82. minutuan gertatu zen, atzo: Sestao Riverrek 2 eta 1ekoa sartu zion Rayo Majadahondari Las Llanasen (Sestao, Bizkaia), eta, etxekoak gola ospatzen ari ziren bitartean, Cheikh Kane Sarr kanpoko taldeko atezainak aurre egin zien irainka ari zitzaizkion zale batzuei. Harmailetara jo zuen Senegalgo atezainak, eta, lehenik, txartel gorria erakutsi zion epaileak.
🔴 Expulsado el portero del @RMajadahonda, Sarr, agarrar de la bufanda a un aficionado del @SestaoRC
— GRADA B pro (@GradaBpro) March 30, 2024
El partido está suspendido. pic.twitter.com/i0vLlQioQC
Hori ikusita, Madrilgo taldeak uko egin zion jokatzen jarraitzeari, eta bertan behera geratu zen partida. Epaileak ez zekien Sarr eraso arrazista baten biktima izan zenik. Geroago, atezainak gertatutakoa kontatu zion epaileari, eta hark jaso egin zuen neurketako aktan. Sarrek salatu zuenez, behin eta berriz egin zioten oihu: «Tximu bat zara! Beltz puta bat!». Epaileak, ordea, gehitu du epaile taldeko inork ezin izan zituela entzun irain horiek, zelaian zuten kokapenagatik.
Gertakariaren ostean, ziurgabetasuna izan zen nagusi minutu batzuetan: hustu egin zuten istilua gertatu zen harmaila, etxeko taldeko jokalariek beroketa ariketak egiten jarraitu zuten badaezpada, baina azkenean bertan behera geratu zen lehia. Irainak gaitzesteko, Rayok uko egin zion jokatzeari.
Behartu nahian
Jorge Casadok, taldeko kapitainak, esan du Sarr lur jota zegoela, eta salatu du Espainiako Federazioak partida amaitzera behartu nahi izan zituela: «Lotsagarria da Las Llanasen gertatutakoa. Zelaiaren zati bat gure atezainari irainka ari zen bere azalaren koloreagatik, eta federazioa, gu partida amaitzera behartu nahian. Lotsa sentitzen dut. Gezurra dirudi: 2024. urtea da, eta zelaietan txoriburuak izaten jarraitzen dugu nahi duten modura ibiltzen».
Norgehiagokaren ostean, Angel Castro Sestao Riverreko presidenteak El Correo-ri adierazi zion ez dela frogatu irain arrazistak gertatu zirenik: «Ziurtatu daitekeen bakarra da atezainak harmailetara salto egin duela eta gure zaletu bati eraso egiten saiatu dela, eta jarraian epaileari ere bai». Taldeak hiru puntuko ohar labur bat zabaldu du; hau dio azkenak: «Irain arrazistak frogatzen badira, Sestao Riverrek dituen baliabide guztiak jarriko ditu justiziaren esku».
Sarrek salaketa jarri du Ertzaintzan, eta Poliziak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.