Igor Esnaola

"Sega oso sorgina da, dezente baldintzatuta baitzaude beti"

Gipuzkoako Sega Txapelketa hirugarrengoz irabazi berritan, Euskal Herrikoari begira ari da lanean Igor Esnaola segalaria. Kanporaketaren egun berean, Trontzako Euskal Herriko finala izango du.

Hirutan irabazi du Igor Esnaolak Gipuzkoako Sega Txapelketa. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2015eko uztailaren 17a
09:51
Entzun

Denboraldiko unerik gorenean murgilduta dabil Igor Esnaola (Legorreta, 1974). Segan eta trontzan aritzen da. Aitor anaiarekin, hiru aldiz jantzi du Euskal Herriko txapela trontzan, eta segan marka guztiak hausten ari da.

Maiatzean Baztanen egindako erronka baten ondorioz, gorputzari buelta eman ezinda zabiltzala zenioen Gipuzkoako sega finala jokatu bezperan; baina, hala ere, txapeldun atera zinen. Egindako lanarekin gustura?

Oso gustura. Ordubeteko lana espero baino hobeto osatu nuen, fisikoki ez nago iaz-eta bezala, baina bueno… Belarra arina tokatu zen, eta hori nire aldeko abantaila izan zen. Belar karga handiak izango balira, uste dut lehenago jaitsiko nintzatekeela, baina baita besteak ere. Konforme nago.

Baina zer da, bada, gorputzean sentitzen duzuna?

Nekea, nekea daukat, eta prestaketa falta ere bai. Segan apenas aritu naizen, batere ez esateagatik, oso-oso gutxi. Eta maiatzeko apustu xelebre horren ondorioak ere antzematen ari naiz neurri batean. Lan horretatik leheneratzen ari naiz, eta, orain, sega prestaketarako beharra daukat. Teknikoki, nahiko ondo moldatzen naiz segan, baina motorra…

Hilaren 26an, Euskal Herriko Txapelketarako kanporaketa jokatuko duzue Aian. Kasu horretan ere, titulua defendatzera zoaz.

Aristerrazun izango da, gogorra hori ere. Lehengo finaleko bi segalari daude kanporaketa berean, Urki eta Iban Pardo, eta laugarrena Andoni Urrutia. Urrutia oraindik ez dut ikusi, eta sorpresaren bat eman dezake. Ordu erdiko lana izango da, eta ikusiko dugu zer moduz ateratzen den.

Lauretatik bi sartuko dira abuztuaren 16ko finalean. Zein ariko dira beste kanporaketan?

Jon Kanflanka eta Mikel Berakoetxea, biak nafarrak, eta Julen Gabirondo eta Iñigo Mercader. Mercader kilo batengatik gelditu zen Gipuzkoako finaletik kanpo.

Orain, beraz, prestaketari eman nahi diozu lehentasuna, ordubeteko lanari begira batez ere.

Bai, hala da. Ordu erdikoa lana ere bada, nahiz eta akatsen bat eginez gero indarberritzeko tarte txikiagoa eduki. Baina ordubete izan, ordu erdia izan ala hamar minutu izan, denbora horretan dena eman beharra dago sailkatzeko, eta ez dago lasaitzerik. Dudana emanda ere, badakit kosta egiten dela horrelakoetarako sailkatzea.

Eta, egun berean, Euskal Herriko Trontza Txapelketaren finala duzu. Ez duzu erabat utzi, beraz.

Ez dut utzi, ez! Utzi egin genuen, edo behartu, eta horrela joan dira urte batzuk. Iaz, Santi Aizpurua erremontista izandakoa eta biok hasi ginen. Zizurkilgoa da. Ikaragarri gustura ibili ginen, eta aurten ere, segan bezalaxe, utzi, utzi eta utzi, eta azken orduan presaka gabiltza entrenatzen. Iaz hirugarren sailkatu ginen Euskal Herrikoan, baina Zazpi Herrialdeetako Txapelketa irabazi genuen. Ustekabeko polita hartu genuen biok ere; lan txukuna egin genuen.

Ez al da lan gehitxo egun bakarrerako?

Bai, bai. Trontzan lehian aritzeko puntu-puntuan egonda ere, dezente mugatuta joango naizela uste dut. Eguerdian, nahi ezta ere, pasaera hartu egin beharra dago, eta ez dago denborarik errekuperatzeko. Baina bueno, badakigu zer dagoen, nola gauden ere bai.

Azken hiru urteetan Gipuzkoako txapeldun izan zara, baita azken bietan Euskal Herrikoa ere. Kontuan hartuta 2013an hasi zinela segan, garaipen zerrenda bikaina duzu.

Orain arte ondo atera dira. Aurreko finalean esan izan balidate hirugarren gelditu nintzela, berdin-berdin konforme geratuko nintzateke. Denoi gustatzen zaigu irabaztea, eta horrek beti laguntzen du. Hori garbi. Beti nuen buruan iraupeneko lanarena, ordubetean eutsiko ote nuen, ez nuen, eta nire aukeren barruan urruti ikusten nuen. Gero probak egiten hasi nintzen, erdi zalantzan atera nintzen, baina pixkana-pixkana, sinistu egiten duzu.

Horiek iraupeneko probak dira, baina azkartasunekoetan ere txapeldun atera zara. Zer modalitate duzu gustukoen?

Gustura ibili naiz bietan, eta moldatu ere bietan antzera. Azkar eta txukun ebaki behar da, eta neurria hartua diot. Polita da.

Kirten luzeko segarekin ateratzen zara.

Hura daukat, eta harekin ateratzen naiz, bai! Ehun metro koadroko saila hiru mailatan hartzen dut. Normalean, aurreneko biak 3,5 metrokoak hartzen ditut, eta hirugarrena menderatzeko errazago uzten dut. Ohiturak dira. Ni beti izan naiz indarra dagoen bitartean behartzearen aldekoa, eta bukaerako lan gutxiago uztekoa. Zortea, hala ere, erabakigarriagoa da modalitate honetan: sailak, zozketak… Akats bat egiteko askoz errazagoa da, izpi bat utzita penalizazioa handia izaten baita.

Zorrotzailea ere beste txapeldun bat, emakumezkoa: Alatzne Etxaburua. Ez da ohiko irudia herri kirolen munduan.

Uste dut polita ere badela batetik, eta efektiboa ere bai bestetik: oso-oso ondo zorrozten du. Kritikak-eta ere izan ditu, zentzurik gabekoak. Herri kirolak beti izan du matxismo puntua, eta Alatznek-eta apustua egiten zutenean denetik entzun genuen: herri-kirolei barre egitea zela, adar jotzea… Nik uste dut jende askori ahoa itxiarazi diola.

Eta segaren etorkizuna nola ikusten duzu?

Sega oso sorgina da, dezente baldintzatuta baitzaude beti. Batetik, toki berean ez zarelako berriz ere arituko, belarraren arabera ere aritu behar duzu, gero erreminta… Ia ofizioa eskatzen du. Hasi nahi duen batek laguntza handia behar du, eta norbait gainean eduki, sega pikatzeko, zorrozteko, erakusteko… Hala ere, ezagutza aldetik lan polita egiten ari dela iruditzen zait.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.