Serbia eta Lituania ariko dira Europako Txapelketako finalerdietan

Erredakzioa
Donostia
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Serbia eta Lituania izan dira azkenak sailkatzen Europako Saskibaloi Txapelketako finalerdietarako. Serbiarrek eta lituaniarrek Txekiar Errepublikari eta Italiari irabazi zieten atzo Lillen (Frantzia), 89-75 eta 85-95, hurrenez hurren. Horri esker, elkarren aurka jokatuko dute bihar bigarren finalerdia. Espainiak eta Frantziak jokatuko dute lehenbizikoa, gaur, 21:00etan.

Serbia sei urte geroago iritsi da Europako Txapelketa bateko finalerdietara. Atzoko emaitza ikusita —hamalau punturen aldea—, pentsa daiteke erraz irabazi zuela. Emaitzak, ordea, ez du islatzen gertatutakoa, azken laurdenera arte parekotasuna izan baitzen (67-63, serbiarren alde). Azken laurdenean, ordea, serbiarren kalitatea inposatu zen. Serbian bost jokalarik lortu zituzten gutxienez 11 puntu. Txekian, berriz, Vesely (23 puntu) eta Satoransky (20) nabarmendu ziren.

Serbiak baino askoz gehiago sufritu zuen Lituaniak bigarren aldiz jarraian finalerdietan izateko. Luzapenean hartu zuen mendean Italia, norgehiagoka ezin parekatuagoan —79na egin zuten arauzko denboran—. Valanciunas (26 puntu eta hamalau errebote) eta Maciulis (19 puntu eta hamar errebote) izan ziren lituaniarren heroiak.

Espainia-Frantzia, gaur

Gaur, berriz, lehen finalista geratuko da zehaztuta. Espainia eta Frantzia ariko dira elkarren aurka. Finalerdia da, baina lasai-lasai izan zitekeen finala, azken urteetan bi selekzio horiek izan baitira nagusi Europan: 2007an eta 2009an Espainia izan zen txapeldun, eta orain lau urte Frantzia. Hain zuzen ere, espainiarrak eta frantziarrak aurrez aurre izan ziren iaz Espainiako Federazioak antolatutako Munduko Txapelketako final-laurdenetan. Espainia zen faborito nagusia —24 punturen aldeaz irabazi zion Frantziari lehen ligaxkan—, baina Frantziarentzat izan zen garaipena (65-52). Gaur ere edozer gerta daiteke. Pau Gasol, Nikola Mirotic, Tony Parker, Nicolas Batum... Ikuskizuna ziurtatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.