Tenisa

Serena Williamsek erretiroa hartuko du

Tenislari estatubatuarrak iragarri du Estatu Batuetako Irekia izanen duela azken txapelketa. Orduan esanen dio agur tenis profesionalari, 40 urterekin. 23 Grand Slam irabazi ditu orain arte.

Serena Williams Wimbledoneko neurketa batean, aurtengo ekainean. ANDY RAIN
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abuztuaren 9a
17:44
Entzun

Tenisetik urruntzekoa dela iragarri du Serena Williamsek. Irailean utziko dio tenislari profesionala izateari, 40 urterekin. Vogue aldizkarian argitaratutako gutun batean, jakinarazi du erretiroa hartuko duela, eta azaldu zergatik hartu duen erabakia: «Tenisetik urruntzen ari naizela kontatzera natorkizue, niretzat inportanteak diren beste gauza batzuetara hurbiltzekoa naizela esatera. Familia handitu nahi dut». Hitzok harridura eragin dute kirolariaren jarraitzaileen artean, baita kirolaren zaleen artean ere. Historiako tenislaririk hoberenen artean da Williams.

Data bat ere eman du estatubatuarrak: Estatu Batuetako Irekiarekin esanen dio agur ibilbide profesionalari; irailean, alegia. Orduantxe izanen du Williamsek, etxean, bere azken Grand Slama irabazteko aukera –24.a litzateke–. Hori lortuz gero, Margaret Court tenislariak erdietsitako kopuru bera izanen du Williamsek, eta biek izanen lukete errekorra.

Gizonek ez bezala

Erretiroa iragartzeko idatziriko gutunean, Williamsek ez du ezkutatu agurrak eragiten dion tristura. Are, zehaztu du, «beste batzuei ez bezala», erretiroak ez diola ekarriko pozik, «min handia baizik», ibilbide profesionalaren eta bizitza pertsonalaren artean aukeratu beharra duelako.

Izan ere, Williams kritiko azaldu da bata eta bestea uztartu ezina dela-eta, eta iradoki du gizonek ez dutela problema hori izaten, familia eduki nahi izateak ez dituela behartzen kirola alboratzera. «Gizona banintz, jokatzen ariko nintzateke, irabazten, eta emazteak hartuko luke familia handitzeko ardura».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.