Sei aizkolari, talaia ezberdinetatik begira

Igandean jokatuko dute Euskadiko Aizkolari Txapelketa; joan zen irailaren 16an jokatutako kanporaketan sailkatutakoak arituko dira garaipenaren bila. Besteak beste, Nerea Arruti egungo txapelduna dago finalisten artean. Hura da faborito.

Finalaren aurkezpena, asteartean, Elgoibarren. EUSKADIKO HERRI KIROL FEDERAZIOA.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Aurtengo Euskadiko Aizkolari Txapelketa jokatuko duen aizkolarien multzoari erreparatuz gero, kirolean ibilbide ezberdina duten emakume seikotea bistaratzen da. Adina eta esperientzia dira ezaugarririk nabarmenenak; gazteak eta zailduak ez ezik, hasiberriak eta urteetan jardunean ari direnak ere bilduko dira igandean Elgoibarko Kalegoena plazako (Gipuzkoa) finalean. Jadanik bide oparoa osatu dutenen artean daude Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo; gazteenen artean, berriz, Oihana Fernandez de Barrena eta Malen Barrenetxea daude. Ane Zapirain eta Nerea Arruti ere sail horretan kokatu daitezkeen aizkolariak dira, txapelketei luze gabe ekindakoak direnez gero.

Sei aizkolariek, beraz, nork bere talaiatik begiratuko diote finalari. Arrutirena da, ordea, txapelaren lehiarako kiniela gehienetan agertzen den izena. Ez alferrik, urnietarra baita egungo txapelduna. Haren esanetan, ezaugarri ezberdineko aizkolariak biltzeak badu bere mamia: «Uste dut jendea gogotsu datorrela. Nahiz eta hasi berriak izan, edo urte askoan aritu, denak saiatuko dira guztia ematen».

Baita Arruti berea ere. Joan zen urteko garaipenari beste bat gehitu nahi dio aurten. Hain justu, Gipuzkoako Txapelketa irabazi eta astebetera: «Ilusioz nago. Egin beharreko lanak eginda ailegatuko naiz. Gero ikusiko dugu zer gertatzen den. Gauza asko daude guk kontrolatu ezin ditugunak, baina ahal dudan guztia emango dut».

Aizkoran Arruti da azken urte eta erdian gehien nabarmendu den kirolaria, baina horrek ez du bere bidetik aldendu. Are gutxiago Euskadiko Txapelketa prestatzeko orduan. Hala azaldu du: «Normal prestatu dut txapelketa. Ez dut ezer aldatu; astean bitan egiten dut aizkoran, eta entrenatzaileak jartzen dizkidan lanen arabera entrenatu naiz».

Finalean arituko diren sei aizkolariek joan zen irailaren 16an gainditu zuten lehen koska. Hernanin (Gipuzkoa) jokatutako kanporaketa gaindituta egin zuten finalerako urratsa. Hortaz, egungo aizkolari onentsuenak bilduko dira Elgoibarren. Arrutik «lehia estua» aurreikusi du etziko ekitaldiaren atarian: «Ez dakigu zer gerta daitekeen, zer enbor egokituko diren, norberak adarrik izango duen, edo besteak... Gainera, Sorondo eta besteak oso gogor aritzen dira. Aurkari onak dira beti, eta nahiz eta aurretik edo atzetik aritu, gauzak ezin dira bukatutzat eman. Azkeneko unera artean dena eman beharko da». Sorondok, esaterako, hiru aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa orain baino lehen.

Plazara «gozatzera»

Arrutik lehen ere irabazia du Euskadiko Txapelketa, eta «berriz irabazteko aukeren jakitun» azalduko da plazara: «Ez zara joango txapelketa batera irabazi ezin duzula pentsatuz. Hautagai bai, baina gero ikusiko dugu zer gertatzen den». Katedrak bera du gailentzeko hautagai nagusi gisa, eta horrek «urduriago» jarri du. Baina, badu horri aurre egiteko erremedioa: «Beste modura batera ari naiz hartzen herrikirolen lehia. Gozatzera joango naiz, eta gertatzen dena gertatzen dela, hori izango da helburu nagusia».

Haatik, Arrutiren garaipen bat beste mugarri bat izan daiteke bere kirol ibilbide oparoan. Hala uste du berak: «Sekulako ilusioa egingo zidan. Beste txapel bat etxera eramatea, bi urtean bigarrena irabaztea, kristoren helburua lortzea izango litzateke».

Federazioak antolatzen duen txapelketa nagusia da etzi jokatuko dutena, eta proba horretako ohiko lanak egingo dituzte aizkolariek. Sei pago enbor moztuko dituzte orotara; bina 36 ontzako, 45 ontzako eta kana-erdiko —54 ontzako egurrak dira— mozteko lana egingo dute. Lan horietan gailentzeko «saio osoa» egin beharko dela azpimarratu du Arrutik: «Irabazi nahi duenak lan polita egin beharko du. Ez dakigu nolako egurrak izango diren, eta ahalik eta gozoen aritu beharko da».

Egurren gogortasuna noren aldeko den galdetuta, egungo txapeldunak uste du beteranoei «mesede» egingo diela, eta kontrol handiagoa, egurrak hobeto ezagutzea eta plazako jarrera jarri ditu adibidetzat.

Txikia IV.a nagusi

Igandeko jardunaldiak osatuko du aizkora aste oparoa. Atzo, adibidez, Egursportek antolatzen duen Urrezko Aizkorako finala jokatu zen Etxebarrin (Bizkaia). Han, Julen Alberdi Txikia IV. irabazi zuen. Iker Vicente sailkatu zen bigarren; eta,Hodei Ezpeleta, hirugarren.

Elgoibarren emakumezkoen finala izango da jaialdiko saio nagusia, baina han jokatuko da ere gizonezkoen bigarren mailako kanporaketa. Lekunberrin, berriz, Nafarroako Federazioaren txapelketaren kanporaketa jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.