Sebastien-en eremu

Monakon hasiko da gaur Munduko Rally Txapelketa, Sebastien Ogier berriz txapeldun izateko faborito dela

Olaia Juaristi.
2014ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Izen bera du Munduko Rally Txapelketako irabazleak azken urteetan: Sebastien. Sebastien Loeb frantziarra izan zen jaun eta jabe 2004tik 2012ra bederatzi aldiz jarraian titulua irabazita. Sebastien Ogier haren herrikideak hartu zion lekukoa iaz, lehen aldiz txapeldun izanda. Aurten ere bera da faborito nagusia. Loeb, berriz, ez da lehiatuko ezta proba batean ere, Munduko Turismo Txapelketan ariko delako aurten buru-belarri.

Gaur hasi eta azaroaren 16ra bitartean jokatuko da txapelketa lau kontinentetan zehar; guztira hamahiru lasterketa izango dira. Monakon izango da lehenengo lasterketa, gaur hasi eta igandera bitartean.

Aurten, zenbait aldaketa egongo dira; besteak beste, sailkapen eremua desagertuko da, lur gaineko rallyen irteerako ordena finkatzen zuena. Gainera, Power stage deituko da lasterketaren azken eremua: hiru onenei emango zaizkie puntuak, eta eremuak hamar kilometro baino luzeagoa izan beharko du.

Volkswagen, faborito

Poloniak Grezia ordezkatuko du; aurtengo berrikuntza nagusia izan da. Poloniako Rallya Munduko Txapelketara itzuliko da bost urteren ondoren, eta Lituaniako lurretan egingo dute jardunaldi bat.

Autogileetan Ogierren taldea, Volkswagen, da faboritoa berriro garaipena lortzeko. Citroenek, ordea, talde indartsua osatu du: Kris Meeke (Citroen) britainiarra, eta bi denboraldi Ford etxean igaro dituen Mads Ostberg norvegiarra ariko dira. Citroenen bi urtez aritu den Mikko Hirvonen finlandiarra M-Sport taldera itzuli da; 2006tik 2011. urtera arte han aritu zen. Berarekin batera lehiatuko da Elfyn Evans galestarra, 2012. urteko junior mailako munduko txapelduna.

Hyundai autogile hegokorearra berriz ere lehiatuko da aurten, 2003. urteaz geroztik ez baitzuen parte hartu Munduko Txapelketan; taldean izango dira Thierry Neuville belgikarra (iaz txapeldunorde izan zen), Chris Atkinson australiarra, Juho Hanninen finlandiarra eta Dani Sordo espainiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.