Ainhoa Tirapu. Euskal selekzioko bigarren teknikaria

«Selekzioak ere balio behar die jokalariei hazten jarraitzeko»

Euskal selekzioak Txileren aurka jokatuko du asteartean, Mendizorrotzan (19:00, ETB1). Neurketa «lehiatua» espero du Tirapuk: «Haiek eskarmentu handiko jokalariak dituzte».

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Juanjo Arregik euskal selekzioko bigarren entrenatzaile izateko deitu zioenean, «ezustea» hartu zuen Ainhoa Tirapuk (Iruñea, 1984). Baina, jokalari zenean bezala, «ilusioz» hartu du.

Gustura al zaude euskal selekzioko bigarren entrenatzaile izateko aukerarekin?

Bai. Egia esan, Juanjoren deiak ezustean harrapatu ninduen. Izan ere, selekzioak jokatzen duen partida batetik bestera, nahi baino denbora gehiago pasatzen da batzuetan. Oraingoan, urte eta erdi izan da, eta sorpresaz harrapatu ninduen. Bestalde, nik atezainekin egin izan dut lan. Sekula ez naiz bigarren entrenatzaile izan. Alde horretatik ere ezustea izan zen. Baina, aldi berean, pozik hartu dut. Egin dugun lantaldea polita da, eta beti da atsegina euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde lan egitea.

Ostiralean jakinarazi zenuten deialdia. Gustura zaudete osatu duzuen multzoarekin?

Halako deialdi bat osatzerakoan beti daude baldintzak, baina, bai,gustura gaude osatu dugun multzoarekin. Maila ona du.

Zerrendan bi izen nabarmentzen dira: Nerea Eizagirrerena eta Amaiur Sarriegirena. Pozgarria izango da halako bi jokalari deialdian egotea, ezta?

Goi mailako bi jokalari dira, eta pozgarria da bertan egotea. Asko eman diezaguketela uste dugu.

Deialdian gazte asko daude, eta gehienek lehen aldiz jokatuko dute euskal selekzioarekin. Zer hausnarketa egiten duzu horretaz?

Euskal Herrian emakumeen futbola izaten ari den hazkundearen eta garapenaren isla dira. Oraindik gazteak dira gehienak, eta haiekin lanean jarraitu behar dugu. Jokalari bat haziz joaten da bizipenen bidez, eta nazioarteko taldeen edo selekzioen kontra jokatzea beste urrats bat da bide horretan. Asko ikasten da halako partidetan, nahiz eta lagunartekoak izan. Azken batean, zure segurtasun edo konfort gunetik ateratzen zaituzte. Jokalari baten garapenaren parte dira. Selekzioak ere balio behar die jokalariei hazten jarraitzeko.

Aurkaria ez da nolanahikoa: Txile. Bi aldiz izan da Amerika Kopako finalista, eta 2019an estreinakoz hartu zuenparte Munduko Kopan. Garrantzitsua izango da halako neurketak selekzio indartsuen aurkakoak izatea, ezta?

Bai, bi arrazoirengatik: batetik, gure selekzioaren maila neurtzeko balio digulako; eta, bestetik, zaleak erakartzen dituelako. Espero dugu giroa polita izatea.

Joko aldetik nolako aurkaria espero duzue?

Txile selekzio gogorra eta lehiakorra da. Eskarmentu handiko jokalariak ditu, horietako batzuk Europan ari direnak. Partida zaila izango da. Nahiz eta, guk bezala, Txapeldunen Ligako jardunaldia dagoenez, jokalari batzuk faltako dituen: Endler atezaina, adibidez. Munduko atezain onenetakoa da. Pena dut, banuen-eta gogoa hura berriz bertatik bertara jokatzen ikusteko.

Zuen kasuan, Irene Paredes, Maite Oroz, Damaris Egurrola eta Nahikari Garcia dira Txapeldunen Ligako partidak direla-eta deitu ezin izan dituzuen jokalariak.

Hala da, eta pena da ezin egotea. Baina, aldi berean, honek erakusten du zer-nolako maila duen Euskal Herriko emakumezkoen futbolak, eta hori ere albiste oso ona da. Espero dugu etorkizunean haiek ere etorri ahal izatea, data aproposago batean jokatzeko aukera badugu.

Hain denbora gutxian, zer aukera duzue jokalariei azaltzeko nola nahi duzuen jokatzea?

Egia esan, ezingo dugu gauza askorik landu. Marrazkiaren eta jokalari bakoitzaren kokapenaren azalpen batzuk emango dizkiegu, geldikako jokaldi batzuk landuko ditugu, eta Txileren bideoren bat ikusiko dugu. Horrekin, jokalariek dituzten ezagutzekin, partida ona egitea espero dugu.

Zer oroitzapen duzu euskal selekzioak deitu zizun lehen aldiaz?

Irunen izan zen. Selekzioak jokatu zuen lehen partida izan zen, eta Argentina izan genuen kontrario. Oso berezia izan zen bertan egotea, eta gehienoi kosta egin zitzaigun emozioak kudeatzea. Izan ere, gu ginen lehenengoak. Oso polita izan zen. Gogoan dut bideo bat egin genuela.

Eta nola bizi izan zenituen ondorengo deialdiak?

Niretzat pozgarria zen, eta, nahiz eta oporretan egon, deialdi guztietara joaten nintzen: lehentasuna zen. Txikitatik gizonezkoen Gabonetako partida oroitzen nuen, sekulako giroa egoten baitzen harmailetan. Eta hori jokalari moduan bizitzea nahi izaten nuen beti.

Eta azkenaz zer oroitzen duzu?

Txekiako Errepublikaren aurka izan zen, Ipuruan. Oso berezia izan zen, ez soilik azkena izan zelako, baita kapitainaren besokoa eraman nuelako ere. Niretzat ohorea izan zen. Partida polita izan zen jokatzeko. Ipurua oso zelai aproposa da halako partidetarako. Izan ere, betez gero, giroari dagokionez beste puntutxo bat ematen dio. Gainera, denbora generaman batu gabe. FIFA datetan jokatu zen, eta horrek ere esanahi berezia zuen.

Zuen artean hitz egiten zenuten nazioarteko txapelketa ofizial batean parte hartuz gero eman zenezaketen mailaz?

Bai, askotan. Hamaikakoak egitera ere jokatzen genuen. Selekzio indartsua izango genukeela pentsatzen genuen. Baina ofizialtasuna urruti ikusten genuen.

Beti engaiatu izan zara ofizialtasunaren aldeko lanean. Nola ikusten duzu oraingo egoera, FIFAk eta UEFAk federazioaren eskaria atzera bota ostean?

Konplikatua ikusten du. Uste dutfutbolean lortzea zailagoa izango dela beste kirol batzuetan baino. Baina horrek ez du esan nahi amore eman behar dugunik. Alderantziz, gero eta gehiago mugitu behar dugu aldarrikapen hori ikusarazteko eta mugitu nahi ez duten horiek mugiarazteko.

Eta jokalariek zer egin dezakete bide horretan?

Jokalarien egoera eta posizioa ez da erraza. Azkeneko Kirol Legean ikusi da zer zigor dauden Espainiako selekziora joateari uko egiteagatik. Besteak beste, fitxa kentzeko arriskua dago. Nik, alde horretatik, pertsona moduan, ezin diot norbaiti eskatu arrisku hori har dezan. Baina eragiteko beste modu batzuk badaude: adibidez, halako partidak jokatzea, eta ofizialtasunaren aldeko ekimenetan parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.