Athletic

Sei urteren ostean, garaipenarekin itzuli da Athletic San Mamesera

Bigarren zatian egindako bi golek hiru puntuak eman dizkiote Athletici Europa Ligako bigarren jardunaldian. 46.328 zale bildu dira San Mamesen sei urteren ostean zuri-gorriak Europan ikusteko.

Williams anaiak gola ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Williams anaiak gola ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 3a
22:55
Entzun

Athleticek 2-0 hartu du mendean AZ Alkmaar Europa Liga San Mamesera itzuli den egunean. 46.328 zale bildu dira San Mamesen sei urteren ostean zuri-gorriak Europan ikusteko, eta taldeak hiru puntuak oparitu dizkie zaleei. Bisitariak sendo aritu dira defentsako lanean, eta gola egiteko aukerarik ere izan dute. Athletic ez da nahi bezala aritu, baina bi gol egin ditu bigarren zatian. Nico Williamsen jokaldiak baliatu dituzte Iñaki anaiak eta Oihan Sancetek festa leherrarazteko. 

Lehen zatian Athleticek ez du joko zelaian nagusitzerik izan. Jokalari batzuen buruz-buruko jokaldiekin soilik eraman dute arriskua AZ-ren atera. Herbeheretarrek, gainera, ondo atera dute baloia atzetik jokatuta, eta trantsizioetan akatsak zigortzeko gai zirela erakutsi dute. Aukera urriak izan dituzte bi taldeek lehen 45 minutuetan, baina argienak zuri-gorriek izan dituzte. Hegaletatik ahalegindu da Athletic, eta Yuri Berchichek gertu izan du gola birritan. Lehen aukeran langara bidali du baloia, eta bigarrenean zailtasunekin aldendu du baloia atezainak. Lehen ordu laurdenean izan da hori, ordea. Beste ordu erdian kostata iritsi da Athletic AZ-ren ate ingurura. Zelai erdiko jokalariek nekez aurkitu dituzte aurrelariak bisitarien lerro artean, eta baloia galtzerakoan ez dute azkar berreskuratzerik izan.

Bigarren zatian bisitariek eman dute lehen abisua, Van Bommelen oinetan. Lehen minutuetan zelai erdian nagusitu ezinda egon dira bi taldeak, baina, azkenean, Athletic aurreratu da. 70. minutuan Sancetek baloia lapurtu du presioan, eta Nico Williamsen erdiraketa baliatu zuen Iñaki anaiak baloia sareetara bidaltzeko. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar bi anaiek, eta une egokian desmarkatu da Iñaki. 

Golak San Mameseko zaleak piztu ditu, baina bigarren gola iristearekin batera lehertu da festa harmailetan. Nicoren buruz buruk jokaldia ikusgarria izan da, eta atezainak errematea gelditu duen arren, aldaratzea baliatu du Sancetek gola egiteko. Gauzak horrela, Erroman lortutako berdinketarekin eta gaurko garaipenarekin, lau punturekin da Athletic sailkapenean.

Europa Ligako hurrengo partida ere San Mamesen jokatuko dute bilbotarrek. Slavia Praha hartuko dute hilaren 24an. Txekiarrek ere lau puntu dituzte Ludogoretsi irabazi eta Ajaxekin berdindu ostean. Hori baino lehen, ordea, ligako bi partida jokatuko ditu Athleticek. Lehena asteburu honetan izango du: Igandean Gironan ariko da (14:00, Movistar).

ATHLETIC - AZ ALKMAAR

Athletic. Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 55. min.), Vivian, Paredes, Yuri Berchiche, Jauregizar (Ander Herrera, 75. min.), Ruiz de Galarreta (Unai Gomez, 84.min.), Sancet, Nico Williams, Iñaki Williams eta Guruzeta (Berenguer, 75. min.).
AZ Alkmaar. Owusu-Oduro, Maikuma (Kasius, 76. min,), Penetra (Poku, 84. min.), Martins Indi, Wolfe, Koopmeiners (Lahdo, 76. min.); Clasie (Belic, 64. min.), Mijnans, Buurmeester; Van Bommel eta Parrot (Meerdink, 63. min.).
Golak. 1-1. Iñaki Williamsek (70. min.). 2.0. Oihan Sancetek (85. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.