Kirol taldeen bat egitea

Sentimenduen prezioa

Azkenean, bertan behera geratu da Miarritzek eta Baionak bat egiteko proposamena, baina Euskal Herrian badaude batuta indartutako proiektuak. Pasai Donibane eta Koxtape, eta Athletic eta Leioa dira bi adibide.

BOB EDME.
unai zubeldia
2013ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ezetz, urdina gorriarekin ezin dela nahastu. Zelaiko lokatzetan trabatuko litzatekeela proiektua. «Ezin dut gure kluba, juridikoki, ekonomikoki eta fiskalki sendoa dena, bide itsuan engaiatu». Hortxe Alain Afflelou Baionako presidenteak Baiona eta Miarritzeren arteko bat egiteari joan den astean eraiki zion horma. «Duela egun batzuk Serge Blancok [Miarritzeko presidentea] segurtatu zidan Miarritzeren finantza egoera ona zela. Baina bestelako informazioa daukat orain». Astebeteko gezur txiki bat izan zen dena.

Lapurdi aldean bote okerra ematen jarraituko du baloiak. Bi zati txiki elkartuta egiten diote askok iskin diru krisiari, baina, gehiegitan, ezinezkoa izaten da sentimenduak erosteko adina diru pilatzea. Saiatu zen Nafarroako Gobernua San Antonio eta Anaitasuna Iruñeko eskubaloi taldeak elkartu, harrobia oinarri gisa hartu eta hirian proiektu sendo bat sortzen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostia eta Hondarribiko udaletxeen ekimenez, saiatu ziren Gipuzkoa EHU eta Hondarribia-Irun lurralde txiki bateko bi proiektu xume bateratu eta Gipuzkoako saskibaloia pixka bat gehiago goratzen. Joan Villadelprat Epsilon Euskadiko buruaren eskutik, Euskal Herriko egitura horrek ere egin zizkion keinuak Hispania Espainiako taldeari 1 Formulan erritmo aldaketa hobeak egin ahal izateko...

Baina ez. Urdina gorriarekin ezin izaten da nahastu askotan. Sentimenduek eta interesek ez dute izaten prezio jakinik. San Antonio desagertu da dagoeneko —ekonomikoki ez zen bideragarria proiektua—; Hondarribia-Irunek ere ez du saskiratze gehiago egingo —zuzendaritza aldaketa izan zen, eta klubak zorrak zeuzkan langileekin—; Epsilon-Euskadik ere ahaztu zuen 1 Formulan aritzeko amets erraldoia... Krisiak eta dirurik ezak jan egiten ditu proiektu xumeak, eta arrisku horri iheska sortu dira, Euskal Herrian bertan, egitura sendoetako batzuk. Urdaibai arraun kluba da adibiderik onentsuena. Elantxobe, Mundaka eta Bermeoko arraun elkarteak batuta, 1992an eman zituzten lehen pausoak, eta San Miguel ligako klubik indartsuenetako bat da egun. Lau liga irabazi ditu (2004, 2007, 2008 eta 2010), Kontxako bi bandera ere bai (2010 eta 2011), Euskadiko hiru txapelketa (2007, 2008 eta 2011), Bizkaiko zazpi txapelketa (1999, 2001, 2002, 2003, 2004, 2007 eta 2008)...

2.000 biztanleko herria, larri

«Sakabanaketa prozesu batek ahuldu egiten du beti edozein proiektu, eta batuketak, indartu». Jakintzaren izenean hasi da hizketan Paco Prieto, San Juan arraun taldeko presidente eta entrenatzaile ohia. «2.000 biztanle eskaseko herria da gurea». Eta are txikiago geratu zen 1991n. «Hainbat arrazoi tarteko, arraunlari batzuek beste proiektu bat sortzea erabaki zuten, baina zale eta bazkide gehienek gure ondoan jarraitu zuten».

Koxtape batetik, eta Pasai Donibane bestetik. «Oso gogorra izan zen, eta ia hutsetik hasi behar izan genuen berriz». Harrobiarekin lan handia egin izan du eta egiten du klubak. «Baina, ezohiko neurri gisa, etxeko arraunlari gutxi geneuzkanez, errumaniar batzuk fitxatu behar izan genituen». Herria bitan zatituta, uretan arrosa koloreko bi ontzi —Koxtape eta Donibaneko Arraunlariak—, giroa arraro samarra... Ez zen giro Pasai Donibanen.

Zorionez, giroa baretzen hasi zen 2002an, banaketak zentzurik ez zeukala-eta bi aldeek elkarrekin eseri eta batuta aurrera egin beharra zeukatela erabaki zutenean. «Izenaren eztabaida sortu zen orduan», azaldu du Prietok. «San Juan eskatzen zuten eurek, eta batzuek ezetz esaten zuten. Baina nik ez neukan arazorik, betidanik herriaren izena eduki izan duelako gure traineruak». Bi urteko baiezko eta ezezkoaren arrastoari segika, bi proiektuak bat eginda, arrosa kolorea bizitu egin zen 2002an, eta KAE 1 ligatik sartu-irtena eginda ere, egun sendotzen ari da proiektua. Urrutira joan gabe, denboraldi honetan, oso talde gaztearekin, zazpigarren amaitu dute San Miguel liga, San Pedroren aurretik.

Uretatik atera gabe, badaude beste bi adibide on: Getaria-Tolosa bat, eta Donostiarra bestea. Emakumezkoetan, nork bere aldetik jota nahikoa lan izango zuela-eta, Tolosako hamar arraunlari, Getariako zortzi eta Orioko bi elkartu ziren 2009an. Eta berehalakoa izan zen erantzuna, Euskotren Ligan O'Groveko bandera irabazteko gai izan zirelako, ligan bigarren postua eskuratu zutelako, Kontxako Banderan hirugarren amaitu zutelako, eta Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketetan kolpe ederrak eman zituztelako, bi lehiak irabazita. Iazko abendura arte segitu zuen proiektuak indarrean, eta bandera asko astindu zituzten Getaria-Tolosako arraunlariek. Ezustean iritsi zen bat egitea, eta ezustean behin betiko etena. Baina bi proiektu xumeren batasunak zenbateko indarra izan dezakeen erakutsi zuen Getaria-Tolosaren bide motz baina bikainak: Kontxan bi aldiz bigarren (2010 eta 2011) eta bi aldiz hirugarren (2009 eta 2012); ligan behin txapeldun (2011) eta beste behin hirugarren (2012); Euskadiko lau titulu (2009, 2010, 2011 eta 2012); Gipuzkoako bi (2010 eta 2011)...

Eztabaida handiagoa sortu zuen gizonezkoetan Ur-Kirolak eta Arraun Lagunak-en bat egiteak. Arraunlari eta diru beharrean, 1996an indarrak batzea erabaki zuten Donostia eta Arraun Lagunak-ek. Hiri bakarrean onenengandik urrun samar zeuden bi klub ezinean ikusita, udalarekin hizketan hasi eta proiektu bakarra sortzea adostu zuten 2007an: Donostiarra. 2009an Fortuna elkartu zitzaien, eta Kiriko gero. Gorako bide horretan nahi baino motelago dabil proiektua, baina oinarri sendoak dauzka jarrita. Denboraldi honetan zazpigarren postuan amaitu du Donostiarrak KAE 1 ligan, Zierbena, Lekittarra, Santurtzi, Getaria, Trintxerpe eta Ondarroaren atzetik.

Hiru adibide besterik ez dira Pasai Donibane, Getaria-Tolosa eta Donostiarra, Euskal Herrian bertan proiektu asko sendotu direlako indarrak batuta. Athleticen emakumezkoen taldearena, esaterako. Horixe da arrakastaren adibiderik argienetako bat. Nerea Onaindia jokalari ohiak gertu-gertutik bizi izan zuen prozesu guztia. «Sondika taldea dago guztiaren oinarrian. Goi mailan geunden orduan, ligako lehen postuetan beti. Baina zuzendaritzarekin arazoak izaten genituen beti; baldintza txarrak, lan guztia guk egin behar...». Kirol maila gora, eta egunerokoa behera, erdi kasualitatez sortu zen egitura hura Leioara pasatzeko aukera. «Gure ekimenez, Sondika izenarekin eta Leioako Udalarekin elkarlanean, txapelketa bat antolatu genuen Leioaren instalazioetan».

Hain arrakastatsua izan zen hiru eguneko txapelketa hura, egitura Sondikatik Leioara igarotzeko proposamena egin zieten. «Oso txarra zen egoera, eta baiezkoa eman genien. Mingarria izan zen Sondika desagertzea, 1970ean sortutako proiektua zelako». Baina, behe-behetik hasi behar izanda ere, etorkizunaren aldeko apustua egin zuten jokalariek. Gorako pausoak emanda —bigarren taldea eta futbol eskola ere sortu zituzten bide horretan—, Superligara igotzeko zorian zeudela iritsi zen Athleticen eskaintza. «Ernesto Valverderen eskutik. Athletic B-ren entrenatzailea eta Andoni Zubizarreta kirol zuzendariaren ondokoa zen garai hartan Valverde». Zalaparta handirik sortu gabe, «sekretupean», 2002ko udan eman zuten behin betiko pausoa. «Javier Uria zen orduan Athleticeko presidentea».

Arazo handiak Lamikizekin

Lehen hiru urteetan Leioako egitura izan zenaren esku zegoen proiektuarekin aurrera jarraitzea edo bertan behera uztea—Leioako hiru ordezkari sartu ziren Athleticen zuzendaritzan—. «Baina denok ados geunden bat egitearekin». Laugarren urtean izan zen krisi txiki bat, Fernando Lamikiz presidenteak Iñigo Juaristi entrenatzailea eta bere taldea kanporatu zituenean. «Momentu zailak izan ziren, arazo handiak izan genituelako. Baina hanka-sartzea onartu, berriz ere Iñigoren lantaldeari deitu, eta ondo bideratu zen dena». Onaindiak ez dauka zalantzarik bat egitearekin proiektua sendotu egin zela, eta ligako lau tituluak dira horren erakusgarri. «Oraindik asko falta da profesionalizazio bidean, baina askoz larriago egongo ginen Leioan, hango egiturarekin jarraitu izan bagenu».

Batzuetan diruak agintzen du, besteetan bihotzak... baina, krisi hotsen eraginez, geroz eta proiektu gehiago ari dira bilatzen ondokoaren epela. Txirrindularitzara ere iritsi da bat egiteen indarra. Bakarrak nahikoa indar ez, eta talde erraldoiak ari dira gorpuzten bat eginda. RadioShack Leopard eta Omega Pharma-Quick Step izan dira adibideetako bi, 2013ko World Tourreko talderik onenen artean laugarrena eta zazpigarrena, hurrenez hurren. Askotan ezinezkoa izaten da sentimenduak erostea, baina diruaren presioak jartzen dio prezioa, sarritan, derrigorrezko bat egiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.