Lewis Hamilton

Seigarrena ez du aski

Lewis Hamilton ingelesak seigarren aldiz irabazi du 1 Formulako Munduko Txapelketa, eta titulu bakarrera du jada Michael Schumacher handiaren marka.

LARRY W. SMITH / EFE.
Laurentzi Garmendia
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Munduko 1 Formulako Txapelketako seigarren titulua lortu du Lewis Hamiltonek, 2008an lehena lortu zuenetik 11 urte igaro ostean. Tartean izan dira Sebastian Vettelek jarraian lortutako laurak, 2010etik 2013ra artekoak. Beste biak Jenson Buttonek eta Nico Rosbergek lortu zituzten, 2009an eta 2016an, hurrenez hurren. Hortaz, zalantzarik gabe esan daiteke Hamilton dela azken hamarkadako gidaririk handiena. Pilotu handi eta on asko izan dira tarte horretan, baina zaila da maila hori titulurik lortu gabe neurtzea. Hamiltonen lorpenak ez ditu inork ezbaian jarriko, eta oraingoz ez da inor horri muga jarriko dionik, bera ez bada.

Duela sei urte 1 Formulak motor berriak ezarri zituenetik, Mercedesek titulu guztiak irabazi ditu. Azken biak zailagoak izan dira, Ferrarik estu hartzeko moduko autoa egin baitu, baina alemaniarren talde egitura eta antolaketak oinarri sendoak ditu. Azkarrenak izan ez direnetan ere helmuga marra lehen postuan gainditzeko gai izan dira, edo gutxienez kaltea mugatu ahal izan dute. Aldiz, italiarrek, egun borobila izan ezean, esku hutsik amaitu dute sarritan. Mercedesek autogileen titulua nahiko erraz lortu du; Hamiltoni lan gehixeago eman dio gidarienak: ez beste taldeek zail jarri diotelako, baizik eta Valteri Bottas taldekidearengatik. Herenegun, Mexiko Hirian, bere seigarren titulua lortu zuen egunean, Bottasek baino ez zion ukatu garaipenarekin ospatzeko aukera.

Finlandiarrak sendo ekin zion urteari, baina, Austriatik aurrera, autoaren mailak atzerapauso bat egin zuen. Red Bulli ondo egokitzen zitzaizkion zirkuituen txanda iritsi zen, eta Ferrarik ukitu miragarria topatu zuen udan. Hala, irailetik aurrera autorik azkarrena izan zuten. Une horretan agertu da Hamiltonen bertsiorik onena, larunbatean Charles Leclercen aurrean belaunikatuz baina igandean garaipena oso garesti salduz. Taldeak ere estrategia bikaina erabili du azken hiru garaipenak lortzeko, eta, biak batuta, sendotasunaren baliokide bilakatu dira. Pitzadura gutxi du taldeak, eta, ziurrenik, datorren urteari begira aspaldi hasi ziren lanean. Austinen (AEB) aspaldiko sailkatze saiorik apalena izan eta bosgarren egin bazuen ere, igandean Mercedes-Hamilton elkarteak eskura izan zuen berriro garaipena. Datorren urtean bere horretan eutsiko zaio araudiari, baina dagoeneko aurreratu du 2021era begira garai berriko aitzindari izan nahi duela.

Aurkari nagusia, bere burua

Hamiltonen aurkaririk handiena bere burua da. Mercedesekin elkarte bikaina osatu du, baina elkar ezagutu behar izan dute horretarako lehen urteetan, mesfidantza baitzegoen hasieran. Baina bakoitzak besteari behar zuena eman dio, eta eroso dira biak. Mercedesek egonkortasuna asko bilatzen du, exijentzia apaldu gabe. Babesle berberak ditu kasik duela hamar urte 1 Formulara itzuli zenetik, eta gidari aldaketak ere ezohikoak dira. Eskarmentudunak bakarrik bilatzen ditu. Hamiltonek hori guztia du, baina tarteka erakusten du bere buruan badirela bestelako ezinegonak ere. Moda eta musika izan dira orain arte, eta, orain, ekologia.

Instagram kontuan eman zuen ekologiaz dituen kezken berri, eta ikuspegi ezkor batetik aritu zen. Ingurumenari buruzko kezka eta agintarien pasibitatea salatzen zituen bertan. Nekazaritzaren ondorio negatiboak eta animalietan oinarritutako elikadura ere seinalatu zituen. Hamilton beganoa da 2017az geroztik, eta aurten jatetxe kate bat ireki du Londresen, janari estilo horretan oinarritua. Ekainean jet pribatua saldu zuen, karbono isuriak murrizteko asmoz. Horrek guztiak 1 Formularekin nola bat egiten duen galdetu zioten aurreko astean: «Ez da erraza, mundu osoan barna bidaiatzen baitugu. Gure karbono aztarna edozein herritarrena baino handiagoa da. Baina horrek ez du esan nahi gai hauei buruz hitz egiteko beldur izan behar dugunik».

Kezka eragin zuten adierazpenok Mercedesen. Duela bost urte hasi zen E Formulako txapelketa, non autoak guztiz elektrikoak diren, eta Mercedesek aurten egingo du debuta talde gisa. Baina Hamiltonek ez omen du txapelketa horretan lehiatzeko asmorik. Beraz, bi galdera eragiten ditu horrek. Noiz arte iraungo du 1 Formula honetan? Eta zeintzuk izango dira haren asmoak ondoren?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.