Enara Oronoz. Neguko triatloilaria

«Sentsazio onekin hasi dut urtea»

Mendian korrika bakarrik ez, bizikletan eta eskiatzen ere ondo moldatzen da Oronoz, eta hala irabazi ditu Espainiako eta Euskal Herriko neguko triatloi txapelketak, probak osorik jokatu ez badira ere.

Unai Ugartemendia.
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ez ditu ahaztuko denbora batean Enara Oronozek azken hamar egunak. Lehenik, Espainiako txapeldun izan zen Vinuesan (Soria, Espainia), eta asteburuan, berriz, Euskal Herriko txapeldun izan da Izaban (Nafarroa). Hala ere, bietan, triatloia izan beharrean, duatloi formatuan jokatzea tokatu zaio nafarrari.

Zorionak, bigarrengoz! Azkeneko txapelarekin hasita, Euskal Herrikoarekin, gustura al zaude Izabako emaitzarekin?

Bai, emaitzarekin gustura nago, baina oraingoan ere berriro duatloi formatuan jokatzea tokatu zaigu, eta horrek ez nau gustura utzi.

Eta Espainiako Txapelketa nolakoa izan zen?

Egia esan, ezustekoz beteta egon zen. Asteburuko denboraleak gogor jo zuen Vinuesan, eta arazo ugari egon ziren Espainiako Txapelketa aurrera eramateko. Neguko triatloia duatloi bilakatu behar izan zuten, eta niri neuri izugarrizko pena eman zidan. Hilabete osoan proba hori buruan eduki eta gero, amorru handia eragin zidan eskiatzeko zatia bertan behera geratzeak.

Beste behin, ez zen posible izan triatloia osatzea. Espero al zenuten?

Eguraldi iragarpenek ez ziren batere onak aste osoan. Dena den, proba egiteko elurra bazegoenez, espero nuen hiru kirolak egingo genituela. Tamalez, ez zen horrela izan.

Eguraldia hain txarra izan al zen? Proba ez jokatzeko modukoa?

Egia da bizikletako zatia egin genuenean sekulako haizea zebilela. Nik ez dakit goian errepidea nola zegoen, baina antolatzaileen erabakia izan zen, eta ezin da ezer egin horren aurka.

Zer izan zen gogorrena?

Triatloia duatloi bihurtu zutela jakinarazi zigutenean. Egiten zuen hotzarekin, duatloirako beroketa ere gogorra izan zen.

Ez eskiatu behar izateak mesede egin al zizun?

Korrikako eta eskiko saioak dira nire proba gogokoenak. Bizikletan ez naiz gaizki moldatzen, baina neguko triatloiaren benetako xarma eskian dago, eta normalean aldea ateratzen dut eskiatzen. Beraz, nire kasuan ez zidan mesederik egin, alderantziz esango nuke.

Hasieratik hartu zenuen aurrea. Aldez aurretik pentsatu al zenuen?

Ondo sentitzen nintzen korrikako saioan, eta ahalik eta denbora gehien ateratzea erabaki nuen. Ez zen aldez aurretik pentsatutako zerbait izan; lasterketan pentsatu nuen guztia.

Nola ikusi zenuen zeure burua?

Indartsu. Korrika bukatuko genuela jakinda, bizikletan indarrak neurtzeko aukera izan nuen.

Noiz ikusi zenuen irabaziko zenuela?

Bizikletako saioa bukatuta lehenengo hiruren artean nengoela ikusita, banekien korrikako saioan besteak baino gehiago izango nintzela, indarrak ondo gordeak nituen eta.

Momenturen batean ikusi al zenuen garaipena arriskuan?

Bizikletako saioan haizeak bortitz jotzen zuen, eta bakarrik joateak denbora gehiegi galtzea eragin zidan. Pentsatu nuen horren ondorioz garaipena galtzeko arriskua nuela.

Irabaztea espero al zenuen?

Duatloia izango zela esan zutenean, irabazteko aukera gutxiago nituela uste nuen.

Nola daramazu aurtengo denboraldia?

Sentsazio onekin hasi dut denboraldia; korrika ere oso gustura nabil eta horrek asko motibatzen nau ondoren egingo ditudan mendiko lasterketetan helburuak betetzeko.

Zein izango dira hurrengo erronkak, bai triatloietan, bai mendiko lasterketetan?

Aurrena, geratzen diren neguko hiru triatloiak egin nahi ditut. Gero, helburuen artean ditut Nafarroa Xtrem [68 kilometro], Camille Xtrem, Goierriko Bi Handiak [88 kilometro] eta, triatloiarekin jarraituz, Iruñean jokatuko den triatloi erdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.