Patxi Frances. Tolosaldeko entrenatzailea

«Sekulako izaera eta gogoa daukate gure arraunlariek»

Tolosaldeak irabazia du ETE liga, aurreneko aldiz, bi estropada falta badira ere. Hamarretik zortzi estropadatan izan da onena Patxi Francesen taldea. Arraunlarien lanari balio handia eman dio.

TOLOSALDEKO ATARIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Bigarren denboraldia ari da osatzen Tolosaldean Patxi Frances (Donostia, 1958), eta emaitza oso onak lortu ditu emakumezkoen taldeak, ETE liga irabazi baitute lehen aldiz. Orain, Kontxako sailkatze estropada dute buruan.

Bigarren urtea duzu Tolosaldean. Garaipen hau iazko lanaren segida bat al da?

Bai. Ziklo berri bati ekin genion, eta zuzendaritzak ez dit inolako presiorik jarri, ezta arraunlariek ere. Gero, San Pedrok hartu gaitu aurten bere instalazioetan, eta laguntza guztia eman digu; gainean izan ditugu ahalik eta erosoena egoteko, eta hori ere laguntza handia izan da arraunlarientzat.

Iazko taldetik zazpi arraunlari falta arren, gehienek segitu egin dute. Horrek lana erraztu egin dizu, ezta?

Arraunlari kopuru handia genuen, eta, horregatik, gehienek jarraitu egin dutela esan dezakegu. Iaz, bederatzi eta hamar jubenilekin ibili ginen, eta horiek segitzean, antzeman egin da urtebete gehiagoko esperientzia, eta aurrerapauso handia eman dute. Gainera, sekulako izaera daukate denek, eta, urte bat gehiagoko esperientziarekin eta gogo handia dutenez, lan egiteko aukera ona izan dut. Oso langileak dira, eta sekulako balioa eman behar zaio egunero Tolosaldetik Pasai San Pedrora joateko egiten duten ahaleginari. Eguraldi ona edo txarra egin, han dira beti.

Egunero bidaiatu beharra oztopoa izango da, baina taldekideek elkar hartzeko aukera ere bai.

Hori da. Horrelako jendearekin ari zarenean, lana errazago egiten da. Gogoz daude, eta lana errazten diote entrenatzaileari. Hobetzea errazagoa da horrela.

Gazteak izanik eta horrelako gosea edukita, non dauka mugataldeak?

Ez du ematen mendialdekoak direnik, ikaragarri pila gustatzen zaie-eta arrauna. Emaitzak onak ari dira izaten, baina hau bide bat da, eta gustatuko litzaiguke datorren urtean ere beste jauzi bat ematea, taldeko gehienek jarraitzen badute.

Espero al zenuen hamar estropadatatik zortzi irabaztea?

Ez. Baina neguan ikusten zen iazko lanaren jarraipena zela aurtengoa. Jaitsieretan talde guztien lanak eta helburuak ezberdinak izaten direla onartuz, Hondarribikoan, Donostiarrari irabazi genion, eta Oriok eta Arraunek bospasei segundo bakarrik atera zizkiguten; gure ligako taldeei aldea atera genien. Orioko jaitsieran berdin jarraitu genuen gure ligako taldeekiko, eta konfinamendua baino egun batzuk lehenago, Pasai San Pedron, atzean utzi genituen berriz ere gure ligakoak. Hiru estropada horietan talde ezberdina atera genuen, eta ikusi genuen arraunlari guztiak zirela balekoak, eta denek zutela gogoa. Ez da inor nabarmentzen, baina oso borrokalariak dira. Ondo goaz bide horretatik.

Arraunlarien maila berdintsua izanda, haien arteko lehia handia izango da estropadetako taldean lekua egiteko, eta hori ere ona izango da zuretzat.

Entrenamendura doazen guztiak sartzen ditut traineruan lan saio horretan, eta estropadetan zailagoa da, jakina, hori egitea. Herenegun, txalotu egin nien uda osoan izaten ari diren jarrera: kanpoan geratu direnek ez didate presiorik sartu, eta taldea eta ni animatu gaituzte. Estropadatik estropadara lauzpabost aldaketa eginda ere, beti geratzen da baten bat txandakatze horietatik kanpo, eta guztien jarrera eredugarria izan da.

Liga irabazi eta gero, hurrengo erronka Kontxarako sailkatzea da, ala Euskotren ligara igotzeko kanporaketa duzue bakarrik buruan?

Hurrengo helburua Kontxarako sailkatzea da, jende askok kanporaketarena aipatzen badit ere. Hori ez daukat oraindik buruan. Talde honekin, esperientzia irabazten dut estropada guztietan. Azkenean, taldeak hazten jarraitzea nahi dut, eta Kontxarako sailkatzea sekulako konfiantza olatua litzateke guretzat. Orduan, horren bila goaz. Ez dugu pentsatzen Kontxakoa prestatzeak kanporaketarako nekea eragingo digunik. Saiatuko gara sailkatze estropada ona egiten, eta badakigu egun hori berezia eta berdindua izaten dela. Kanporaketarako prestakuntzan ekarpenik onena Kontxan sartzea izango da. Talde gaztea dugu, eta ezin dugu ziurtatu kanporaketa egunean puntu-puntuan egongo direnik. Horregatik, egokiena da gozatzen segitu dezatela, konfiantza hartuz joateko. Hori izango da onena kanporaketarako.

Denboraldi bikaina egiten ari zaretenez, beldurrik bai arraunlari batzuen bila etorriko zaizkizuelako agian?

Ez. Oso elkartuta daude guztiak. Aurten igotzea ez da klubaren helburua, baina lortzen badugu, ondo. Ez bada horrela, taldea indartu beharko dugu aurrerapausoa emateko. Baina indartu etxe barrura begira, eta denek segitzea onena litzatekeela garbi izanda. Emakumezkoen arraunari bultzada eman nahi bazaio, etxekoari eman behar zaio balioa, horrekin haziko zarelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.