerako nekatuta geunden, eta etxera joan ginen. Autobusean ospatu genuen, bidaiak iraun zuen tartean, baina hortik aurrera, ezer ere ez.
Europako Ligan, berriz, final-laurdenetan zaudete. Gustura al zaudete lortzen ari zaretenarekin?
Bai. Hasierako helburua multzoen fasera iristea zen. Lortu genuen, eta oso ondo aritu gara fase horretan. Orain, are helburu handiago bat lortu dugu, agian guk geuk ere buruan hori eduki gabe. Oso pozik gaude, eta zergatik ez dugu Lauko Finalarekin amestuko?
Espero zenuten hain ondo aritzea?
Egia esan, ez. Behin multzoen fasera sailkatzeko helburua lortuta, beste erronka bat ezarri genion geure buruari, eta beste ilusio bat sortu zitzaigun: Lauko Finalean egotea. Baina hasieran ez genuen espero hain ondo aritzea.
Nola dago taldea biharko partidari begira?
Azken asteetan ez dugu horretan pentsatzeko astirik ere eduki. Ligako partida dezente eduki ditugu, selekzioen partidengatik etena egon zen, ondoren Espainiako Kopa... Kopa egon denean, Kopan jarri dugu arreta, eta liga egon denean, ligan. Astelehenean eta asteartean atseden hartu ostean, asteazkenean elkartu ginen berriz ere, eta Europako Ligako partida prestatzen hasi ginen.
Blomberg-Lippe Alemaniako taldearen aurka jokatuko duzue. Nahiago zenuten beste aurkariren bat, edo berdin zitzaizuen?
Berdin zitzaigun. Honelako fase batera iritsita, talde guztiak dira onak, eta edozein aurkari izango litzateke maila handikoa. Beraz, ez geneukan lehentasunik.
Zeintzuk dira Alemaniako taldearen indarguneak?
Flames taldea—ligaxkan izan zuten Alemaniako taldea— eta Alemaniako liga nolakok diren ikusita, talde oso fisikoa izango da, oso indartsua, eta kiloei dagokienez, gu baino gehiago. Hori baliatu nahi izango dute, eta hortik joango da haien jokatzeko modua.
Zuk aipatu bezala, Alemaniako eskubaloia oso fisikoa da. Blomberg-Lippe horren erakusle da. Zuen indarguneetako bat kontraerasoa dela kontuan izanda, bizi jokatzea izango da haiei min egiteko modua?
Bai. Haiek indartsuak dira fisikoki, baina gure ahalmena abiadura da. Uste dut fisikoki ondo eusten dion talde bat garela, eta agian hortik joango da partida: kontraerasoak egin ahal izateko, gogor defendatu, eta, erasoan, ahalik eta baloi gutxien galdu.
«Kontraerasoak egiteko gogor defendatu beharko dugu, eta erasoan ahalik eta baloi gutxien galdu»
Berriz ere Gaskan izugarrizko giroa egotea espero da.
Bai, bai. Gure zaletuek beti erantzun dute oso ondo, baina aurtengoa azaltzeko ez daukat hitzik. Inork ez genuen espero Gaska hain beteta ikustea partida guztietan eta, zenbaitetan, bi aste lehenagotik sarrera guztiak bukatuta egotea. Guretzat oso garrantzitsua da zaleen berotasuna.
Ligan hirugarren zaudete. Nola ikusten duzu aurtengo denboraldia?
Agian, aurtengoan ondo datorkigu liga erregularreko emaitzek hainbesteko garrantzirik ez izatea eta dena kanporaketetan erabakitzea. Ligan ez gara batere erregularrak izaten ari. Agian, batzuetan taldeari kostatzen zaio Europatik ligarako pentsaera hori aldatzea. Hala ere, espero dut Kopa irabazi ostean ligan gorakada bat izatea, partida gutxi geratzen baitira kanporaketetara sentipen onekin iristeko.
Sinatuko al zenuke liga ez irabazi baina Europako Ligako Lauko Finalean sartzea?
Zaila da hori erabakitzea [barrezka], baina agian bai. Azken batean, Europako Ligako Lauko Finalean sartzea klubarekin historia egitea izango litzateke. Zorionez, liga asko ditugu, baina ez dugu inoiz Lauko Finalik jokatu; beraz, agian bai, sinatuko nuke.
Bulegoetan hasi dira datorren denboraldiari begira lanean; esaterako, Nicole Wiggins atezaina fitxatuz. Nolako itxura hartu diozu hurrengo sasoiko taldeari?
Oraingoz, ematen duenez, denboraldi honekin alderatuz ez da aldaketa asko izango. Uste dut hori positiboa dela. Izan ere, taldea gutxiago aldatzen bada, taldekideek konplizitateari eusteko erraztasun handiagoa izango dute. Nik uste datorren denboraldian talde polita egongo dela.
Eta zuk jarraituko al duzu? Etorkizunera begira zer asmo duzu?
Azken urteetan, klubarekin urtez urte noa. Oraindik ez dugu hitz egin, eta ez dut horretan pentsatu. Denboraldia amaituz doan heinean pentsatuko dugu, eta ikusiko dugu berritzen dudan edo ez.
«Etorkizuna? Denboraldia amaituz doan heinean pentsatuko dugu, eta ikusiko dugu berritzen dudan edo ez»
Aurtengoa zure hamaseigarren denboraldia da taldean. Nola aldatu da zure jokatzeko modua taldera iritsi zinenetik gaur arte?
Jokatzeko eta eskubaloia ulertzeko modua aldatu ditudala uste dut. Nire fisikoa aldatuz joan da, eta ez dut uste orain lehen bezain azkarra eta indartsua naizenik. Lehenbiziko urteetan eskubaloi profesionala ezagutu eta asko ikasi nuen. Oinarri bat badaukazu, baina egunero jokalari onenekin entrenatzen zarenean eta partidak jokatzen hasten zarenean, derrigor hobetu behar duzu.
Zerk motibatzen zaitu maila gorenean lehiatzen jarraitzera?
Eskubaloia, nire lanaz gain, dudan zaletasunik handiena da. Hori horrela ez balitz, uste dut ez nituela 16 urte iraungo. Gero, tituluak irabaziz joateak ere bidea errazten dizu, motibatu egiten baitzaitu. Ni oso lehiakorra naiz; beraz, ez naiz konformatzen bi liga edukitzearekin; hiru, lau edo bost nahi ditut, eta horrek ere laguntzen du.