Pilota

Senarrek ederki baliatu du binakakoaren aukera

Ataundarrak Artola ordezkatu du, eta bikote sendoa osatu du Mariezkurrenarekin. 15-22 garaitu dituzte irabazi ezinda jarraitzen duten Peio Etxeberria eta Martija. Egoera berean daude Peña II.a eta Albisu; 22-14 galdu dute Elordiren eta Zabaletaren aurka.

Senar, urdinez, errematea egiten, Peio Etxeberriaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Senar, urdinez, errematea egiten, Peio Etxeberriaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 30a
20:05
Entzun

Binakako Txapelketako bi partida jokatu dira gaur arratsaldean. Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa) nagusitasun osoz gailendu dira Beñat Senar —Iñaki Artola ordezkatu du—eta Jon Mariezkurrena Peio Etxeberriaren eta Julen Martijaren aurkako partidan (15-22). Beste partidan, berriz, Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak aise hartu dituzte mendean Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu (22-15), Zallan (Bizkaia).

Azken orduan min hartu du Iñaki Artolak, eta ezin izan du partida jokatu. Azkenaldian burua altxatu ezinda dabil alegiarra. Hankan hartu zuen min lehendabizi, eta bi partida galdu zituen. Azken partidan pilotakada bat jaso zuen buruan, eta puntuak jarri behar izan zizkioten. Gaur, berriz, sabelaldeko zuntz haustura batek utzi du partidatik kanpo.

Beñat Senar ataundarrak hartu du Jon Mariezkurrenarekin jokatzeko ardura, eta ez du huts egin. Mariezkurrenak neurketa osoa jokatu du, baina Senarrek ederki eutsi dio Peio Etxeberriari aurreneko koadroetan. Eta hitz handiak dira horiek. Lehen aldia zuen maila goreneko binakakoan. Hasiera-hasieratik hartu dute aurrea Senarrek eta Mariezkurrenak. 1-5 aurreratu dira, eta 6-12 joan dira lan erdietara. Partidaren bigarren partea parekatuagoa izan da, baina gorriek ez dute markagailuan gerturatzerik izan.

Gauzak horrela, Artola-Mariezkurrena bikotea bigarren postuan da orain, bost garaipenekin. Peio Etxeberria eta Martija gozakaitz aritu dira une oro. Martijak nahikoa lan izan du Mariezkurrenaren joari eusten, eta Peio Etxeberria ere gozakaitz aritu da. Bikote sendoa zirudien zozketaren egunean, baina lehen itzulia bukatu den honetan, ez dute garaipenik eskuratu.

Arratsaldeko beste partidan oso faborito ziren Elordi eta Zabaleta, eta hasiera oso onarekin alde handia lortu dute berehala: 14-5. Ia erabakita zegoen partida, eta hortik aurrera asko jaitsi da partidaren erritmoa. Peña II.ak eta Albisuk garaipenik eskuratu gabe jarraitzen dute oraindik, Peio Etxeberriak eta Martijak bezalaxe. Aspeko bikoteak, berriz, azken partidako arantza ateratzeko baliatu du partida. Orain, hiru bikote daude berdinduta bigarren postuan: Elordi-Zabaleta, Laso-Iztueta eta Artola-Mariezkurrena.

Lehen itzuliaren azken tantak

Ostegunean, hilaren 2an, amaituko da multzoen faseko lehen itzulia. Orain arteko lehen bi sailkatuak ariko dira nor baino nor gehiago, Azkoitian (Gipuzkoa): Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta, eta Unai Laso eta Martxel Iztueta (17:00, ETB1). Egun bat lehenago jokatuko dute Jokin Altunak eta Aitor Arangurenek Erik Jakaren eta Ander Imazen aurka. Bi bikoteek bina garaipen eta sei porrot bildu dituzte orain arte, eta Eibarko Astelenan apurtuko da bien arteko oreka. Hori izango da 2025ean jokatuko den aurreneko partida binakakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.