Matxalen Ziarsolo. Bera Berako jokalaria

«Sekreturik? Bai, lana, eta klubak ez duela inoiz iparra galdu»

Aukeran datorkio Bera Berako kapitaina izatea. Hamahiru sasoi daramatza taldean, egungo jokalarien artean inork baino gehiago. Pistan izan da ere taldeak irabazi dituen zortzi tituluetan.

Julen Etxeberria.
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Ospakizunetarako apenas izan duten denborarik Bera Berako jokalariek igandean Espainiako Kopa laugarrenez irabazi zuenetik. Harrera harrera dabiltza ordutik. Hala ere, tarte bat egin dio Matxalen Ziarsolok BERRIAri (Ermua, Bizkaia, 1982).

Zer moduz doaz ospakizunak?

Ondo, gustura. Partida amaitutakoan hasi genituen, baina berehala abiatu ginen etxerantz autobusez. Gauez, Donostiara iritsitakoan ekin genien berriz ere. Gaur [atzo], ordea, harreren eguna da. Ez dugu bete-betean ospatu, baina izango dugu denbora.

Tituluak ospatzera ohitzen ari zarete, bosgarrena duzue urte eta erdian.

Ez zara inoiz ohitzen tituluak irabaztera. Titulu guztiek dute beren xarma, momentuaren araberakoak dira. Batzuetan ospatzeko gogo gehiago duzu, eta beste batzuetan, gutxiago. Baina ospatu, denak ospatzen dira, denak kostatzen baitira asko, eta ospatu beharra daude.

Kanpotik ikusita badirudi erraz irabazten duzuela.

Bada, ez. Kosta egiten zaigu, asko.

Presioarekin jokatzen ohitu zarete, ondo jokatu ere.

Eskarmentu handia pilatu dugu partida garrantzitsuak jokatzen, eta hori gero igarri egiten da. Kosta egiten da hor goian eustea, baina zaila da ere lehen urratsa egitea, lehen titulua irabaztea. Guk jada egin dugu urrats hori, eta lanari esker lortzen ari gara ere hor goian mantentzea.

Zein da Bera Beraren sekretua?

Klubak ez duela inoiz iparra galdu. Erabaki guztiak ondo hausnartutakoak izan dira. Klubak ez du inoiz bat-bateko jauzirik egin, ezta taldea izarrez bete ere. Aurreko urteetan goian izan ziren talde gehienek porrot egin dute. Fitxaketa mordoa egitearen alde egin zuten guztiek, baina krisiak porrotera kondenatu du filosofia hori. Bera Berak, ordea, beti landu du asko harrobia, eta horri esker taldeko jokalari gehienak harrobikoak gara. Hori oso garrantzitsua da, are gehiago egun, diru falta dagoenean. Lanari esker, lan gogorrari esker lortu dugu dena.

Dena da ederra orain, baina taldeak oso garai zailak izan ditu. Desagertzear egon zen ez orain urte asko.

2007an, Kopa lehen aldiz irabazi genuenean, kluba kinka larrian zegoen. Orain, kanpotik ikusita ere pentsa daiteke dena polita dela, baina ez da horrela. Kirol aldetik dena doa ondo, oinarri sendoa dugulako, baina diru kontuak bestelakoak dira; arazo asko ditugu. Bai instituzioek, bai babesleek laguntzen gaituzte, baina ez da nahikoa, goian eutsi ahal izateko babesle sendo bat behar dugu. Latzak pasatzen ari gara.

Hamahirugarren sasoia duzu taldean, egungo jokalarien artean inork baino gehiago. Asko aldatu da taldea zu hasi zinenetik?

Bai. Profesionalizaziorako pausoa eman du. Jokalariok langileak gara, eta gizarte segurantzan kotizatzen dugu, eta hori urrats garrantzitsua da, lehen ez zegoelako horrelakorik.

Liga ere asko aldatu da?

Orain hamabi urte hasi nintzen maila nagusian jokatzen, eta hamarkada luze batez ligaren mailak etengabe egin zuen gora, Europako onenetako bat izateraino. Azken bi urteetan, ordea, behera egin du, krisiagatik. Ez aurrera, ez atzera, horrela dago liga.

«Ligaren mailak behera egin duelako irabazten du orain Bera Berak. Itxako egongo balitz...». Zer pentsatzen duzue hori entzundakoan?

Ez diogu horri erreparatzen. Itxakorena ez zen normala. Ezinezkoa zen horrenbeste jokalari bikain zituen talde bati denbora luzez eustea. Dirua, diru asko behar da horretarako, eta dirua ez da betiko. Bera Bera, ordea, lanari esker iritsi da gora. Meritu handia du klub honek lortu duena.

Ligako jokalari asko joan dira atzerrira. Zuk izan duzu tentaziorik?

Bai, baina beti topatu dut hemen erronka berri bat. Oso gustura nago hemen, eta erabat konprometituta nago proiektu honekin. Gainera, nire etxea da.

Liga berriro irabaztea, horixe bakarrik falta zaizue aurreko sasoian lortutakoa berdintzeko. Kopako txapela akuilu ezin hobea da.

Bai, hala da. Lider gara, eta zazpi partida falta zaizkigu, zazpi final. Sasoi honetarako geure buruari ezarritako helburuak ari gara betetzen. Orain ligaren bila goaz.

Zaila zirudien iazkoa berdintzea, are gehiago beste lehiaketa bat gehiago jokatuta, zein eta Txapeldunen Liga.

Txapeldunen Liga jokatzeak nekatu egin gaitu, baina aldi berean lehiatzeko beste puntu bat gehiago eman digu. Esperientzia oso ona izan da, eta on egin digu.

Eta hori guztia taldean aldaketa handiak izan arren.

Bai, baina oinarri sendoa dugu.

Oinarri sendoa, eta etorkizun polita: Etxeberria, Arizaga, Ezkurdia... guztiak ari dira jokatzen.

Bai, eta berri bikaina da, eta gure filosofiaren fruitua.

Emakumezkoen kirola osasuntsu dago?

Ni hasi nintzenetik hobera egin du, oihartzun gehiago dugu. Hori bai, oihartzuna izateko gutxienez titulu bat irabazi behar dugu, bestela ezer gutxi. Pausoak ematen ari gara, baina aldaketa handia behar da oraindik. Gizartean bezala, kirolean ere ez dugu lortu parekidetasunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.