Ofizialtasuna

Selekzioaren ofizialtasunaren alde nahikoa ez egitea egotzi dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Lehendakariak esan du Federazioak Kirola Arbitratzeko Epaitegira jotzen badu Jaurlaritzak «laguntza osoa» eskainiko diola.

Euskal selekzioaren aldeko egunaren ospakizunak Bilbon, iaz. ARITZ LOIOLA/ FOKU
edurne begiristain
2022ko apirilaren 1a
12:37
Entzun

Martxoaren 25ean, UEFAk eta FIFAk atzera bota zuten beste behin ere euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruan Euskadiko Futbol Federazioak egindako azken eskaera, eta, gai hori hizpide hartuta, Iñigo Urkullu lehendakariari galdera egin dio Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Historian atzera eginez hasi du hitzaldia Agirrek, gogora ekarrita Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehen lehendakariak Euskadi futbol taldea bultzatu zuela, eta hark bira nahiko arrakastatsuak egin zituela Europan eta Amerikan, «Euskadiren izena zabaltzeko eta munduak ezagutu zezan hemen bazela herri bat libre izan nahi zuena». EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Agirre lehendakaria ekimen horregatik ere gogoratzen du gizarteak, eta bide beretik jotzeko eskatu dio Urkullu lehendakariari, euskal selekzioen aitortzaren alde gehiago eginez.

«Ekintzez harago, hitzak ere garrantzitsuak dira», gogoratu dio lehendakariari, eta deitoratu du orain arte Urkulluk publikoki ez duela adierazpenik egin UEFAk eta FIFAk hartutako erabakiari buruz. «Kontrara, lehendakariak eta instituzioek alfonbra gorria jarri zieten Espainiako selekzioari San Mamesen jokatu zezan, frankismoaren ostean lehen aldiz». EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, «euskal selekzioak aitortza izatea Agirreren garaian bezain inportantea da gaur egun ere. Espainiak ez du nahi guk gure selekzioa izatea, ez du nahi gure herriaren izena mundu zabalean zabaltzea. Eta lehendakariak ez du ezer esan».

Lehendakariak erantzun du kirolak eta kirol selekzioak direla herri batek nazioartean bere burua ezagutzeko duen «tresna indartsuenetariko bat». Eta gogoratu du Jaurlaritzaren gobernu programan ere jasota dagoela euskal selekzioei babesa ematea eta nazioartean lehiatzen diren maila handiko kirolari eta taldeentzako babesa indartzea. Gaineratu du ez dela albiste ona UEFAk eta FIFAk atzera bota izana euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruan Euskadiko Futbol Federazioak egindako azken eskaera.

Kirol selekzioen ofizialtasuna bideratzeko prozedura malkartsuan Jaurlaritzak euskal federazioei laguntza osoa ematen diela esan du lehendakariak: «Laguntza teknikoa, juridikoa eta politikoa. Laguntza osoa». Eta, beraz, FIFAren eta UEFAren erabakiaren aurrean federazioak ikusiko balu aukera legokeela Kirola Arbitratzeko Epaitegira jotzeko, eta erabakiko balu aukera hori bideragarria dela, orduan Jaurlaritzak «laguntza osoa» eskainiko liokeela argitu du lehendakariak. «Erabakia kontrakoa bada, ordea, errespetatuko dugu», erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.