Gorka Guruzeta. Athleticeko jokalaria

«Sei golen langa gainditu gura dut, eta gero gerokoak»

Gorka Guruzeta bikain jokatzen ari da denboraldi hasiera honetan. Lau gol sartu ditu dagoeneko, eta, gainera, taldearen jokoan gero eta pisu handiago dauka. Aukerak baliatzen ari da.

LUIS TEJIDO / EFE.
haritz gallastegi
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Athleticek Amorebietatik fitxatu zuenean, inor gutxik espero zuen Gorka Guruzeta (Donostia, 1996) bihurtuko zenik Athleticeko erdiko aurrelari titularra. Ernesto Valverderantzat azken aukera zena erreferente bihurtu da. Aukerak baliatu ditu. Gol sena dauka, eta dohain horri lanerako grina gehitu dio. Partida kopuru jakin bat jokatu ezean, kontratua amaituko zaio ekainean. Baina irrikaz dago klub zuri-gorriarekin duen lotura luzatzeko.

Hamazazpi puntu lortu dituzue bederatzi jardunalditan. Ontzat ematen duzu taldeak lortutako uzta?

Bai. Emaitza onak lortu ditugu. Txapelketa Real Madrilen kontra etxean galduta hasi genuen, baina, gerora, ondo lehiatu gara. Getaferen kontra ihes egin zizkiguten bi puntuak izan ezik, gauzak oso ondo egin ditugu. Puntu horiek ez irabazi ez izana da arantza bakarra.

Aurreko sasoian antzeko emaitzak eskuratu zenituzten ligako lehen txanpan, baina gerora taldeak ezin izan zion mailari eutsi. Denboraldion kontuak bestelakoak izango direla sinesteko arrazoiak daude?

Bai, baikorragoa izateko arrazoiak daude. Iaz ere antzera hasi ginen, baina aurten izan ditugun aurkarien maila hobea izan da. Osasuna eta Betis mendean hartzea lortu dugu, eta hori joan den sasoian ez zen posible izan. Talde indartsuenen kontra aurrerapauso bat eman behar dugu.

Azken denboraldiotan talde berberak sailkatu dira Europarako, eta horrek zerbait esan gura du.

Taldeak asko indartzen dira urtero, eta guk ez daukagu aukera hori. Beraz, gaudenok iazko gabeziak zuzentzen ahalegindu behar dugu: goi mailako taldeen kontra lehiakorragoak izan behar dugu, eta San Mamesen indartsuagoak.

Vila-Real, Betis, Sevilla eta halako taldeetatik gertuago zaudetela uste duzu?

Goiz da hori baieztatzeko, baina orain arte erakutsi duguna aintzat hartuta, baietz esango dut. Talde gisa ondo aritzen bagara, aurkari zaila izango gara gainerako taldeentzat.

Taldea ondo ari da, eta zu zeu ere bai. Lau gol sartu dituzu bederatzi jardunalditan. Gustura zaude?

Pozik nago golak sartuz laguntzen ari naizelako. Irabazteko, beharrezkoa da erasoan aritzen garenok gol sartzea zein gola sartzeko paseak ematea. Aurreko sasoian bolada oso on bat izan nuen, baina, ondoren, gehien jokatu nuenean, lehorte handi xamarra izan nuen. Espero dut hori ez gertatzea.

Sei gol sartu zenituen 30 partidatan. Non jarri duzu langa denboraldi honetan?

Joan den sasoiko kopurua gainditzea da lehen helburua; eta behin hori lortuta, ahalik eta gol gehien sartzea. Ondo hasi naiz, eta taldeari laguntzen segitzeko esperantza daukat.

Zure ustez, taldearen jokoan pisu handiagoa daukazu?

Maila berri batean jokatzen dudan lehen urtean gehiago kostatu izan zait. Joan den sasoikoa izan zen niretzat lehen urte osoa gorengo mailan, eta, orain, mailak eskatzen duena hobeto ezagutzen dudanez, erosoago ari naiz. Area barruan asmatzeaz gain, lanerako grina handiagoa daukat.

Denbora gehien jokatu duen bosgarren futbolaria zara. Valverdek konfiantza eman dizu.

Bai, eta asko eskertzen diot. Aurreko sasoian asko ikasi nuen. Itzalean egindako lanaren saria izan nuen. Aurten denboraldi hasieratik ari naiz aukerak izaten.

Oso ondo ari zara, baina inguruan dituzuen taldekideak ere ez dira makalak. Sancet eta hegaletan Williams anaiak ari dira zurekin. Jokamoldez oso ezberdinak dira, baina erabakigarriak.

Goi mailako jokalariak dira. Azkarrak dira oso, eta aukera asko sortzen dituzte. Inguruan jokatzen dugunok haien ahalmenaz baliatzen gara eraginkorrak izateko. Sancet ere jokalari ikusgarria da.

Kosta egin zaizu gorengo mailan lekua egitea, baina jokalari gisa heldu egin zarela iritzi diozu?

21 urterekin egin nuen debuta Lehen Mailan, baina urte batzuk behar izan ditut segida izateko. Bolada onean nago. Gozatzen ari naiz, baina uste dut gehiago emateko gai naizela.

Athleticekin duzun hitzarmenari dagokionez, ekainean amaituko zaizu kontratua edo klubak beste urtebetez luzatzeko aukera dauka?

Helburu jakin batzuk lortuz gero, beste urtebetez jarraitzeko aukera daukat. Aurrekoa sasoikoa eta oraingoa batuta, berrogei partidatatik gutxienez erdiak jokatuta, beste urtebetez jarraitzeko aukera izango nuke. Bestela, ekainean amaituko zait.

Asko ari zara jokatzen; beraz, urte hori bermatzeko ez dirudi arazorik izango duzunik.

Ez dakit. Ez diot kontu horri arreta handirik jarri, bestela nahasteko arriskua egon daiteke eta. Ondo jokatu, eta futbolean buru-belarri aritzea baino ez dut buruan. Bide batez, kontratua luzatzeko deia jasotzen badut, irrribarre handi batekin joango naiz hitzordura.

Ez zaude egoera txarrean negoziatzeko. Aprobetxatu egin beharko duzu...

Zelaian irabazi gura dut kontratu luzapena.

Kontratua berritzeak lasaitasuna emango lizuke?

Bai. Futbolariontzat garrantzitsua da klubak aintzat hartzea. Lasaitasuna eta konfiantza ematen du. Baina kontratua sinatuta edukitzeak ez du esan gura erlaxatu egingo naizenik. Kontratua luzatzeko irrikaz nago, eta horretarako ari naiz lanean.

Kluba ez al da zurekin harremanetan jarri?

Nik dakidala ez. Ez dakit ezer, eta albisteak ditudan egunean berri onak izatea espero dut. Athleticen luzaroan jarraitzea nahi dut.

Bartzelonaren kontra duzue hurrengo lehia. Neurketa oso gaitza da, baina ez da leku txarra mahai gainean kolpea emateko, ezta?

Zaila izango da, baina ez dut baztertzen. Ea emaitza on bat lortzeko gai garen, eta, gol bat sartzen badut, askoz hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.