Txirrindulariek hegan egin dute Euskal Herriko Itzuliko lehen etapan, eta Maximilian Schachmann (Soudal) izan da bizkorrena. Ezustekoa eman du alemaniarrak, eta inor ez da gai izan haren denbora hobetzeko. Ibilbide etzaneko erlojupeko bat izaki, saio azkarra izatea espero zen, eta ziklistek goitik behera bete dute gidoia. Itzulian irabazitako bigarren erlojupekoa du Schachmannek; 2019an gailendu zen aurrenekoz, eta orduko hartan beste bi etapa ere irabazi zituen. Denbora berdinean amaitu du saioa Joao Almeidak (UAE), eta haiengandik segundo batera iritsi da Florian Lipowitz (Red Bull).
Gasteizen hasi eta bukatu da lehen etapa; Buesa Arena barrutik irten dira ziklistak, eta pabiloiaren kanpoaldean helmugaratu. Itzuliko bakarkako saioak malkartsuak izan ohi dira, baina ez da hala izan aurtengoan: bidea ia erabat laua izan da. Espezialistek aukera-aukerako erlojupekoa izan dute, beraz, beren ahalmena erakusteko. Halakoetan, bi ezaugarri izaten dira funtsezkoak: indarra eta aerodinamika. Bada, Schachmann aritu da ondoen pedalei indarrez eragiten eta gorputza bizikletara egokitzen. Minutu luzez izan da, gainera, denbora onenaren jabe. Azkar egin ditu lanak, eta haren atzetik irten diren faboritoek ezin izan dute marka hobetu.
Euskal ziklistak ez dira oso fin ibili. Pello Bilbao (Bahrain) izan da azkarrena: irabazlearengandik 27 segundora helmugaratu da bizkaitarra. Ondo hasi du lan saioa, baina ezin izan du errematatu; hala ere, gustura dago egindakoarekin, harentzat gaurkoa baitzen etaparik «zailena». Ion Izagirreri (Cofidis), berriz, 41 segundoko aldea atera dio Schachmannek.
Sailkapen nagusirako hautagaien artean, hala ere, Enric Mas (Movistar) izan da atzerapen gehien pilatu duen ziklista: 1.10 minutukoa. Lehen etapa soilik jokatuta, ia ezinezko jarri zaio Itzulia irabaztea. Ez da espezialista erlojupekoetan, baina bereziki gaizki aritu da gaur. Brandon McNulty ere sailkapen nagusiko lehiatik at geratu da, 34 segundoko atzerapena izan baitu.
Almeidak eta Lipowitzek ez ezik, denbora ona egin dute, berriz, Aleksandr Vlasovek (Red Bull) eta Mattias Skjelmosek (Lidl). Errusiarra irabazlearengandik hamar segundora helmugaratu da, eta hamabi segundora, danimarkarra —bosgarren eta zortzigarren amaitu dute, hurrenez hurren—. Aipatzekoa da, halaber, Soudal taldeak egindako lana: bizkorren izan diren lehen sei txirrindularietatik hiru talde horretakoak dira, tartean, irabazlea.
Gaurko etapak ez zuen misteriorik, baina espero baino alde handiagoak izan dira. Laua izan arren, hasieran malda labur batzuk zituen: bat, Arzubiagako igoera puntuagarria. Gain horretara iristen ere alemaniarra izan da azkarrena; bost minutu eta 39 segundo behar izan ditu. Handik bi segundora heldu da Diego Uriarte (Kern Pharma). Nafarrak bizi-bizi hasi du erlojupekoa, baina denbora dezente galdu du gero; azkenean, 1.11ra bukatu du saioa. Halere, Schachmannek bigarren etapan maillot horia jantziko duenez, Uriartek eramango du mendiko maillota.
Gaurko garaipena lortuta, Euskal Herriko Itzuliaren historian erlojupeko bat baino gehiago irabazi dituen hamabosgarren ziklista bilakatu da Schachmann. Bada beste datu bitxi bat ere: 2016an Alberto Contadorrek irabazi zuenetik, Schachmannek eta Primoz Roglicek irabazi dituzte Itzuliko erlojupeko guztiak. Gaurkoa eskuratuta, bi ditu poltsikoan alemaniarrak, eta bost aldiz gailendu da Roglic. Esloveniarrak irabazi zuen iazkoa, baina aurten ez du parte hartu.
Biharkoa, luzeena
Txirrindulariek lasterketako etaparik luzeena eta errazena izango dute bihar, Iruñea eta Lodosa artean: ia 200 kilometro egin beharko dituzte. Lehen etapakoa baino malda gehiago ditu ibilbideak, baina ez dira bereziki gogorrak. Tartean, mendate puntuagarri bat igo beharko dute ziklistek: hirugarren mailako Oliva —4,9 kilometro luze da, eta %4,6ko pendiza du—. Esprinterrentzat aproposa izango da biharko saioa.
Asteazkenean hasiko da, berriz, mendate festa; hortik aurrera, etapa aldapatsuei egin beharko diete aurre txirrindulariek, Eibarrera iritsi arte. Han amaituko da Itzulia, larunbatean. Oraingoz, ez dago faborito argirik.
