Igor Esnaola segalaria (Legorreta, Gipuzkoa, 1974) bada norbait herri kiroletan, segan txapelduna izateaz gain trontzan ere aritzen baita. Herenegun, Euskadiko Sega Txapelketa irabazi zuen hirugarren aldiz, eta horri buruz aritu da hizketan BERRIArekin.
Nola ikusi zenuen zeure burua igandeko lehian?
Hasieran, nahiko kaskar sentitu nintzen. Lasai antzean ekin nion lanari, eta, berehala, sega libratu ezinik eta ezin martxa hartu egon nintzen. Lotuta bezala, esango nuke. Bigarren partzelan hasi ginenean, ordea, hobeto ikusi nuen neure burua, eta bukaerara arte nahiko saio txukuna egin nuelakoan nago.
Nahiko abantaila handiarekin irabazi zenuen gainera, ezta?
Bai, bigarrenak baino 205 kilo gehiago moztu nituen, baina, amaitu berritan, irabazteko esperantza gutxi nuen. Zalantza asko nuen. Hor egongo nintzela bai, hori uste nuen, baina ez hainbesteko abantailaz irabaziko nuela. Iaz ere lan polita egin nuen, eta gustura amaitu nuen, baina 40 kilo ingurugatik galdu nuen.
Nola prestatu duzu txapelketa? Min hartuta egon baitzara...
Duela pare bat hilabete, lan saio on bat amaitu berritan, blokeatuta bezala sentitu nuen neure burua; saihets artean haragi eten bat egin nuen, eta,hortaz, segarekin kolpea tiratzeko garaian ziztada bat nabaritzen nuen. Hori sendatzen egon naiz, eta ezin izan naiz ganoraz entrenatu. Hori ondo sendatzeko, geldi egon behar nuen, eta ez naiz ez nahikoa geldi egon, ez nahikoa ongi prestatu.
Orduan, zein izan zen gakoa?
Esango nuke sufritzeko gaitasuna izan zela. Eta presio falta ere bai. Nire lana egitera joan nintzen, eta, besteak urruti ez zeudela ikustean, animatu egin nintzen.
Nola entrenatzen zara?
Segalaritzaren arazo nagusia da ez dagoela aritzeko toki jakin bat. Entrenamendu bakoitza toki desberdin batean egin behar da. Nik zortea daukat, Amasan belardiak dituen lagun bat baitaukat, eta haren zelaietan aritzen naiz.
Nola ikusten duzu segalaritza? Osasuntsu al dago?
Sekula baino indartsuago dago sega, nire ustez. Gazte kuadrilla handia dago orain, ona. Ez dakit nola, bata bestea animatuz agian, baina sasoi oneko gazteak sartu dira. Bai mutilak eta bai neskak, gainera. Eta ez denak baserri mundukoak. Oraintxe, oso osasuntsu dago.
Eta, hemendik aurrera, zer? Zein helburu dituzu?
Helbururik printzipioz ez dago: amaitu ditut egin beharrekoak. Egingo dut beste saioren bat, gustuko dudalako, baina datorren urterako geratzen dira helburu berriak. Aurtengoak beteak ditut, eta, gauzak joan diren bezala joanda, uste baino hobeto beteak, gainera. Txapela oso zail ikusten nuen; errespetu handia nion finalari. Bide batez, txapela eskaini nahi diet urte osoan laguntzen izan ditudan Alazne Etxaburuari eta Santi Aizpuruari. Haiei esker nabil hor, eta haientzat da.
Igor Esnaola. Segalaria
«Sekula baino indartsuago dago sega»
Euskadiko Sega Txapelketa irabazi du Esnaolak hirugarren aldiz. Lesioa gainditu ondoren, espero baino hobeto arituta jantzi zuen txapela, eta gustura azaldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu