Sentipen onak itzuleran

Ion Areitio eta Irene Caminos trial txirrindulariek gogoz eta ilusioz ekin diote sasoiari. Disfrutatzen segitu nahi dute, eta aurten Abu Dhabin jokatuko den Munduko Txapelketa dute begiz joa.

Irene Caminos, Espainiako Kopako lehen proban, Murtzian. IRENE CAMINOS.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ion Areitio trial txirrindularia (Hondarribia, Gipuzkoa, 1992) ia bi urte eta erdi egon da lehiaketetatik kanpo, belauneko lesio bat eta ondoren izandako konplikazioak tarteko. Denbora asko da goi mailako kirolari batentzat, eta une «gogorrak» pasatu dituela aitortu du. Baina indarberrituta itzuli da, fisikoki eta mentalki. Espainiako Kopako lehen proban aritu zen hilaren 13an, eta sentipen onak izan zituen, uste baino hobeak. «Ez nuen espero lehiatzeko orduan neure burua psikologikoki horren ongi ikustea, ezta fisikoki ere. Balantzea oso positiboa da». Murtzian (Espainia) izan zen proba.

Itxialdiaren ondorengo lan saioetara itzuli eta gutxira hartu zuen min Areitiok. Ebakuntza egin zioten, baina gauzak okertu egin ziren gero. «Bakterio bat bilatu zidaten belaunean. Bigarren ebakuntza hori dezente gogorragoa izan zen». Lesionatu zenean trialetik «apartatu» zela adierazi du: «Ez ditut lehiaketak ikusi, eta ez dut aurkarien jarraipena egin». Baserrian hartu du babes, hango eguneroko lanetan: «Baserria niretzat beti izan da oso garrantzitsua, eta oraindik ere bada». Halere, etenaldian, beti izan du presente triala: «Gorputza hobeto sentitzen hasi nintzenean, fisikoki hobeto nengoenean, trialean berriro hasteko grina sortu zitzaidan. Behin ere ez dut pentsatu bizikleta uzteko garaia iritsi denik».

Bi urte eta erdiren ondoren itzuli da lehiatzera, hain zuzen. Eta, aspaldiko partez, disfrutatu egin zuen Murtzian. «Asteburuan inoiz baino gehiago gozatu nuen triala egiten. Lesioa izan aurretik, beste perspektiba bat nuen kirolarekiko: helburu finko batzuk nituen. Asteburuko sentsazioa guztiz desberdina izan zen». Dominak lortzeko lehian egon nahi du berriro, baina bestelako bizipen eta esperientzietan ere arreta jarriz, eta horiei balioa emanez.

Bide horretan, Munduko Txapelketara joatea da haren nahia denboraldi honetan. Abu Dhabin (Arabiar Emirerri Batuak) egingo da, azaroan. Han izateko sailkatu nahi du: «Momentu honetan, Espainiako selekzioaren barruan nago, baita egiten diren entrenamenduetan ere. Baina azaroan izango da Munduko Txapelketa, eta hara joateko postua irabazi behar dut». Halere, Murtzian izandako sentipenekin jarraituz gero, onartu du «gehiagorako» aukerak ere izan ditzakeela. Oraingoz, baina, hor jarri du xedea.

Irene Caminosek ere (Tolosa, Gipuzkoa, 1998) Munduko Txapelketan du begirada jarria: «Hori da helburu garrantzitsuena. Urte guztiko lana egun batean jokatzen dugu; proba batera da». Azkenekoan ezin izan zuen parte hartu, lehiaketa hasi baino bi egun lehenago koronabirusean positibo eman zuelako. Gaitzak gogor jo zuen, gainera, eta galarazi egin zion gero Munduko Kopan bere onena ematea. Indarrak berrituta itzuli da orain, eta ondo ekin dio denboraldiari. Caminosek ere Murtzian izan zuen sasoiko lehen proba, Espainiako Kopan. Hirugarren postua lortu zuen. «Oso gustura nago. Lehengo urtean gauzak ez zitzaizkidan nahi nuen moduan atera. Asko prestatu nintzen Munduko Txapelketarako, eta ezin izan nintzen joan. Denboraldia nahiko markatuta geratu zitzaidan. Aurten sentsazio onekin hastea nahi nuen. Eta, ematen duenez, ondo hasi gara». Ilusioz ekin dio sasoiari, eta badu beste pizgarri bat ere: «Ion berriro bueltan da. Bere falta sumatzen nuen». Trialeko entrenamenduak elkarrekin egiten saiatzen dira.

Garaipen zerrenda oparoa dute bi trial txirrindulariek. Areitiok Europako Txapelketa irabazi zuen 2018an, baita taldeka Munduko Txapelketa ere; urte horretan, bigarren egin zuen banakakoan. 2016an, 2017an eta 2019an, berriz, brontzezko domina eskuratu zuen Munduko Txapelketan. Caminosek ere brontzezko domina lortu zuen 2017an Munduko Txapelketan, banaka; urrezkoa, berriz, taldeka, 2018an. Iaz Europako txapeldun ere izan zen.

Tolosarrak onartu du kostatu zitzaiola lorpen horiei balioa ematea: «Brontzezko domina 2017an lortu nuen, eta ez dut sinetsi duela gutxi arte. Ionekin batera eskuratu nuen; biok lortu genuen hirugarren postua. Oso polita izan zen».

Ametsa ere berbera dute: banaka ostadar maillota lortzea; hau da, Munduko Txapelketa irabaztea. Lanean jarraituko dute horretarako. Areitio: «Ez dakit lortuko dudan ala ez, baina, behintzat, trialean lehiatzen jarraitzen dudan momentutik hori izango da nire azken helburua, edo betetzeko geratzen zaidan bakarra».

Elkarrekin bidea urratuz

Areitiok eta Caminosek pasioz hitz egiten dute trial txirrindularitzaz. «Trialari dena zor diot», onartu du Hondarribikoak. Estimu handia diote elkarri, eta nabaritzen da harreman ona dutela. Caminosek adierazi du bidelagun duela Areitio: «Ion nire anaia bezala da. Hasi nintzenetik bera izan dut alboan. Bide honetan asko lagundu dit, eta asko dut eskertzeko». Aldebikoa da sentipena, eta Areitiok azpimarratu du «bidaide ezin hobea» dela Caminos.

Sarritan elkarrekin entrenatzeaz gain, elkarrekin joan ohi dira txapelketetara, eta dominak ere lehiaketa berean lortutakoak dira. Pasadizo moduan, hala kontatu du Areitiok: «Azkeneko Munduko Txapelketan ez nuen parte hartu, belaunetik lesionatuta nengoelako. Bera [Caminos] hautatuta zegoen, baina azkenean ez zen joan, positibo eman zuelako. Anekdota izan zen: zu ez bazoaz Munduko Txapelketara, ni ere ez noa [barrez]». Hala, bidea urratzen segitzeko asmoa dute, elkarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.