Sendotasuna baino gehiago, joa dauka

Ligan hiru puntuko puntuazio sistema ezarri zutenetik, Athleticek inoiz ez du aurten bezain ondo hasi txapelketa. Erasoan fin ari da talde zuri-gorria, 23 gol sartu baititu; defentsan, ordea, hobetu beharra du, hamazazpi sartu dizkiote eta

Athleticeko jokalariak, denboraldi honetan San Mamesen sartutako goletako bat ospatzen. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Ligan duela ia 30 urte aldatu zuten puntuazio sistema. Ikuskizunaren mesedetan, eta, partidak irabazteko ahalegina sustatze aldera, garaipen bakoitzaren truke hiru puntu eskuratzen hasi ziren taldeak, bi lortu beharrean. Bada, 1995etik hona, Athleticek inoiz ez du aurten bezain ondo hasi denboraldia. Emaitza hobeak topatzeko, 1980ko hamarkadara jo behar da, Athleticek azken txapelketak irabazi zituen urteetara, hain zuzen ere. Talde zuri-gorriak 24 puntu eskuratu ditu lehen hamahiru jardunaldietan, batez beste ia bi puntu partidako. Horri eskerrak, bosgarren postuan iritsi da denboraldiko bigarren etenaldira. Horri guztiari azken partidan azken jokaldian eta penaltiz irabazi izana gehituta, jarraitzaileak pozez txoratzen daude taldearekin, ilusioz gainezka. Bistan da txapelketaren lehenengo herenean goiko postuetan egotea ez dela kasualitate hutsa. Taldeak gauza asko ondo egin dituen seinale. Baina dena ez da ona. Emaitza bikainen atzean, badago zer hobetu ere.

ERASOAN, ERAGINKOR

Erasoko jokoan erakutsi duen indarra, horixe da Athleticen emaitza onen oinarri nagusia. Zuri-gorriek 25 gol sartu dituzte: batez beste, ia bi gol sartzen dituzte partidako. Sailkapenean aurrean dituen lau taldeek dute zuri-gorriek baino gol sen handiagoa. Estatistika bitxia da oso. Izan ere, ate aurrean erakutsitako ezina izan da taldearen gabezia nagusia azken denboraldiotan. Bada, sasoi honetan atea handi ikusten dute. Eta ez da jokalari baten edo biren etorriaren ondorioa.

Guztira hamabi jokalarik sartu dute gutxienez gol bat sasoia hasi zenetik. Horrek arreta futbolari askorengan jartzera behartu ditu aurkariak, eta, bestalde, presioa kendu die golak sartzeko ardura duten futbolariei. Lasaiago aritzeko aukera eman die. Eta nabari da. Gorka Guruzeta askatu egin da. Erdiko aurrelari donostiarra asko hobetzen ari da jokoaren arlo guztietan: defentsan, presioa egitean, bizkarrez jokatzean, joko aukerak sortzean... Gauza askotan laguntzen ari da, eta, gainera, sei gol sartu ditu. Ligako lehen herena bete orduko berdindu du iazko marka.

Valverdek erdiko aurrelari bat aurkitu du, eta horrek aukera eman dio Iñaki Williams eskuin hegalean jartzeko, hegala baita haren lekua. Defentsak hankaz gora jartzeaz gain, asmatzen ari da ate aurrean. Bost gol sartu ditu. Haren kirol ibilbideko boladarik gozoenean dago. Bestalde, begi bistakoa da Sancet harribitxia izar bihurtua dela jada. Erdilari aurreratu nafarra taldeko erreferenteetako bat da. Hiru gol sartu ditu. Athleticen erasoko lauko magikoa osatzeko, Nico Williams dago. Anaietan gazteenak gol bakarra sartu du, baina haren sei pasek sare barruan amaitu dute.

ERDIAN, SORTZAILEAGO

Aurrelariek gol sena izan behar dute ate aurrean asmatzeko, baina, aukerak sortzeko, aurrez bidea egin beharra dago. Arlo horretan, zelai erdian egiten den lana ezinbestekoa da aurkariaren armiarma sarea zulatzeko. Iñigo Ruiz de Galarreta erraz aritzen da zeregin horretan. Athleticek bete-betean asmatu du eibartarra fitxatuta. Jokalari osoa da, defentsan eta erasoan lagundu dezakeena. Baloia oinetan duenean ia beti hartzen du erabakirik egokiena. Baina ez da sormen lanean fin ari den bakarra. Ander Herrerak jokatu du eibartarrak min hartu duenean, eta ondo erantzun du. Arazo fisikoek utzi diotenean, Athleticera itzuli zenetik izandako mailarik onena erakutsi du. Albiste ona da hori talde zuri-gorriarentzat.

DEFENTSAN, ZALANTZATI

Dena ez da izan, ordea, ona talde zuri-gorrian. Sailkapenak ez ditu islatzen Athleticek defentsan dituen arazoak. Talde zuri-gorriari zazpi gol sartu dizkiote azken hiru partidetan. Hamazazpi gol izan dira guztira. Unai Simon bolada gozoan dago, eta. haren ekarpenagatik ez balitz, askoz gehiago izango ziren. Lehenengo hamar sailkatuen artean talderik txarrena da, Rayo Vallecanorekin batera. Jakinda Athleticek ezin izango diola sasoi guztian eutsi orain arte erakutsi duen joari, funtsezkoa da atea hobeto zaintzea. Baina ez da erraza izango. Batetik, Valverderen taldea arriskuak hartu zalea delako. Athleticek aurkariaren zelai zatian jokatzea du gustuko. Presioa aurrean egiten du, eta teknikariak futbolari asko bidaltzen ditu erasora. Horren ondorioz, sarri askotan erdiko atzelariek buruz buruko lehiak izaten dituzte kontrarioaren aurrelariekin. Azken urteotan, Iñigo Martinez eta Yeray indartsu aritu dira zeregin horretan, baina Viviani eta batez ere Paredesi gehiago kostatzen zaie. Babes gutxirekin jokatzeak norberaren muga guztiak azaleratu ditzake. Erasoko eta defentsako jokoan oreka lortzea da irtenbidea, baina ez da erraza izango; eta, atzeko pitzadurek bere hartan irauten badute, Athleticek behera egingo du sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.