Asteburu biribila izan da Urdaibairentzat. Bermeotarrek artean denboraldi honetan ontzi batek lortu ez duena erdietsi du: asteburuko bi estropadak irabaztea. Atzo Sestaon (Bizkaia) astindu bazuen bandera, gaur, berriz, Castron (Kantabria, Espainia) gailendu da. Bezperan ibaian eman bazuen erakustaldia; gaur, berriz, itsasoan egin du. Beste behin arraunkera sendo eta indartsu bat erakutsi. Lau luzeetan bizkorrena izan da, eta tantaka segundoak atera dizkie aurkariei. Su geldoan lortutako garaipena izan da. Hondarribiari zortzi atera dizkio, eta Zierbenari hamalau. Laugarren Orio izan da, 17 segundora Gipuzkoarrek denboraldiko estropadarik biribilena egin dute.Castron lortutakoaren lau garaipen ditu Urdaibaik ligan, aurkari zuzenenek, Hondarribiak, Zierbenak eta Donostiarrak bakarra duten bitartean. Orain bermeotarrek 76 dituzte, eta puntu bat atzetik dago Hondarribia. Ligak, beraz, emozioz beterik segitzen du. Datorren asteburuan Getxon (Bizkaia) eta Santurtzin (Bizkaia) jokatuko dira estropadak.
Indartsu atera dira txanda nagusiko lau ontziak. Lehen minutua eta gero Urdaibaik eta Zierbenak segundo baten aldea ateratzen zieten jada Hondarribiari eta Donostiarrari. Bira ere igo dute. Berehala ikusi da banderako garailea lau ontzi horien artetik aterako zela. Parekotasuna erabatekoa izan da lehen luze horretan. Urdaibaik egin du denborarik onena lehen ziaboga horretan: 4.49. Parean ailegatu da Zierbena, ondoren Hondarribia segundo batera; bira, berriz, Donostiarra. Bou Bizkaia-k bigarren luzean apurtu ohi ditu estropadak, poparean duen nagusitasunari esker. Duen indarra baliatuz, berehala lortzen du errenta. Gaurkoan, ordea, ez zen hala izan. Paladaz-palada, segundoz-segundo, joan da errenta lortzen. Garaipenaren lehia horretatik kanpo geratu den lehena Donostiarra izan da. 11 segundoren atzerapena pilatu du bigarren ziabogan, eta zortzi Zierbenak. Urdaibairi eutsi dion bakarra Hondarribia izan da, lau segundora.
Hirugarren luzearen lehen metroetan Urdaibaik beste bi segundo handitu du errenta Hondarribiarekiko, eta hor hasi da bideratzen garaipena. Bederatzira zegoen Zierbena eta hamahirura Donostiarra. Hurrengo metroetan alde hori egonkortu du, eta handitzen jarraitu. Gozatzen ari zen Gorka Aranberriren multzoa. Azken luzeari Ama Guadalupekoa-rekiko zortzi segundoren errentariekin ekin dio. Nahieran aritu da azken txanpa horretan, garaipena ia eskuan zuela, duen ahalmen guztia ateraz. Hondarribia bigarren postu hori sendotzen joan da. Ez zuen bezperan Sestaon gertatutakoa errepikatzerik, eta Zierbenak aurrea hartzea. Bizkaitarrek, berriz, ez dute arazorik izan hirugarren postuari eusteko. Donostiarrak, berriz, ezin zuen bigarren txandan Oriok egindako denbora hobetu. Azkenerako Urdaibairen denbora 19.46,02koa izan da. Zortzi segundo atera dizkio Hondarribiari, hamalau Zierbenari eta 24 Donostiarrari.
Orioren estropada ona
Bigarren txandan lehia estua espero zen ligaren sailkapenaren erdialdean dauden ontzien artean. Baina azkenerako Orio oso nagusi izan da, eta sailkapen nagusian laugarren izan da. Sasoiko estropadarik biribilena egin dute Mirotzek, eta aurreko asteburu txarraren ostean, konfiantza berreskuratzeko moduan da Jon Salsamendik entrenatutako ontzia. Dena den, bigarren txanda horretan Getariak sartu du branka aurretik hasiera batean, baina Orio ia parean zen. Ondarroa eta Cabo, berriz, apur atzera geratu dira, ontzi batera. Lehen ziabogara bi segundoren errentarekin iritsi zen Orio: 4.53ko denbora egin du. Alde horri eutsi egin diote gipuzkoarren bueltan, eta poparean Getaria ondo moldatzen den trainerua izanda, aldeari eustea albiste ona zen. Handitu ere egin dute bostera. Behar zuen halako estropada bat Oriok. Getaria sei segundora irits da bigarren ziabogan, eta Cabo, atzetik aurrera eginda, bederatzira. Gerturatu zaio Galiziako ontzia Esperantza-ri.11 segundora, berriz, Ondarroa ailegatu da.
Hirugarren ziabogan erabat hautsi du estropada Oriok, beste lau ontziei 10 segundo baino gehiagoko aldea ateraz. Brankaz bikoiztu egin du aldea Getariarekiko: 12 segundora. Aurrera beharrean atzera begiratu behar zuen azken luzean Getariak. Izan ere, Cabo bi segundora gerturatu zaio. Atzeratuta geratu da Ondarroa. Gozatzen zihoan Orio, zuen errenta kusita. Txanda amaitzeko 800 metroren faltan Cabok aurrea hartu zion Getariari. Oriok ondo biribildu du bere lana, 20.03,76ko denbora eginez. Hamazazpi segundora iritsi da azkenerako Cabo, eta Getaria galiziarrengandik hamar ehunenekora. Ondarroak, berriz, txandako garaileak baino 30 segundo gehiago behar izan ditu estropada osatzeko.
Denboraldiko lau ontzi apalenen arteko buruz burukoa ere polita izan da. Bi gauza geratu ziren argi: Kaikuk are arnas gehiago hartu duela, eta Meira ligako ontzirik ahulena dela. Galiziarrak gaurkoan ere azken postuan bukatu dute. Santurtziren eta Isuntzaren arteko lehiak, berriz, bete betean jarraitzen du. Kaikuk hasi eta buka menderatu du txanda. Meira hasi eta berehala geratu da atzean, eta bigarren posturako borroka estua izan dute lehen luze horretan Santurtzik eta Isuntzak. Lehen ziabogan, 4.53ko denborarekin, Kaiku bi segundo atera dizkio Santurtziri, lau Isuntzari eta hamabi Meirari. Galiziarrak atzerapen gehiago pilatzen joan dira bigarren luzean. Lehia erabatekoa izan dute Santurtzik eta Isuntzak, baina kasu honetan Kaikuk abantaila gehiago zuen, lau segundoko. Errenta horri ondo eutsi dio. Baina ez zuen lortzen txanda haustea, nahiz eta ziabogan bost segundoren errenta izan.Meira jada 22 segundoren atzerapena zuen lan erdietan. Argia zirudien azken tokian geratuko zela. Kaiku oso ondo atera da ziabogatik, Horrek konfiantza eman dio, eta hurrengo bi luzeetan ere bere nagusitasuna erakutsi du. Tanda 20.14,30eko denborarekin irabazi du. Bigarren Isuntza izan da, sei segundora. Zazpira ailegatu da Santurtzi, eta azkena, 45era, Meira.