Semenyak erakustaldi batekin erantzun dio IAAFi Dohan

1.54,98ko marka egin du lehiatzeko botikak hartzera behartua izan aurretik jokaturiko azken 800 metrokoan

Caster Semenya ahalegin betean, atzo, Dohako bileran. IAAF.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
ATLETISMOA. Caster Semenyak pistan erantzun zien atzo TASi eta IAAFi, Dohan, Diamantezko Ligako lehen bileran. Iraupen erdiko probetan, lehiatu ahal izatekotestosterona maila jaisteko botikak hartzera behartua izan aurretik —hilaren 8an sartzen da indarrean araudia— jokatukoriko azken lasterketa zen. 800 metroko proba zen, eta erakustaldia eman zuen. 1.54,88ko marka egin zuen, inoizko zortzigarren onena. Bost segundoan hobetu zuen sasoi honetako markarik onena. Denboraldia hasi berri da, eta oso ezohikoa da garai honetan horrelako marka handiak lortzea.

Semenya txalo artean hartu zuten Dohako olinpiar estadioan, eta behin lasterketa bukatuta amorruz bota zuen eman zioten lore sorta. Prestaketa urria amorruarekin ordezkatu zuen, eta bigarren itzuli ikusgarri batean hautsi zuen lasterketa. Ia hiru segundoko aldea atera zion Franzine Niyonsaba bigarren sailkatuari. Niyonsaba ere berez sortzen duen testosterona maila jaisteko botikak hartzera beharko dute, Margaret Waumbui bezala, seigarren atzokoan.

«Ekintzak hitzak baino ozenago mintzatzen dira», esan zuen lasterketaren ondoren. «Inongo gizakirik ez dit eragotziko korrika egitea. Ez noa inora, ni beti egongo naiz hemen». Semenyak esan zuenez, ez du testosterona jaisteko botikak hartzeko asmorik, eta ez da 5.000 metroko probara pasatuko. «Ez dut erretiroa hartuko, 28 urte dauzkat, indartsu nago oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.