Sena berreskuratzeko garaia

Hamasei lehiatan bi gol besterik ez du sartu Ante Budimirrek, baina erruz sartzen ditu beti bigarren itzulietan. «Boladaka diharduen aurrelaria» da, Oriol Rieraren ustez.

Ante Budimir Osasunako jokalaria, Espanyoli sartutako gola ospatzen, Chimy Avila eta Diego Moreno taldekideekin. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ate aurrean sarri asmatzeko, arreta behar den lekuan jarri behar du aurrelariak. Zentzumen guztiak zorroztu, eta modu koordinatuan erabili behar ditu. Bestela, oso lan nekeza bihurtzen da markagailuan eragina izatea. Galde diezaiotela, bestela, Ante Budimirri (Zenica, Bosnia eta Herzegovina, 1991). Galdu egin du usaimena, aurkarien atea bistatik galdu duen bezala. Baloiaren fereka ez, atzelarien kolpeak sentitu ditu ukimenaren bidez; eta laudorioen ordez, kritikak iritsi zaizkio belarrietara. Hartara, aho zapore mikatza utzi dio orain arteko jardunak. Osasunan lasai daude, ordea, kroaziarrak sena berreskuratzen baitu lanen erdiak egin ostean: 21 gol sartuak ditu gorritxo gisa, eta horietatik hamazazpi garai horretan sartu ditu.

Haren datuek era esponentzialean egin izan dute gora bigarren itzulietan, eta oraingoan ere berdin gertatuko dela esan du Oriol Rierak (Vic, Herrialde Katalanak, 1986), konbentzimendu osoz esan ere. «Oso zaila da sasoi bakarrean hamar gol baino gehiago sartzea, eta bera horretarako gai izan da. Denboraldia luzea da, eta ziur naiz laster ikusiko dugula Budimirren bertsiorik onena». Rierak hamahiru sartu zituen 2013-2014ko denboraldian elastiko gorritxoarekin. Kroaziarrari presioa kentze aldera, azaldu du «oso zaila» dela Osasunako aurrelari izanik gol mordoa sartzea. «Lan kolektiboak beste talde batzuetan baino garrantzi handiagoa du, eta horrek asko higatzen ditu aurrelariak».

Edozein moduz, deigarria da Budimirrek orain arte bi gol bakarrik sartu izana. Lehena urriaren 20an sartu zuen, Espanyolen aurka, eta hamar partida itxaron behar izan zuen baloia berriro sareratzeko. Iragan larunbatean eten zuen agorraldia, kontrario beraren aurka. Kroaziarraren ezintasunak «zergati asko» ditu, Rieraren iritziz. «Taldearen jokamoldea» aipatu du lehenik. «Osasuna trantsizio bidez ari da jokatzen: defentsan denak elkarrekin daude, eta, gero, kontraerasora irteten dira. Bada, Budimir bezalako aurrelari batentzat ez da erraza hala jardutea». Area da haren habitat naturala. «Ni ere halakoa nintzen. Areatik kanpo sufritu egiten du, nahiz eta itzalpean taldeari ekarpen handia egiten ari zaion».

Eta zertan datza ekarpen hori? «Baloiak lurrera jaisten eta jokaldiei jarraipena ematen laguntzen du, eta asko borrokatzen da atzelariekin». Horren erakusgarri da Espanyolen aurka bekain ondoan atera zitzaion konkorra. Alabaina, golak sartzetik bizi da aurrelaria, eta Budimir antzu ibili da aspaldian. Mentalki nola eragiten du halako bolada batek? «Nik beti zazpi partidako langa jartzen nuen. Hortik gora, golik gabeko aldiak oso gogorrak izaten dira; areago, beste aurrelari batzuk une gozoan daudela eta taldeari puntuak ematen ari zaizkiola ikusten baduzu [Chimy Avilak zazpi gol daramatza]».

Osasunak zortzi milioi euro ordaindu zituen 2021ean Budimirren truke. Klubaren historiako jokalaririk garestiena da. Halere, Rierak ez du uste hori zama denik kroaziarrarentzat. «Ekarpen handia egin du dagoeneko, eta jada amortizatuta dago haren truke ordaindutakoa». Kontrara, uste du Munduko Kopan aritzeak «higatu» egin duela. «Gorputzari eta buruari geldialdi bat emateko beta izan dute haren taldekide gehienek, baina Antek ez. Munduko Kopa jokatzeak zoragarria izan behar du, baina ordaina ere badu sasoiaren erdian jokatuta».

Behin hasita, ezin geratu

Azken sasoietan ere datu apalekin finitu izan ditu lehen itzuliak, baina asegaitz aritu da ondoren. 11 gol sartu zituen 2020-2021ko denboraldian; horietatik bederatzi, 20. jardunalditik aitzina. Antzera jazo zen iragan sasoian ere: zazpi ale sareratu zituen bigarren itzulian, lan erdietara gol bakarrarekin iritsi ondotik. Areago, sei erreskadan sartu zituen, 29. jardunalditik 34.era bitarte. Osasunako jokalari batek ate aurrean inoiz izandako boladarik onena da. «Boladaka diharduen aurrelaria da. Luzaroan egon daiteke asmatu gabe, eta gero, bat-batean, bata bestearen atzetik sartzen ditu golak».

Halere, bolada onak bigarren itzulietan izaten ditu beti. Zer dela eta? «Kontu mentala da. Makal aritu arren, ez da hondoratzen, eta gauzak zuzentzeko nahi bizia edukitzen du. Psikologikoki oso mutil gogorra dela iruditzen zait». Hori horrela, hemendik aurrera emankorrago ariko dela esan du berriro ere Rierak. «Fisikoki freskoago sentitu, eta taldea areara gehiago iristen hasten denean, gol ugari sartuko ditu».

Espanyolen aurka idortea apurtuta, azken sasoietako zenbaki ikusgarrietara hurbiltzen saiatuko da aurrelari gorritxoa. Taldeko golegile nagusia izan da azken bi denboraldietan, eta orain arte sartutako 21 golek hogei puntu eman dizkiote taldeari. Lehorteak lehorte, oso batez besteko ona du Osasunan: 202 minutuero sareratzen du baloia. Sena pizten zaionean, geldiezina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.