Londreskoa falta zitzaion, eta igandean lortu zuen, 55 urtetik gorako mailan. Martin Fiz (Gasteiz, 1963) da munduko sei maratoi handienak irabazteko balentria egin duen lehen atleta. Londresen, helmugako arrastoa igaro ostean, onartu zuenez, «sekula baino gehiago» sufrituta lortu zuen garaipena. «Gaur garrantzitsuena ez zen maila, baizik eta kasta. Horri esker irabazi dut. Gorputzean mina dut, baina zoriontsu nago». Atzo, esnatzean, berdin segitzen zuen: «Ia Munduko Txapelketa irabazi nuenean bezain pozik nago». Marka gutxienekoa izan zen, baina hortxe geratuko da: 2.37.22.
Fizek 2015ean irabazi zuen New Yorkeko maratoia, 2016an Tokiokoa, Bostongoa eta Berlingoa, eta iaz Chicagokoa. Londreskoan parte hartu zuen aurreko urtean ere, baina ez zuen irabazi. Bera baino bi urte gazteagoa den atleta batek irabazi zion: Mohamed el-Yamanik. Adina erabakigarria da maila horietan.
Sei maratoiak osatzeko erronka «presiorik gabe» hasi zuen arren, onartu du herenegun bazuela: «Hankak gogortuta neuzkan. Neurri batean, nik jarri nion presio hori neure buruari, erronka lortzeko azken aukera izango zela esan nuenean. Baina ez nuen jendea aspertu nahi».
Kale edo baleko lasterketa zen, beraz. Beti esan izan du bere sufritzeko gaitasuna eta muga oso handiak direla. Baina muga horren marra gorritik oso gertu egon zen igandean. «Zalantzarik gabe, sei maratoien artean gogorrena hau izan da, nahiz eta berez Berlingoarekin batera bizkorrena izan ohi den».
Hasi eta berehala izan zuen lehen ezustekoa, seigarren kilometroan. Ibilgailuek abiadura gutxitzeko sakongune batean erorikoa izan zuen:«Horrek hankaz gora jarri zituen nire asmo guztiak, min hartu bainuen koadrizepseko giharretan. Gainera, hasiera izan arren, erritmoa oso bizia zen, Afrikako hainbat atletak munduko marka egitera zetozelako».Bero eta hezetasun handia egin zuen, gainera. Londresko maratoiak 100. aldia zuen igandean, eta inoizko beroena izan zen. 23 gradura iritsi zen tenperatura. «Horrek are gehiago gogortu zuen proba». Datuak argigarriak dira. Batez beste 3.30eko erritmoan egin zuen proba, baina azken bi kilometroak, 4.30ean.
Egoera hain gogorra izanda, «errazena eta zentzuzkoena» lasterketa uztea zen. Baina markatik harago, Fizek beste akuilu bat zuen halakorik ez egiteko: lagunak eta familia han zeudela: «Ibilbideko leku esanguratsuetan jartzeko esan nien, banekielako haien babesa erabakigarria izango zela».
Gainera, uste du profesional garaian lortutako eskarmentua oso baliagarria izan zitzaiola. «Banekien urduri jarrita ez nuela ezer lortuko; alderantziz, sufrimendua areagotu egingo zela. Burua hotz izan behar nuen hurrengo kilometroetan, une zail hari buelta emateko». Hala egin zuen, eta hori izan zen irabazteko gakoa.
Orain atseden hartu nahi du. «Lortutakoarekin disfrutatu nahi dut. Izan ere, azken lau hilabeteetan nire egunerokoa, exijentzia eta presioari erreparatuta, ia profesional nintzen garaikoaren parekoa izan da, bai fisikoki, bai psikologikoki». Ondoren hasiko da erronka berrietan pentsatzen:«Betiere niretzat erakargarria izanda, eta bizimodu osasungarri baten eredu izan dadila».
Martin Fiz
Seikotea osatu du
Igandean Londreskoan gailendu ostean, munduko sei maratoi handienak irabazi dituen lehen atleta da Martin Fiz. Sufrituta lortu zuen garaipena, eroriko bat izan baitzuen, eta bero handia egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu