Segurtasun neurri zorrotzak Bilbon eta Donostian, ultrengatik

Anderlecht eta AZ Alkmaar taldeetako ultrak gaur iritsiko dira, biharko Europa ligako partidak direla eta. Anoeta eta San Mames inguruetan zaintza handia izango da, istiluak eragozteko asmoz.

Donostiako, Anoetako estadioaren inguruan markatu dituzten eremuak. BERRIA
Donostiako, Anoetako estadioaren inguruan markatu dituzten eremuak. BERRIA
ainara arratibel gascon
2024ko urriaren 2a
17:50
Entzun

Ertzaintzak segurtasun neurriak zorroztuko ditu Donostian eta Bilbon, Anderlecht eta AZ Alkmaar taldeetako ultren etorrerarengatik. Anoeta eta San Mames inguruetan handituko dute kontrola, batez ere. Gaur gauean iritsiko dira Donostiara Belgikako taldeko 300 ultra inguru, eta Gipuzkoako hiriburua utzi arte Ertzaintzaren eta Donostiako udaltzainen zaintzapean egongo dira. Haien elkartzeko tokia Alderdi Eder ingurua izango da, bihar arratsaldeko lehen orduan, eta hiriburuko erdigunetik egingo dute Anoetarako bidea, 16:00etatik aurrera. Ordutik neurriak are gehiago zorroztuko dituzte, batez ere Anoeta inguruko Amara Berri auzoan.

Besteak beste, auzo horretako eskolak itxi egingo dituzte, eta haurrek bertatik irten beharko dute. Ikastetxeetako haurrek, gainera, ez dituzte ohiko eskolaz kanpoko jarduerak izango. Ernest Lluch kultur etxeak dagoeneko jakinarazi die erabiltzaileei gaur arratsaldean ez dituela ateak irekiko. Kirol azpiegiturak ere ez irekitzeko gomendioa eman dute agintariek. Baina traba gehien eragingo duen neurria, nagusia, trafiko mozketarena izango da. 16:00etatik 19:00etara ibilgailuak ezingo dira handik igaro. Auzotarrak kexu dira neurriekin. 

Bilbon, berriz, hirukoiztu egingo dute Athleticen partida batean egon ohi den ertzain kopurua. Hirurehun inguru izango dira oraingo honetan. Herbehereetako zaleen multzoan 43 bat ultra inguru etortzea aurreikusten da. AZ Alkmaarreko ultrek liskarrak sortu zituzten 2023ko Konferentzia Ligako finalerdietan. Ingalaterrako West Ham taldeko zaleei eraso egin zieten, jokalarien senideak zeuden harmailara iritsi ahal izateko. Klubak neurri zorrotzak hartu zituen, eta guztiak kanporatu. 2015ean AZ Alkmaarrek Bilbon jokatu zuen, eta ez zen istilurik egon. Neurri zorrotzenak San Mames inguruan eta Alde Zaharreko kaleetan ipiniko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.