Sekula baino faborito gehiago

Apirilaren 3tik 7ra jokatuko da Euskadiko Xake Txapelketa, Legazpin. Azken urteetako gogorrena izango da, hiru maisu handi baitaude faboritoen artean.

Jokalariak lehian iaz, Euskadiko Txapelketan. BERRIA
Jokalariak lehian iaz, Euskadiko Txapelketan. BERRIA
Josu Tornay.
2024ko martxoaren 29a
05:05
Entzun

Dena prest dute Legazpin (Gipuzkoa) Euskadiko Xake Txapelketarako, datorren astean izango baita. Jokalariak gogoz dira. Hala azaldu du Iñigo Argandoña Donostiako nazioarteko maisu eta egungo txapeldunak. «Antolatzaileek jokalariokin hitz egin zuten banan-banan, eta animatu egin gintuzten parte hartzera. Azaldu ziguten torneo erakargarri bat egiteko asmoa zutela. Horrek jokalariak erakarri ditu, eta berriro ere goi mailako Euskadiko Txapelketa bat edukitzeko mugarria izan daiteke aurtengoa». Beste pizgarri batzuk ere baditu harentzat parte hartzeak: «Mende honetan Gipuzkoan jokatuko den lehen Euskadiko Txapelketa da, eta horrek ere pisua izan du niretzat». Unai Garbisu Iruñeko nazioarteko maisua ere gogoz dago. «Beti Aste Santuan jokatzen da, eta familiarekin beste plan batzuk egiten nituen. Baina hainbeste jokalari profesional izena emanda zeudela jakinda, ahalegin handiagoa egin dut jokatzeko».

Halako txapelketetan ez da erraza izaten faboritoei buruz mintzatzea. Hala uste du Garbisuk. «Hainbeste jokalari on egonda, ez dago faboritorik. Guztiek ditugu irabazteko aukerak. Gero, ikusiko dugu nor dabilen sasoirik onenean». Argandoña, haatik, izen batzuk ematera ausartu da: «Paul Velten Baionako maisu handia da torneoko jokalari indartsuena; Santi Gonzalezek du titulu gehien. Niri, gainera, Garbisuren estiloa gustatzen zait. Ni egungo txapelduna naiz, eta hor nago». Beste maisu batzuk ere sendo ari dira. «Del Rio, Huerga, Trigo... Baina horrelako txapelketa bat irabazteko arriskua hartu behar da, eta haien jokatzeko era bestelakoa da».

Garbisu, berriz, ez da hasi estiloak aztertzen, irabazteko gakoa zein izango den azaltzeko garaian. «Akatsik ez egitea izango da gakoa. Izan ere, partida bakar bat galduz gero, ia irabazteko aukera guztiak galtzen dira. Partida pare bat faboritoei irabazi behar zaizkie, gainera. Beti bezala, momentu batzuetan zorte apur bat izatea ere garrantzitsua izango da». Argandoñaren ustez, funtsezkoa izango da «buruz indartsu egotea eta partiden prestakuntzan asmatzea». Eta bere sasoiaz hauxe esan du: «Badakit edonori irabazteko gai naizela. Aurten, gainera, presio gutxiagorekin jokatuko dut. Iaz irabazi eta gero, lasai nago, eta horrek lagundu egingo dit». Garbisuk, ordea, urte dezente daramatza bertan lehiatu gabe, eta bestela ikusten du bere parte hartzea: «Probatu egin nahi dut. Taldekako Euskal Ligan ondo aritu nintzen, baina hau ezberdina da. Egunero jokatu behar dituzu partidak, aurkari gogorren kontra, gainera. Ondo prestatuta joan beharko dut».

Gazteak, indartsu

Euskadiko Txapelketa 1987an antolatu zen lehen aldiz, eta Felix Izeta nagusitu zen. 1988an Mario Gomezek irabazi zuen, eta 1989an Patxi Gallegok jantzi zuen txapela. Garai haietan bertan, Rafa Alvarezek eta Jesus Iruzubietak pare bat aldiz irabazi zuten. Belaunaldi hori izan zen nagusi 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Baina Mario Gomez maisu handiak marka ia garaiezina lortu zuen, bederatzi aldiz lortu baitzuen garaikurra. Hala eta guztiz ere, gazteak ailegatu ziren atzetik, eta 1999an Garbisu nagusitu zen. Gomezek eta Izetak titulu batzuk irabazi zituzten oraindik, baina Miguel Navarro, Mikel Huerga, Alejandro Franco eta Santi Gonzalez tarteka tituluak irabazten hasi ziren, eta XX. mendeko txapelketak menderatu.

Belaunaldi berri hori osatzen duten jokalarien artean, Santi Gonzalez nazioarteko maisuak irabazi du Euskadiko Txapelketa gehien: sei aldiz, horietatik lau jarraian, 2013tik 2016ra. Historian hark bakarrik lortu du hori. 2016tik ez du parte hartu. Aurten, ordea, bueltan izango da. Dena den, zail izango du berriz gailentzea. Izan ere, oraingo honetan maisu titulua duten 9-10 jokalari espero dira. Horietatik hiru, gainera, maisu handiak dira: Del Rio, Velten eta Huerga. Gonzalez, Garbisu eta Argandoña, berriz, nazioarteko maisu. Gainera, XX. mendean jaiotakoen belaunaldia ere bere tokia egiten saiatuko da. Horien artean daude Juan Manuel Ruiz, Aimar Alvarez, Alex Odriozola eta Markel Vesga.

«Txapelketan ezusteko handiak egongo dira, aipatu bezala maila oso ona delako. Ziur nago gazteenek lan txukuna egingo dutela. Baliteke baten batek goiko postuetan amaitzea», iragarri du Argandoñak. Hala uste du Garbisuk ere. «Gazteak ondo ari dira, eta ezustekoak egongo direla iruditzen zait. Txapelketa laburra da, eta, indarrez hasiz gero, hor ibiliko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.