Beñat Etxebarria. Athleticeko jokalaria

«Sekula baino hobeto ari naiz»

Athleticera itzuli zenean taldekide berriekin bat egitea «kostatu» egin zitzaiola onartu du. Orain bestelakoak dira kontuak. Ilusioz begiratzen dio hurrengo erronkari: Europa Ligan Valentzia dauka jomugan.

haritz gallastegi
Bilbo
2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Beñat Etxebarria (Igorre, Bizkaia, 1987) Athleticeko iparrorratza da. Berak antolatzen du zuri-gorrien erasoko jokoa, eta geldikako jokaldi guztiak jokoan jartzeko ardura dauka. Etxera itzuli zenean garai latzak bizi ostean, orain gozatzen ari da bere jokoarekin zein taldearen ibilbidearekin.

Athletic sasoi bikaina egiten ari da, eta horren giltzetako bat zu zeu zara. Gozatzen ari zara?

Oso gustura nago. Konfiantza handiarekin ari naiz jokatzen. Nire asmoa da bide beretik jarraitzea. Horretarako, eguneroko lana dut oinarri.

Zure kirol ibilbideko garairik gozoenean zaude, edo Betisen aritu zinenean ere lortu zenuen egun duzun mailan aritzea?

Betisen gustura aritu nintzen, baina, egun, sekula baino hobeto ari naiz. Betisen aritu nintzenean baino esperientzia handiagoa daukat. Halere, hobetzea espero dut.

29 urte bete berri dituzu. Zuk ere Aritz Adurizen bide bera egin gura duzu? Hau da, urteak aurrera joan ahala hobetzeko asmoa daukazu?

[Barrez]. Ikusiko dugu. Luzaroan jarraitu gura dut jokatzen, eta gurako nuke Aritz ematen ari den maila eskaintzea. Ikaragarria da.

Egun, txalo artean agurtzen zaituzte San Mamesen jokatzen duzun partida bakoitzean, baina itzuli zinenean oso kritikatua izan zinen. Zertan aldatu da zure jokoa egoera gaitzari buelta emateko?

Ez da gauza handirik aldatu. Ni beti izan naiz egun ikusten nauzuen bezalakoa. Talde aldaketak ez dira beti samurrak izaten. Akaso, ni ez nintzen taldean ondo sartu. Futbola futbola da leku guztietan, baina hasieran kostatu egin zitzaidan. Konfiantza barik aritu nintzen. Arraro sentitzen nintzen. Orain, ordea, oso gustura nago.

Egun, zu zara orkestrako zuzendaria. Taldekideek zugan konfiantza dutela sentitzen duzu?

Gure taldean jokalari guztiok daukagu konfiantza elkarrekin.

Zure itxuraldaketaren giltza nagusia arlo fisikoan eta defentsako lanean egin duzun hobekuntzan omen dago. Ados zaude?

Dinamika onean dagoen futbolaria baloiarekin eta baloi gabe nabarmentzen da. Defentsan ere lan egin behar da, ez dago besterik.

Nabarmentzen ari den futbolaria ez da guztiz zoriontsu izaten taldearen emaitzak onak ez badira. Zure kasuan, bi gauzak ari dira betetzen. Alde horretatik, zer aldatu da Athleticen duela bi aste pasatxo ezina erakustetik Ligan hiru garaipen jarraian lortzeko?

Taldea denboraldia hasi zenetik ari da maila ona ematen. Nire ustez, azken bizpahiru asteotan eraginkortasuna baino ez da aldatu. Azken hiru partidetan aurrekoetan baliatu ez genituen aukerak asmatu ditugu.

Ez nekerik, ez txispa faltarik. Gola falta zitzaizuen soilik?

Bai. Partida guztiak ez dira berdinak izaten. Batzuetan maila hobea ematen dugu beste batzuetan baino, baina nik golaren falta baino ez dut sumatu. Lerro guztietan ondo ari gara erantzuten.

Beraz, taldeak ez du nabaritu dagoeneko 48 norgehiagoka jokatu izana.

Arlo fisikoan oso ondo ikusten dut taldea. Gainera, entrenatzaileak aukera zabala dauka, badauka non aukeratu. Taldekide guztiak ari dira neurria ematen. Oso ondo gaude.

Hankak ondo daude. Eta burua fresko al dago horrenbeste konpromisori aurre eginda?

Oso ondo. Burua da garrantzitsuena. Partida pilaketak neke fisikoa eragin dezake, baina, emaitzak onak direnean, ia ez da nabaritzen. Gozatzen ari gara. Guk ez dugu gelditu gura. Bolada onari jarraipena eman gura diogu.

Argi dagoena da futbola muturreko kirola dela. Beltzetik zurira eta alderantziz egun gutxitan pasatzen da. Athleticen inguruan etsipena zen nagusi duela hiru aste, eta orain pozez gainezka daude jarraitzaileak.

Guk ez dugu zalantza egin. Argi daukagu zer egiteko kapaz garen. Baina denok dakigu futbola horrelakoa dela.

Athletic behetik gorako bidea egiten ari dela esan zuen Ernesto Valverdek, Sporting mendean hartu ostean. Ados zaude?

Bat nator entrenatzailearekin. Liga hasieran partida pilaketa izan genuen, eta ordaindu egin genuen. Baina ordutik hazi egin gara. Oraindik ez dugu goia jo.

Orain arte egin duzuen lana aintzat hartu behar da. Espainiako Superkopa irabazteaz gain, Ligan sei onenen artean sartzeko borrokan zaudete, eta bizirik jarraitzen duzue Europa Ligan. Halere, denboraldiko azken bi hilabeteetan erabakiko da dena. Zer eskatu behar zaio Athletici?

Guk orain arte bezala jarraitu behar dugu. Ez dut kinielarik egin gura. Oraindik asko geratzen da denboraldia amaitzeko, eta ez dut apusturik egin gura.

Ate-joka dagoen erronka Europa Ligakoa da. Valentziak bisitatuko du bihar San Mames final-zortzirenetako joanekoan. Talde ezaguna da guztiontzat. Zer nabarmenduko zenuke Gary Nevillek zuzendutako taldetik?

Gauza asko nabarmendu daitezke. Dohain askoko taldea da. Baina argi laga gura dut kanporaketak ez duela zerikusirik izango ligako partidan gertatu zenarekin. Ez dugu inolako konfiantzarik gura. Europa Ligak ez dauka zerikusirik ligarekin.

Alcacer, Negredo, Enzo Perez, Feghuli, Diego Alves, Mustafi… Valentziak jokalari on asko ditu, baina talde baten gisara aritzea falta zaio.

Bai. Bistan da ez dagoela bere garairik onenean. Gu, berriz, bolada onean gaude. Ea kanporaketa honetan bi taldeen sasoia islatzen den.

Iritsi berri bat ari da nabarmentzen azkenaldian Valentzian: Denis Txerixev. Errusiarra sasoi betean dago, baina igandean min hartu zuen, eta, hilabete inguru beharko du osatzeko. Berri ona da zuentzat.

Oso jokalari ona da Txerixev, baina zuk aipatu dituzun futbolariak ere aintzat hartzekoak dira. Valentziak jokalari on asko du. Edozeinek sor diezazkioke arazoak aurkariari.

Athletic da kanporaketa irabazteko faborito?

Ez dut uste faborito garenik. Gainera, faborito izateak ez du askorako balio. Kanporaketa irekia aurreikusten dut, eta argi daukat aurrera egiteko aukera izango dugula.

Garrantzi handia du lehen partida San Mamesen jokatzeak?

Ez asko. Izan ere, inork ez daki nola joango den kanporaketa. Olympique Marseillaren kontrairabazi egin genuen kanpoan, eta gero sufritzea egokitu zitzaigun etxean. Ez dakit zer den onena. Edozer gauza gerta daiteke.

Zein izango litzateke emaitza on bat Mestallara lasai joateko?

2-0, gutxienez. Eta aldea handiagoa bada, hobe.

Pena ematen dizue Europa ligan Espainiako Ligako aurkari baten kontra jokatu behar izateak?

Penagarria da, bai. Espainiako Ligakoa ez den kontrario baten aurka lehiatzea gura genuen: beste herrialde bat ezagutu, beste talde bat ezagutu, aurkari horren zelaian egoten den giroaren berri izan… Finean, esperientzia berri bat gura genuen. Baina Valentzia egokitu zaigu, eta ez dago zereginik.

Talde barrutik Europa Liga irabazteko asmoa agertu duzue. Azken urteotan final asko jokatu ostean, zuen belaunaldiak txapelketa bat irabaziko duela iritzi diozu?

Gure esku dagoen guztia egingo dugu. Hala ere, badakigu gaitza dela. Borrokatzeko prest gaude.

Baina Athletici gaitasuna ikusten diozu?

Bai, noski! Bartzelonari final bat irabazi diogu. Bartzelona mendean hartu eta gero, edozeini irabazi ahal diogu.

Espainiako Superkopako garaipenak taldearen mentalitatea aldatu al du? Mugarri bat izan da zuentzat?

Ez. Aurrez ere bagenekien gurea eginez gero edozein aurkari garaitzeko ahalmena genuela. Eta alderantziz ere gerta daiteke. Hau da: guk gure maila eman ezean, talderik apalenak irabaz diezagukeela.

Ernesto Valverde da zuen gidaria. Kontratua luzatu berri du Athleticekin beste urtebetez. Jokalari gehienok txalotu egin duzue hartu duen erabakia. Zein garrantzi dauka teknikariak proiektuan?

Handia. Haren lorpenak handiak izan dira. Athletic Txapeldunen Ligarako eta Europa Ligarako sailkatzea lortu du. Horretaz gain, Kopako final bat jokatu dugu, eta Superkopa irabazi dugu. Athleticentzat ez dago hura baino entrenatzaile aproposagorik.

Taldearekin lortutako emaitzabikainez gain, zer dauka ona Valverdek?

Gauza on asko ditu. Lan saio onak egiten ditu, baina, batez ere, taldea batuta egotea lortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.