Sei buru, eta txapel bakarra

Aurkeztu dute erremonteko buruz buruko txapelketa. Abuztuaren 10ean abiatuko da ligaxka

Txapelketaren bigarren fasean arituko diren sei erremontistak, atzo, Txillida Leku museoan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Pausoz pauso bada ere, nabarmena da erremontearen gorakada azkenaldian. Zale andana bildu da Galarreta aldean partidak ikusteko, eta aukera paregabea izango dute orain, bueltan baitago buruz buruko txapelketa nagusia. Uztailean abiatu zen txapelketa, aurrekanporaketekin, eta hemendik eta irail erdialdera bitarte sei erremontista onenak arituko dira: Javi Urriza, Endika Barrenetxea, Imanol Ansa, Xabier Azpiroz, Aritz Juanenea eta Iban Larrañaga. Atzo arratsaldean egin zuten txapelketaren aurkezpena, Txillida Leku Museoan, eta bertan izan ziren sei protagonistak. Urriza da beteranoena eta txapel gehien dituena: zortzi. Iaz berak irabazi zuen txapelketa, finalean Barrenetxea garaituta. Larrañaga, berriz, lehen aldiz iritsi da buruz buruko sei erremontista onenen artera. Bera da horraino iristeko kanporaketak gainditu behar izan dituen bakarra. Hiru partida irabazi ditu horretarako.

Uztailaren 18an abiatu zen txapelketaren lehen fasea, kanporaketa formatuan, eta bertako garailearen zain egon dira orain arte Azpiroz eta Juanenea. Uztailaren 29an jokatu zen lehen fase horretako finala, eta Larrañagak 30-22 garaitu zuen Goikoetxea V. Sei onenen artean sailkatuta bere buruari jarritako helburua «bete» duela nabarmendu du azpeitiarrak, eta ezer galtzekorik ez duela dio: «Sekula ez da nire gustuko diziplina izan. Asko sufritu izan dut beti, eta askotan jokatu ere ez dut egin. Baina aurten probatzea erabaki nuen. Lehenengo bi partidetan asko sufrituta irabazi nuen, baina hirugarren partidan gozatu ere egin nuen. Hori da hemendik aurrera daukadan helburu bakarra». Abuztuaren 5ean, larunbatean, jokatuko du aurre-ligaxkako partida, Azpirozen aurka, eta garaileak Juanenearen aurka aritu beharko du buruz buru, azken fasera sailkatzeko helburuarekin.

Aitatasun baimenetik bueltan da Larrañaga. Bi hilabete geldirik egonda, lehengo mailara itzultzea «kosta» egin zaiola aitortu du, baina pozik dago lortu duen gorputzaldiarekin: «Ni bakarrik nator lehen faseko partidak jokatuta. Beste denak jokatu gabe daude oraindik, eta buruz buruko lehenengo partida beti da oso arriskutsua. Motibazio aldetik oso ondo iritsiko naiz, eta partidak jokatuta. Sustoren bat edo beste emateko gai naizen ikusi nahi dut».

Guztiz bestelakoa da Urrizaren egoera. Koteto Ezkurraren atzetik diziplina horretan txapel gehien lortu dituen erremontista da, zortzi lortu ditu azken 11 urteetan. 42 urte beteko ditu azaroan, eta, «sasoi onean» iritsiko dela dioen arren, zalantzak ere badituela nabarmendu du: «Banakakoa 41 urterekin jokatzea oso zaila da. Iaz, asko sufrituta, baina irabaztea lortu nuen, eta horrek indarra eman zidan aurten ere parte hartzeko». Frontoian Urriza dagoen bakoitzean, bera izaten da faborito nagusia. Hala dio palmaresak eta gainerako aurkariek dioten errespetuak. Baina asko irabazi duenak gehiago izaten du galtzeko irabazteko baino; presio hori izaten du txapeldunak. Hala ere,nafarrak argi utzi du aurten txapela ez dela «obligazio» bat. Urratsez urrats joan nahi du: «Aurkariei aurre egin nahi diet, eta ahalik eta lehiakorren izan. Beste final bat jokatzea ederra litzateke, baina jakitun nago arriskuez eta zailtasunez».

Azken fasean, lau

Azken fasea lau oilarren arteko lehia estua izango da. Urriza, Barrenetxea IV.a, Ansa II.a eta aurreligaxkako garailea arituko dira nor baino nor gehiago, finalean toki bat izateko helburuz. Ligaxkan arituko dira, eta denek denen aurka jokatu beharko dute. Hortaz, garrantzitsua izango da galduz gero ahalik eta tanto gehien egin ahal izatea. Inork baino hobeto ezagutzen ditu diziplina horren xehetasunak Urrizak, eta alor fisikoari eta teknikoari garrantzi handia ematen die. Fisikoari dagokionez horren frontoi luzea oso exijentea dela aitortu du, eta teknikoki, berriz, urte osoan zehar lantzen ez dena landu behar izaten dela dio: «Aurrelariek, normalean atzelariek egin ohi duten lana; sakea eta errebotea, adibidez. Eta atzelariek, normalean aurrelariek egiten dutena: errestoa, edo punpa-lasterra, adibidez. Azken finean, bakoitzak bere gabeziak lantzea da helburua».

Abuztuaren 10ean, 12an, 17an, 19an, 24an eta 26an jokatuko dira azken faseko neurketa guztiak. Ligaxkako lehen sailkatua zuzenean igaroko da irailaren 9an jokatuko den finalera. Beste finalista nor den jakiteko, berriz, beste partida bat jokatu beharko dute ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.