Oriol Riera. Osasunako jokalaria

«Sekula ez dut horren egoera zailik izan nire kirol ibilbidean»

Osasunak hanka eta erdi dauka jada Bigarren Mailan, baina Rierak nabarmendu du borrokan segitu beharra dagoela sasoia amaitu bitartean. Gauza oso garrantzitsu bat dago jokoan: klubaren izen ona.

JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Gainontzeko taldekideen gisara, sasoi zaila ari da bizitzen Oriol Riera (Vic, Herrialde Katalanak, 1986). Golak sartzeko iritsi zen udan Osasunara, baina ate aurrean ez dabil espero bezain fin. Alabaina, haren ekarpena ez da goletan bakarrik geratzen: lan eskerga egiten du zelaian, eta erreferentzietako bat da taldean. Deportivok utzita dago, baina ez du baztertzen Iruñean jarraitzea. Harreman berezia du klub gorritxoarekin.

Ondo etorri al zaizue ligako etenaldia?

Gurea bezalako egoeretan, gauzak garbiago ikusten dituzu geldialdiei esker, eta zama apur bat kentzen duzu gainetik. Alde horretatik, ondo etorri zaigu etenaldia. Ea orain erreskadan emaitza onak lortzeko kapazak garen.

Taldea dagoen egoeran, ez da erraza izango ilusioa mantendu, eta ekinean jarraitzea.

Sekula ez dut horren egoera zailik izan nire kirol ibilbidean. Egunekoa ez da batere samurra. Hala ere, egoera ondo ari gara kudeatzen. Kolpe ugari jasoagatik, lanean segitzen dugu.

Nola lortzen da motibazioari eustea?

Uste dut instituzio oso garrantzitsu bat ari garela ordezkatzen. Hori garbi izan behar dugu jokalariok. Eta, horri lotuta, zaleei emaitza onen bat eskaintzeko borrokatu behar dugu. Babes handia ari zaizkigu ematen, eta, orain arte, guk ezin izan diegu behar bezala erantzun.

Salbazioa ezinezkotzat duzue?

Matematikoki aukerak dauden bitartean, ez dago ezinezkorik. Baina, errealistak izanda, aitortu behar da egoera benetan zailean gaudela. Badakigu non gauden, badakigu liga osoan partida bakarra irabazi dugula. Orain, klubaren irudiagatik lehiatu behar dugu. Ez da gauza bera hamaika punturekin edo hogeirekin jaistea.

Zein arrazoi dago Osasunaren sasoi eskasaren atzean?

Nire aburuz, eragina izan zuten gauza txiki asko dago; baina niretzat gordeko ditut. Iritsiko da kluba kudeatzen dutenekin horretaz hitz egiteko garaia. Jokalariok onartzen dugu erruaren zati bat gurea dela, baina uste dut bestelako gauza batzuk ere izan direla. Eta mundu guztia da kontziente horretaz.

Hemen izan zinen azken aldian ere gaizki joan zitzaion Osasunari, Bigarren Mailara jaitsi baitzen. Dena den, aurten baino askoz ere duinago aritu zen orduan.

Bai. Zelaian nahiko txukun aritu ginen, azken txanpa iritsi arte. Bi hilabete negargarri izan genituen, eta azkenean ezin izan genuen jaitsiera ekidin. Sasoi honetan, ordea, hasiera-hasieratik egon gara zuloan sartuta. Egia da denboraldi hasieran lehiakor aritu ginela, baina, hainbat aldaketaren ostean, aldatu egin ziren gauzak.

Hutsegitea izan zen zuzendaritzak Enrique Martin kargutik kentzea?

Ni ez naiz inor hori aztertzeko. Jokalariok, entrenatu, eta partidak jokatzeko gaude.

Zale asko haserre agertu dira zuzendaritzarekin, eta presidenteak berriki iragarri du hauteskundeak aurreratuko dituztela. Horrek badu eraginik zuengan?

Ez, ez du inongo eraginik. Gainera, uste dut halako gauzekiko distantzia hartu behar dugula jokalariok. Zuzendaritzak pentsatuko zuen erabaki hori hartzea zela onena klubarentzat, etorkizunera begira proiektu on bat bilatzeko. Ez zaio gaiari buelta gehiago eman behar.

Esan izan da Sabalzaren zuzendaritzarekin duzuen harremana ez dela onegia. Hala al da?

Ez. Ondo moldatzen gara. Aldi dezentetan etorri dira Taxoarera gurekin hitz egitera.

Zu nola ari zara denboraldi hau bizitzen?

Arlo pertsonalean ere sasoi zaila ari da izaten. Beteranoek erantzukizun handia daukagu, taldekideak animatu eta babesteko ardura baitugu. Eta, taldeak duen egoeran, ez da erraza.

Begi onez ikusiko zenuke Osasunan jarraitzea?

Ez dakit. Hainbat gauza hartu behar dira kontuan. Nik beste urtebete daukat Deportivorekin. Gainera, jakin behar dut klubak zer proiektu duen, eta zer funtzio beteko nukeen nik.

Hainbatetan esan duzu Osasuna klub berezia dela zuretzat. Zergatik?

Osasunak identitate oso irmoa dauka, eta giroa oso familiakoa da. Iraganean arrastoa utzi zidan, egun ere ari zait uzten, eta etorkizunean, gertatzen dena gertatzen dela, arrastoa utziko dit.

Gaur Athletic izango duzue aurkari. Nola ikusten duzu partida?

Jokalari nahiz zaleentzat partida oso garrantzitsua da. Athletici irabaztea oso pozgarria litzateke. Ez lirateke hiru puntu soil, bi taldeen artean etsaitasun berezia baitago.Zaleekin zorretan gaudela sentitzen dugu.

Dena den, ez duzue talde samurra izango aurrean. Athletic Europako postuen lehian dabil, eta gaur hiru puntuak behar ditu.

Talde handia da Athletic. Azken urteetan benetan lehiakor dabil; esentzia berreskuratu du. Zaila da haien kontra jokatzea. Partida zaila izango da guretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.