Eroriz ikasten da oinez, eta ikasi beharrekoak ikasita dago jada Mikel Astarloza (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1979). Puntu bila joan zen Australiara, eta zazpirekin itzuli zen. Ukondokoek ez daukate baliorik, ordea, UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunarentzat. «Euskal Herriko Itzulia eta Tourra». Umetatik grina sortzen zioten bi itzuliak dauzka aurten ere markatuta. 33 urte beteta, esperientzia ekarriko dio taldeari. Lan egiteko eta zerbait irabazteko grina dauka.
2013a. Euskaltel berri baten urtea? Atzerritarren urtea? Iragana ahaztuta, Astarloza berri baten urtea?... Zeren urtea izatea nahiko zenuke?
Nire bigarren gaztaroaren urtea izatea gustatuko litzaidake. Aldaketa dezente izan da taldean; bederatzi atzerritar etorri dira, World Tourrean sartzeko helburuarekin. Lortu dugu, baina aurrerantzean euskaldunona da ardura guztia. Geuk daukagu interes handien taldea euskaldunok osatua izan dadin, eta geuk lortu behar ditugu puntuak horretarako. Hala, dezenteko pisua eta ardura daukat nik ere.
Hiru asteko atsedena hartu zenuen behin denboraldia amaituta, eta, Iñigo Mujikaren aginduetara, aldatu egin duzue prestaketa.
Bai... Iñigo Mujika bigarrenez etorri da taldera, baina orain ezagutu dut nik. Triatloi munduko ikuspegia dauka berak, eta oso gustuko dut. Betidanik gustatu izan zait asko entrenatzea; eskola zaharrekoa naiz. Oso gustura nago egiten ari den lanarekin. Gure esku zegoen bere aginduetara lan egitea, eta nik ez dut zalantzarik izan. Gustuko dut pertsona eta profesional gisa. Inoiz baino ordu gehiago aritu naiz entrenatzen, inoiz baino kalitate handiagoko entrenamenduak egin ditut, eta ea inoiz baino maila hobea ematea lortzen dudan.
Pisuz, potentziaz, sentsazioz... Zenbatean zaude une honetan?
Iaz baino hobeto nago. Iaz ere Paris-Nizara ondo iristea zen helburua, ondoren Kataluniako Volta eta Euskal Herriko Itzulia lehiatzeko. Baina sentsazio hobeak dauzkat aurten. Etxeko probara bete-betean iristea espero dut.
Denboraldia hasi, Australian World Tourreko lehen lasterketara joan, eta lurrera. Ez da modurik txukunena denboraldiari ekiteko.
Zazpi puntu eman zizkidaten ukalondoan; iaz Tourrean hautsi nuenean ez, bestean. Baina, tira, erorikoak ez dit askorik aldatu prestaketa. Entrenamendu gisa, itzulia amaitzea lortu nuen; handik etxera etorri, Mallorcara joan, Tenerifen hamar egunez lan egin, eta Paris-Nizan, Voltan eta Euskal Herriko Itzulian daukat jada burua.
Zer lortzen saiatzen zarete txirrindulariak Teide aldera joanda?
Bi helburu izaten ditugu: batetik, eguraldi ona ziurtatzea. Eta, bestetik, altuerak ematen dituen onurak lortzea. Prestaketa gisa, oso onuragarria da 2.000 metrora oxigeno gutxiagorekin lo egitea eta entrenatzea. Lehenengo aldiz izan dut esperientzia hori, eta oso gustura itzuli naiz etxera.
Tourra, Tourra eta Tourra. Besterik ez duzu edukitzen beti buruan. Baina, Tourraz gain, zer helburu jarri dizkiozu zeure buruari?
Niretzat, guztiaren gainetik dago Tourra. Beti esan izan dut niretzat ia zentzurik ez daukala Tourrik gabeko urteak, eta, ondo bidean, bederatzikoan izango naiz aurten ere. Iazko erorikoaren arantza ateratzeko eta Tour txukun bat egiteko ilusioa daukat.
Aurten Igor Anton eta Mikel Nieve izango dira taldeburuak Tourrean. Aldaketa izango duzue hor ere.
Talde berezia eramango dugu Tourrera. Azken urteotan Samuel Sanchez izan da taldeburua; buruan sailkapen nagusia zeukanez, berari laguntzera joaten ginen denok. Baina erabat etxeko taldea izango da aurtengoa. Garai bateko Euskaltel horren isla izango da. Talde borrokalaria, igotzailez jositakoa, helburu gisa etapa garaipen bat daukana.
Samuel Sanchez, Nieve, Anton, Jon eta Gorka Izagirre, Mikel Landa, Verdugo, Egoi Martinez... Non dago Astarloza talde berri honetan?
Lehengoa naiz ni. Garai batean, taldeburua izateaz gain, banekien lan egiten, eta ez nuen arazorik izaten lan egin behar zenean lan egiteko. Eta gaur egun ere berdin pentsatzen dut. Taldearentzat baliagarria izaten saiatzen naiz; taldeburu izan behar denean, taldeburu izaten, eta lan egin behar denean, lan egiten.
Urte bakarrekoa da kontratua. 33 urte beteta, eta taldearen filosofia berriarekin, beldurrik bai Euskalteleko azken denboraldia izango ote den?
Ez, ez. Nik, behintzat, bizpahiru urte gehiago segitu nahiko nuke, baina nire mailak zehaztuko du hori. Nire kirol ibilbidea ez nuke amaitu nahi maila txarrean, baina ezta punta-puntan ere.
Samuel Sanchez lehendik ere taldean zegoen, eta beste bederatzi atzerritar iritsi dira orain. Barru-barrutik, zer gogoeta egingo zenuke?
Asko aldatu da taldea, eta argi dago atzerritarrak fitxatu izanak zerikusi zuzena eduki duela horretan. Baina euskaldunok punturik ez geneukalako hartu zuten erabaki hori, eta autokritika egin beharra daukat nik ere; puntuak eskatu zizkidaten iaz, ez nituen lortu, eta, neurri batean, nire akats gisa hartu nuen erabakia.
Punturik gabe, taldean jarraitu zenuten batzuek, eta kanpoan geratu ziren beste batzuk. Hautsak harrotu zituen Amets Txurrukaren kasuak.
Tropelean daukadan lagunik onenetakoa da Amets, eta amorru handia eman zidan. Urtero egoten dira aldaketak, baina Ametsena ez nuen espero. Min handia eman zidan, harreman handia daukadalako berekin. Oso pertsona ona da, oso txirrindulari ona, eta soberako maila dauka World Tourrean aritzeko. Hiru itzuli handi egin zituen iaz; horrekin dena esanda dago. Pena izan da.
Fitxaketen kasuan, inork harritu al zaitu kalitateagatik, izaeragatik edo xehetasunen batengatik?
Salonikakoa da Ioannis Tamuridis greziarra, eta nabari da baduela gure gatazkari buruzko informazioa. Argi dago, hala ere, Tarik [Chaufi] dela ezberdinena. Urrutira joan gabe, Ramadana egingo du uztailean, eta, tarte horretan, ezingo da lehiatu. Hizkuntzagatik eta adinagatik, sarritan tokatu zait jada logelan atzerritarrekin egotea, eta saiatzen ari naiz gure kultura pixka bat azaltzen. Lau hitz euskaraz botatzeak lagundu egingo die taldera eta ingurura egokitzen.
Mikel Astarloza. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Sentsazio hobeak dauzkat aurten»
Gorabeheratsuak izan dira Mikel Astarlozaren azken urteak, baina lasaitasuna berreskuratu du. Euskal Herriko Itzulia eta Tourra dauzka jomugan, eta garaipen bat buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu