Hirugarren urtez jarraian, Eibar bete-betean sartuta dago Lehen Mailara igotzeko borrokan. Aurreko bi sasoietan bezala, zuzenean igotzeko aukera izango du ligako azken jardunaldian. Edozein moduz, ez da erraza izango: batetik, Ipuruan Oviedori irabazi behar diolako, eta, bestetik, nahitaezkoa zaiolako Leganesek Elxen aurka galtzea ere —Elxek ez du ezer jokoan—. Bi neurketak bihar jokatuko dira, 18:30ean (Movistar La Liga).
Hortaz, badirudi Joseba Etxeberriaren taldeak kanporaketen bitartez ahalegindu beharko duela beste behin desiratutako igoera hori lortzen. «Fedea ez da sekula galdu behar, baina zaila dirudi zuzenean igotzea. Oviedo sasoi onean dago, eta Leganesek Elxeren aurka galtzea zail ikusten dut, gainera», esan du Mikel Arruabarrena (Tolosa, Gipuzkoa, 1983) Eibarreko jokalari ohiak. Kanporaketak jokatuta bada ere, Arruabarrena baikortasunez mintzo da, eta uste du taldea datorren denboraldian Lehen Mailakoa izango dela. «Oso partida onak egin dituzte, eta edozeini irabazteko gai direla ikusten dut. Zorte apur bat ere behar izaten da halakoetan».
Etxean talde fidagarria izan da Eibar, eta gola sartzeko erraztasuna izan da taldearen bertuterik azpimarragarriena; 68 gol sartu ditu, beste edozein taldek baino gehiago. Alta, denboraldi hasieratik amaierara arte, defentsako lanean gabeziak izan ditu, eta sailkapenaren goiko zatian dauden taldeen artean gol gehien jaso dutenetako bat da. «Zenbat eta gol gutxiago jaso, igotzeko orduan eta aukera gehiago daude. Talde erasokorra da Eibar, baloiarekin arriskatzea gustuko du, baina askotan gaizki kokatuta harrapatzen dute baloia galtzen duenean. Hori da taldeak erakutsi duen ahulezia nabarmenena. Lehen Mailara igotzeko, oreka bat behar da; fidagarria eta eraginkorra izan behar duzu zelaiaren bi aldeetan».
Kanporaketei begira, Eibarrentzat oso garrantzitsua litzateke azken jardunaldian hirugarren postua bermatzea; izan ere, itzulerako partida etxean jokatzeaz gain, luzapenaren ostean partidak berdinduta jarraituko balu, sailkapenean hobekien kokatuta dagoenak egingo luke aurrera. Espanyol, Oviedo, Santanderko Racing eta Gijongo Sporting, lau horietatik hiru sailkatuko lirateke Eibarrekin batera kanporaketak jokatzeko, eta lau talde horien kontra Eibarrek emaitza txarrak bildu ditu: jokatu dituen zazpi partidetatik bakarra irabazi du, bi berdindu, eta lau galdu. «Bai, egia da talde horien kontra ez dituela emaitza onak bildu, baina, era berean, Leganesi bi partidak irabazi dizkio, eta Valladolidi ere bi neurketetako bat aise irabazi zion. Beraz, ez dut uste Eibar talde horiek baino txarragoa denik. Defentsan sendoago aritzea lortzen badu, edozein zelaitan irabazteko kapaz da. Hori ez ezik, aurrean duen gaitasuna dela eta, partida bakar batean kanporaketa erabakitzeko gai dela iritzi diot».
«Defentsan sendoago aritzea lortzen badu, edozein zelaitan irabazteko kapaz da Eibar. Zenbat eta gol gutxiago jaso, aukera gehiago daude igotzeko orduan».
MIKEL ARRUABARRENA Eibarreko jokalari ohia
Igoera zuzenak modu krudelean ihes egin zion Eibarri aurreko bi denboraldietan, eta taldeak asko nabaritu zuen hori kanporaketak jokatzeko orduan. «Aurten, ordea, ez dut uste hainbeste eragingo dionik, nire ustez jokalariak jada kanporaketak jokatzean pentsatzen hasita daudelako. Helburua goiko postuetan egotea zen, eta aurreko bi denboraldietan taldeari mailaz igotzea exijitzen zitzaion».
Bi kolpe gogor horiek hartu eta gero, Arrubarrenaren iritziz, «meritu handia» du hirugarrenez jarraian borroka horretan jarraitzeko gaitasuna izateak. «Argi dago ez igotzea dezepzioa litzatekeela, behin hor zaudela ikusten duzuenean helburua igotzea bilakatzen baita. Hurrengo urteetan are eta zailagoa izango da, baina taldeak erakutsi du baduela gaitasuna berriz ere hor egoteko».
«Jarraitutasuna» eman
Helburua beteta edo bete gabe, badirudi Joseba Etxeberriak Eibarren aulkian jarraituko duela, martxoan 2025eko ekainera arte luzatu baitzuen kontratua. «Josebak lan bikaina egin duela uste dut, eta merezitako kontratu berritzea da. Taldeari entrenatzaile berarekin jarraitzeak mesede egingo lioke. Berritzea igoerari lotuta ez egoteak esan nahi du kluba eta jokalariak entrenatzailearekin gustura daudela, eta egitasmoari jarraitutasuna eman nahi zaiola».
Dena den, Eibarrek oraindik aukera dauka bihar zuzenean igotzeko.
Ligako azken jardunaldian mailari eustea bere esku dauka Amorebietak, eta hori ez da gutxi denboraldiaren zati handi batean Bizkaiko taldeak sailkapenean izan duen egoera ikusita. Jandro Castroren taldeak sailkapenean aurretik duen Mirandesen zelaian jokatu behar du bihar final itxurako partida (18:30), eta irabazteak baino ez dio balio datorren denboraldian Bigarren Mailako taldea izan nahi badu. Kontrako boladan datozen bi talde dira: Amorebietak zazpi puntu eskuratu ditu azken hiru partidetan; Mirandesek, berriz, bi baino ez. Espainiako taldeak bidalitako sarrera guztiak bukatu dira, eta, beraz, Amorebietak 763 zaletik gora izango ditu taldea bultzatzen Miranda Ebroko (Espainia) Anduva futbol zelaian.FINAL ITXURAKO PARTIDA DAUKA AMOREBIETAK