Segak zorrotz, kirolariak bizi

Asteburu honetan jokatu dute Europako Sega Txapelketa, Eslovenian. Hamabost lagun ariko dira euskal selekzioaren izenean, igandean.

Eslovenian jokatuko den Europako Sega Txapelketan lehiatuko diren euskal segalariak. ALMITZA SEGA ELKARTEA.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Beste behin, Euskal Herriko koloreak etxetik urrun erakutsiko dituzte segalariek. Izan ere, Europako Sega Txapelketa jokatuko dute Esloveniako Moravce herrian. Gaur abiatuko dira txapelketako ekitaldiak, baina euskal segalariak igandean lehiatuko dira. Almitza elkarteko ligan sailkatutako hamabost kirolari arituko dira euskal selekzioaren izenean: hamar gizonezkoen kategorian, eta bost emakumezkoen kategorian.

Txapelketa kontinentaletako moldean lehiatuko dira kirolariak, eta, hortaz, azkartasuna eta txukuntasuna hartuko dituzte kontuan lanak epaitzeko garaian. Gizonezkoen kategorian ariko direnek 100 metro karratuko sailak ebakiko dituzte. Segak zorrotz dituztela, bizi aritzeko momentua da.

Mikel Lizartza, Gorka Bildarratz, Migel Mari Jauregi Altzo ,Josu Mendizabal, Amaiur Arrospide, Jose Luiz Olaiz, Manex Olaiz, Bixente Mitxelena eta Oier Mitxelena ariko dira lehian Esloveniako belazean. Bestalde, Alaitz Imazek, Ainara Otamendik, Luixa Uzkudunek, Izadi Arrospidek eta Sehyla Sarasolak osatuko dute txapelketan ariko den emakumezkoen taldea.

Hamabost kirolarien artean, Sarasola da maila nagusian estreinako aldiz ariko diren segalarietako bat. «Lehen aldia dut maila honetan, eta ilusio handiarekin nago. Gogotsu nago parte hartzeko. Giro ona izaten da han, eta aprobetxatzeko modukoa da», nabarmendu du.

Orotara, zortzi herrialdetako taldeak lehiatuko dira Eslovenian. Herrialde antolatzaileaz eta Euskal Herriaz gain, beste zazpi naziotako kirolariek hartuko dute parte aurtengo txapelketan. Austria, Suitza, Alemania, Bavaria, Hego Tirol, Txekia eta Eslovakia ariko dira lehian.

Aurkariei dagokienez, Imazek adierazi du gaur-gaurkoz ez dutela haien jarduna ikusteko modurik izan, baina Austriakoak nabarmendu ditu garaipena eskuratzeko hautagai gisa: «Aurre samarrean ikusten ditugu, orain artean izan duten errendimendua zein den jakinda. Hego Tiroleko selekzioa eta Suitzakoa ere lehendabiziko postuetan sailkatzea espero dugu». Haren tankera berean mintzatu da Otamendi ere. Ibarrakoaren esanetan, «gure orain arteko ibilbidea ikusita, erdibidean sailkatzeko ideia dugu. Ea austriarrak eta suitzarrak zer moduz aritzen diren, baina zaila izango da haiei gaina hartzea. Urtez urte erakutsi dute oso onak direla».

Nolanahi ere, maila handiko kirolariak batuko dira Eslovenian jokatu den txapelketan, eta haien artean aritzeko probestu nahi dute Euskal Herriko ordezkariek. Otamendik berak azaldu du hori: «Betiko moduan, gure lana egiten saiatuko gara, eta Europako ibilbide honetan aurrerapauso batzuk ematen eta ikasten, beti ikasten, halako maila duten segalariengandik».

«Belazeak, zelebre»

Euskal Herriko ordezkaritza Eslovenian dago dagoeneko, eta segalariek jada izan dute modua igandeko txapelketarako prestatu dituzten belazean ikuskatzeko. Hain justu ere, han aurkitutako egoerak arreta eman die Imazi eta Otamendiri, ingurunearen egoerarengatik. Hala nabarmendu du Imazek: «Izan ginen belazea ikusten, eta baldintza kuriosoetan dago. Azken asteetan egunero egin du euria, eta ekaitz dezente izan omen dira. Belarra zanpatu antzera dago, azpitik etzana, eta urtsu-urtsua. Sekula ez gara horrelako belaze batean aritu».Otamendik ere berretsi du belazea «zelebre» aurkitu dutela, baina, dena den, ez du uste aparteko zailtasunik duenik: «Belarrak ez du mozteko zaila ematen, gune ezberdinak bereizten dira, eta sailen artean ezberdintasunak egon daitezke. Baina, bereziki, zoruko putzuak izango dira berezienak, eta ikusi beharko da iganderako pixka bat jasotzen duen eta apur bat lehortzen den».

Gaur eta bihar lehen ekitaldiak egingo dituzte, eta junior mailako lehiarekin hasiko da txapelketa, igandean. Haien ostean jokatuko dituzte emakumezkoen (13:30) eta gizonezkoen mailako txapelketa nagusiak (14:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.