FIFAk berretsi du 2030eko Munduko Kopa Portugalek, Espainiak eta Marokok antolatuko dutela elkarrekin. Halaber, jakinarazi du Saudi Arabian jokatuko dela 2034koa. Oraindik ez dute argitu udan edo neguan jokatuko den. Baina litekeena da neguan jokatzea, Qatarren egin zen bezala. Ia aho batez onartu dute izendapena FIFAko hautaketa batzordea osatzen duten 211 kideek. Norvegiako ordezkaria bakarrik agertu da aurka, Saudi Arabian gertatzen diren giza eskubideen urraketak tarteko.
Protestak izan ziren 2022an Qatarren jokatu zen Munduko Koparen aurka ere. Baina FIFAk izendapenari eutsi zion, eta txapelketan izan ziren protestak isilarazten ere saiatu zen. Besteak beste, LGTBI kolektiboaren eskubideen alde egin ziren elkarretaratzeak isilarazi zituen. Gianni Infantino FIFAko presidenteak atzo adierazi zuen kontuan hartuko zuela Norvegiaren kexua, eta dagokionean erantzungo diola. Baina oraingoan ere zail dirudi atzera egitea erabakitzea.
Saudi Arabian jokatuko den Munduko Kopan 48 selekzio arituko dira lehian, inoizko gehien. Hautagaitzak azaldu duenez, 15 estadiotan jokatuko da, eta horietatik 11 berriak izango dira. Egoitzak hauek izango dira: Riad, Jeddah, Khobar, Abha eta Neon. Azken hori Saudi Arabia herrialdearen ipar-ekialdean, Sinaiko penintsularen parean, eraikitzen ari den hiri ekonomiko-teknologiko berria da.