Futbola

Sergio Franciscok ordezkatuko du Imanol Alguacil

Entrenatzaile irundarrak hiru denboraldi daramatza Realaren bigarren taldea zuzentzen, eta aurretik lehen taldean jokatu zuen. Bi sasoirako kontratua adostu du klubarekin.

Sergio Francisco. REALA
Sergio Francisco, Reala B-ren partida bat zuzentzen. REALA
Julen Etxeberria.
2025eko apirilaren 25a
17:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Realak berehala topatu dio ordezkoa Imanol Alguacili: Sergio Francisco (Irun, Gipuzkoa, 1979). Entrenatzaile oriotarrak denboraldi bukaeran talde txuri-urdina entrenatzeari utziko diola iragarri eta hurrengo egunean jakinarazi du klubak Reala B taldeko teknikari irundarra ariko dela haren ordez hurrengo sasoian. Bi denboraldirako kontratua adostu dute Sergio Franciscok eta Realak.

Sergio Francisco Reala B entrenatzen ari da. Hirugarren sasoia du zeregin horretan. Baina bihar bertan utziko dio lan hori egiteari, bigarren taldeak Zubietan 20:00etan Unionistasen aurka jokatuko duen neurketa bukatu eta gero. Klubak jakinarazi duenez, Sergio Francisco astelehenean bertan hasiko da Erik Bretosekin hurrengo denboraldia prestatzen. Hain zuzen, Bretos izango da futboleko zuzendari berria, Roberto Olabe ordezkatuz.

Imanolek egin zuen bezala, Realak etxeko bati eman dio berriro talde nagusiaren lema. Sergio Franciscok ia bizitza osoa darama talde txuri-urdinari lotuta jokalari zein entrenatzaile gisa. Lehenbizi, harrobiko jokalaria izan zen, eta, urratsez urrats egin eta gero, lehen taldean jokatu zuen. Bernd Kraussen aginduetara egin zuen estreinakoa, 1998-1999 denboraldian, Espainiako Kopan, Vicente Calderonen, Atletico Madrilen aurka. Gero, lehen eta bigarren taldearekin aritu zen entrenatzen, baina beste lau partida besterik ez zituen jokatu. Utzita aritu zen gero hainbat taldetan Reala utzi arte. 2012an hartu zuen erretiroa.

Berehala egin zuen urratsa zelaitik aulkira, eta 2012-2013 denboraldian Imanol Idiakezen laguntzailea izan zen Real Unionen. 2013-2014 sasoian, berriz, Irungo (Gipuzkoa) taldearen ardura nagusia hartu zuen. Urtebete egin zuen Real Union entrenatzen, eta berriro itzuli zen Realera, harrobiko taldeetan lan egitera. Gero, sei urtez entrenatu zuen hirugarren taldea. Azken hiru denboraldietan, berriz, Reala B-ren aulkian eseri da. Hark ordezkatu zuen Xabi Alonso Reala B-n. Egun, bigarren taldea Espainiako Bigarren Mailara igotzeko kanporaketetarako sailkatzeko lehian ari da.

Realean 11 urtez entrenatzaile lanetan daramala kontuan hartuta, makina bat jokalari pasatu dira haren eskuetatik, tartean egun lehen taldean ari diren asko: Pablo Marin (71 partidatan aritu zen Franciscorekin Reala B-n), Unai Marrero (58 partida), Jon Ander Olasagasti (29 partida), Jon Martin (27 partida) eta Jon Mikel Aramburu (hamazazpi partida). Horiez gain, Martin Zubimendiren entrenatzaile izan zen Easo taldean. Beraz, Imanolek bezala, harrobia ezin hobetu ezagututa egingo du lehen talderako urratsa. 

Otsailean beste bi denboraldirako berritu zuen kontratua Reala B-n, baina, orain, beste erronka askoz handiago bati helduko dio. Klubean uste osoa dute harengan, eta sinetsita daude hura dela oriotarraren ordezkorik aproposena. Beste hautagai batzuen izenak ibili dira bolo-bolo, baina klubak hasieratik izan du argi nor zen bere apustua: Sergio Francisco.

Langa goian

Ez du ardura samurra izango Sergio Franciscok, langa goian jarri baitu oriotarrak. Imanolen gidaritzapean gauza handiak lortu ditu talde txuri-urdinak: besteak beste, Espainiako Kopa bat irabazi du, eta bost urtez jarraian sailkatu da Europarako. Aro loriatsu baten lemazaina izan da, baita irudia eta ahotsa ere.

Realaren ohiko balioekin egin du lan Imanolek, eta pasioz. Gai izan da hori jokalariei eta jarraitzaileei transmititzeko, eta ia denen maitasuna irabazi du. Gainera, ezaugarri horiei lehiatzeko gaitasuna, ausardia eta konplexurik eza gehitu dizkio. Joko erakargarria egin du Realak urteotan, eta talde moduan asko hazi da oriotarraren aginduetara.

Lortutako emaitzak ere aintzat hartzekoak dira. Imanolen aroaren ezaugarri nagusietako bat zera da: Reala lehiakorra izan dela behingoz Espainiako Kopan. Txuri-urdinek behin irabazi dute txapelketa, hiru aldiz iritsi dira finalerdietara, bost aldiz final-laurdenetara eta beti sailkatu dira final-zortzirenetarako. Imanolen aurretik, 1988tik behin bakarrik iritsi ziren finalerdietara.

Europan ez da hain urrutira iritsi, baina hainbat partida gogoangarri jokatu ditu. Besteak beste, garaipen historikoa lortu zuen Old Trafforden (0-1), eta Benficaren kontra bi erakustaldi eman zituen: Lisboako 0-1ekoa eta Anoetako 3-1ekoa. Inter Milanek ezin izan zuen Reala garaitu, eta PSVri eta Ajaxi ere irabazi zien Anoetan.

Horrez gain, harrobiaren aldeko apustu sendoa egin du. Guztira beheko taldeko 30 jokalarik egin dute debuta Imanolen eskutik.

Imanol ere Realaren bigarren taldetik igo zen lehen taldera, eta ordutik 334 norgehiagoka zuzendu ditu. Denboraldia amaitzeko beste bost falta direla kontuan hartuta, 339 neurketa zuzendu ondoren utziko du kargua. Hala, Realaren partida gehien zuzendu duten entrenatzaileen artean hirugarrena izango da; John Toshack (389) eta Benito Diaz (386) baino ez ditu aurretik. Ez da makala Imanolek lortu duena. Beste aro bat hasiko du orain Realak Sergio Franciscorekin. Oraintxe sinatuko luke hain loriatsua izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.