Urteko egunik handienetakoa izango du gaur erremonteak, binakako txapelketaren finala jokatuko baita Hernaniko Galarreta pilotalekuan, 18:00etatik aurrera. Irudi historikoa utzi zuen iazko finalak: urrezko aroetan bezala, berrehun lagun baino gehiago geratu ziren frontoira sartu ezinda, leporaino bete zirelako harmailak. Bada, halako kaosik ez da sortuko gaur, baina egun handietako giroa espero da, eta neurri bereko ikuskizuna eskaintzeko prest izango dira bi bikote finalistak. Aurrez aurre ariko dira txapelketako bi bikoterik onenak: Beñat Segurola-Endika Barrenetxea eta Josetxo Ezkurra-Xabier Azpiroz. Gipuzkoarren eta nafarren arteko lehia izango da, faborito garbirik gabekoa, nahiz eta irabazteari begira balantza apur bat makurtzen den Gipuzkoako bikotearen aldera.
Motibazioz gainezka kantxaratuko dira nola Segurola (Aizarnazabal, Gipuzkoa, 1990), hala Azpiroz (Uitzi, Nafarroa, 1994). Astea luze egin zaio gipuzkoarrari: «Urduria naiz berez, eta finalak sortu dit halako ezinegon bat, baina uste dut tenple onean kantxaratuko naizela». Lasaiago sentitu da Azpiroz: «Oso lasai pasatu dut astea, eta gozatzera aterako naiz».
Ez batak eta ez besteak ez dute presiorik sentituko, Segurolak hala uste du: «Baliteke gu izatea apur bat faborito, baina, kontuan izanda aurtengo txapelketa kalitate aldetik izugarria izan dela, saria da finalean egotea. Beldurrik gabe ariko gara». Beldur hitza burutik kendu nahi du Azpirozek ere. «Presioa finalerdietan izan genuen, Urriza-Larrañagaren aurka. Inork ez zuen espero guk irabaziko genuenik, eta orain gozatu egin behar dugu». Urtea biribildu nahi dute.
«Barrenetxearen sakean egon daiteke gakoa. Baina Ezkurra ondo moldatzen da errestoan, eta ausart jokatzea, horixe izango da sekretua» XABIER AZPIROZErremontista
Biek ala biek dakite zer den txapeldun izatea binaka. Segurolak duela bi urte jantzi zuen txapela, Larrañagarekin jokatuta. «Ezusteko handia izan zen guztientzat txapel hura guk janztea. Balentria errepikatzea latza litzateke». Azpirozek ere bi txapel ditu: 2019an eta iaz lortuak. «Xanti Utergarekin lortu nuen lehena, eta Urrizarekin iazkoa. Eskarmentua edukitzea beti da mesedegarri finaletan».
Aurtengo txapelketan bi bikoteok birritan aritu dira elkarren aurka, eta garaipen bana lortu dute. Ongi ezagutzen dute elkar, eta bat datoz: Barrenetxearen sakean egon daiteke gakoa. «Ezkurra ongi moldatzen da errestoan, eta ausart jokatzea, horixe izango da sekretua», ohartarazi du Azpirozek.
Laurak, sasoirik onenean
Pilotariek eurek aitortu dutenez, laurak daude sasoi bikainean. Denen gainetik, Ezkurra II.a. Erakustaldia eman zuen finalerdietan, eta berriz ere halaxe aritzea nahiko luke Azpiroz bikotekideak. «Oso gutxitan ikusi dut hain motibatuta jokatzen. Nabari da konfiantzaz dagoela, inolako minik gabe. Nik partidari eustea lortzen badut, badakit ongi ariko dela tantoak amaitzen. Beharrezkoa izango da finalari txukun ekitea konfiantza ez galtzeko».
Ezkurra II.arekin txapeldun izateak aparteko ilusioa egingo lioke Uitzikoari. «Elkarren bidelagun izan gara erremontean. Oriamendi enpresatik batera atera ginen bere garaian, eta, duela bi urte, itzuli ere elkarren ondoan itzuli ginen. Autoan ordu asko eman ditugu elkarrekin, eta harreman oso ona daukagu».
«Erotu gabe jokatuko dugu, baina, horma-bikoa jotzeko aukera edukitzean, ez dut birritan pentsatuko» BEÑAT SEGUROLAErremontista
Ez da txikiagoa Segurolak Barrenetxea VI.arekin duen harremana. «Hark lasaitzen nau gehien», aitortu du Aizarnazabalgoak. «Hitz egitea gustatzen zaio, erremonteaz asko daki, eta mesede egiten dit harekin jokatzeak. Aholku onak ematen dizkit». Ez du taktika ezkutatu nahi: «Erotu gabe jokatuko dugu, baina, horma-bikoa jotzeko aukera edukitzean, ez dut birritan pentsatuko».
Biek ala biek jendetza eramango dute Galarretara. Jaialdia Bigarren Mailako finalak hasiko du: Kemen Aldabe-Aitor Aiestaran eta Aimar Jabalera-Oier Apezetxea lehiatuko dira.