«Sinatu dudan bakarra Athleticekin zazpi urteko kontratua izan da. Oso pozik nago. 9 urterekin etorri nintzen klub honetara, eta hamabost urte daramatzat». Inork ezer galdetu aurretik gauzak argi azaltzen ahalegindu zen atzo Kepa Arrizabalaga, Lezaman, kontratua berritu ostean emandako lehen prentsaurrekoan. Baina, gorengo mailan hasiberria izan arren, atezain gazteak jakin badaki nola funtzionatzen duen futbolak. Bere larruan bizi izan du azken hilabeteotan.
Prestatua zuen erantzuna mila era ezberdinetan egingo zizkioten galderei: «Ez». Azken finean, behin klub zuri-gorrian jarraituko zuela argituta, alde guztiek gura baino gehiago luzatu den negoziazioaren gaineko argibideak jakiteak eragin du zaleen interesa. Batez ere, zenbaterainokoa izan den Real Madrilek Kepa fitxatzeko egin duen ahalegina. Eta, era berean, zenbaterainokoa izan den jokalariaren interesa Espainiako taldearekin fitxatzeko. Santiago Bernabeuko edozein partidatan alde guztietatik egiten dituzten jaurtiketak gelditzeko daukan patxada berberarekin egin zien aurre atezainak Lezamara joan ziren kazetarien jakin-minari. Ez zuen okerrik egin, eta primeran defendatu zuen bere atea. Kepa heldutasun handiko gaztea baita.
Egia guztia ez da inoiz jakingo, baina azken asteotan esan diren zenbait kontu gezurtatzeko baliatu zuen ondarroarrak agerraldia. Besteak beste, Real Madrili hitza emana izana. Aurreakordiorik izan al duen galdetura, labur, zehatz eta zalantza egin gabe erantzun zuen: «Ez». Antzeko irmotasunez mintzatu zen Madrilgo erietxe batean azterketa medikoa egin al zuen galdetuta: «Nik egin dudan azterketa mediko bakarra sasoi hasieran Athleticekin egin nuen». Beraz, bigarren zalantza ere argitu zuen. Horren harira, orkatilako lesioaren gainean informazio gehiago biltzeko Athleticekoak ez diren espezialista batzuengana jo duela onartu zuen. Ohikoa da hori futbolean. Iritzi bi bakar bat baino lagungarriago izaten direlako. Agian baten batek nahastu egin zituen bi kontuak.
Baina ez zen izan Kepak gezurtatu behar izan zuen kontu bakarra. Atezainarentzat ez baitira errazak izan azken hilabeteak. Eman duen pauso bakoitza lupaz aztertu dute, eta egoera horretan ez da eroso sentitu. Horregatik, ez zaio batere gustatu negoziazioa bere mesedetan «luzatzen» ahalegindu dela aurpegiratu izana. «Kontua gura baino gehiago luzatu da. Baina nik ez dut ezer nahita luzatu. Alde bakoitzak berea defendatu du, beste barik».Horren harira, kontua bere hausnarketak ere luzatu duela onartu zuen. «Negoziazioa zuhurtziaz eraman gura izan dut hasieratik. Klubarekin berbetan hasi nintzenean, nire egoera bat zen, eta orain beste bat da. Denbora gutxian gauza asko aldatu dira. Aukera gehiago izan ditut. Zenbait klubek interesa agertu didate, baita klubari ere. Azkenean, hausnarketa sakona egin ostean, niretzat onena Athleticen segitzea dela erabaki dut. Nik gura izan dudan eta inolako presiorik gabe hartutako erabakia izan da».
Keparen hautuan ez omen du inolako eraginik izan Real Madriletik zabaldutako mezuak. Atezainaren gaineko azken erabakia hartzean Espainiako taldearen eta Zinedine Zidaneren interesak kontrajarriak izan direla esan da. Florentino Perez presidentearen eta bere lantaldearen iritzia zein den ez da plazaratu, baina teknikariak behin eta berriz adierazi du neguko merkatuan ez zuela aldaketarik egin gura. Gainera, jakinekoa da konfiantza osoa daukala Keylor Navasengan. Itxura batean, entrenatzailearen iritziak beste inorenak baino pisu handiagoa izan du. Hala, Real Madrilek salduta utzi duela iritzi al du atezainak? Edota teknikariaren iritziak izan al du eraginik hartu duen erabakian? Atezainak ezetz esan zuen, beste behin. «Ezin naiz baloratzen hasi beste klub batzuetako entrenatzaileek esaten dituztenak. Nik Zigandaren esanak hartzen ditut aintzat. Adierazpen horiek ez zuten negoziazioaren norabidea aldatu». Halaber, ez die kasu handirik egin gura Athleticen alde egiteagatik gutxietsi gura dutenak. «Duela hamabost egun talde guztiek fitxatu gira ninduten, eta, behin kontratua luzatuta, badirudi inork ez didala fitxatu gura. Niretzat, Athleticen eskaintza izan da onena. Horregatik jarraituko dut urte askotan».
Defendatzeko aukera barik
Kepak inork baino hobeto daki zenbat nahas daitezkeen gauzak futbolean. Eta, sarri, kosta egin zaio ematen zuen pauso bakoitza notizia zela barneratzea. Ez baitira Madrilen sortutako notiziak soilik izan. Etxean ere denetarik aurpegiratu diote: autoa Lezamako kanpoko aparkalekuan lagatzen zuela ezkutuan ibiltzeko, taldekideekin bat ez egiteko lehenago edo geroago entrenatzen zela... Ez da eroso egon. «Aste askotan guztiaren erdian sentitu naiz. Ez nengoen horretarako prestatua. Burutik pasatu zait gauza batzuk gezurtatzeko agertzea. Zenbaitetan ez dut defendatzeko aukerarik izan, baina horrenbeste gauza esan dira…». Tartean, oineko lesioa dela medio jokatzeari uko egin diola. Horrek egin dio min gehien: «Lesio bat zalantzan jartzea errespetuaren marra gainditzea da». Finean, bere kirol bizitza guztia baldintzatu duen erabakia bizitzaren eskola bihurtu da atezain gaztearentzat.
Sinadura bakarra, astelehenekoa
Kepa Arrizabalagak gezurtatu egin du Real Madrilekin aurreakordioa egin duela eta harekin azterketa medikoa egin zuela. «Inoren presio barik» erabaki du jarraitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu