Pilota

Sasoiak eta gogoak bultzatuta doa aurrera

«Garai onean» dagoela dio Mikel Urrutikoetxeak: «Ez dut minik, eta gozatzen ari naiz binaka jokatzen». Horri eutsi nahi dio orain lau eta erdikoan. Iraitz Zubizarretaren aurka jokatuko du bihar.

Mikel Urrutikoetxea, Agoizko Toki Eder frontoiaren kanpoaldean. Han jokatuko du bihar Iraitz Zubizarretaren aurka. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel Urrutikoetxea, Agoizko Toki Eder frontoiaren kanpoaldean. Han jokatuko du bihar Iraitz Zubizarretaren aurka. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko urriaren 10a
05:05
Entzun

Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, Bizkaia, 1989) ohituta dago jendeak gogora diezaion hura dela helduena egungo pilotari profesionalen artean. Bada 35 urterekin, eta bazen 32rekin. «'Beteranoa'. Halaxe esaten didate askotan. Banaiz, baina ez diot horri buelta askorik ematen», aitortu du. 

Hamabigarrenez ekingo dio Lehen Mailako Lau eta erdiko Txapelketari. 2010ean jokatu zuen lehen aldiz, Bigarren Mailan txapeldun izan eta urtebetera. Ordutik, bitan besterik ez du huts egin, 2019an eta 2020an, bietan min hartuta baitzegoen. 2015ean, txapeldun izan zen, Juan Martinez de Irujori irabazita. 2017an, berriz, finala galdu zuen Jokin Altunaren aurka. 31 partida jokatu ditu: hamazazpi irabazi ditu, eta hamalau galdu. 

Aldea txikitzen ari da, azken bi ekitaldietan galdu egin baitu lehen partida, final-zortzirenetan. Ez du hirugarrenez gauza bera gertatzerik nahi. Horretarako, Iraitz Zubizarreta enpresakideari irabazi behar dio bihar, Agoitzen (Nafarroa), 22:15ean (ETB1). Irabazlea A multzoko final-laurdenetako ligaxkan ariko da, Jokin Altunarekin, Erik Jakarekin eta Joseba Ezkurdiaren eta Iñaki Artolaren arteko partidaren irabazlearekin. 

«Pozik» dago Urrutikoetxea «beste urte batez» onenekin ari delako. «Beti pizten dit ilusioa txapelketa bat jokatzeak, nahiz eta hamabigarrenez izan. Gainera, gustuko dut lau eta erdikoa».

Badu beste pizgarri bat: «garai onean» dago. «Ez dut izan inolako minik udan, eta gozatu egin dut binaka jokatzen. Horri eusten diot oraindik ere». Emaitzek indartu egin dute uste hori: irabazi egin ditu jokatu dituen azken hiru partidak, hirurak binaka jokatutakoak. Bakarka «binaka bezain ondo» aritu nahi du orain.

«Binaka lehiakorra banaiz, eta guztiekin borrokatzen banaiz, zergatik ez dut jarraituko?»

MIKEL URRUTIKOETXEABaikoko pilotaria

Badaki «oso ezberdina» dela binaka edo banaka aritzea. «Binaka bikotekide baten laguntza duzu, eta zerikusi handia du hura sasoiko egoteak, edo ez. Lau eta erdian, berriz, zu bakarrik zaude beste pilotari baten aurka, erritmoa biziagoa da, exijentzia handiagoa, eta mugimenduak bortitzagoak. Erritmo bizian aritu beharra dago partida osoan irabazi ahal izateko». 

Horregatik, aspaldian minik ez duelako eta sasoiko dagoelako dago horren gogotsu. «Frontoira minez zoazenean, konfiantza galtzen duzu; ez zara berdin mugitzen, eta ez duzu eskua berdin sartzen. Minik ez duzunean, ordea, ganoraz entrenatzen zara, eta konfiantza hartzen duzu. Oso garrantzitsua da sasoiko egotea. Eta nik, orain, ez dut inolako minik, eta gozatzen ari naiz. Gauza ederra da hori».

«Partida ona» egin nahi du, eta bere buruarekin «gustura» geratu. «Hori eginda irabazten badut, askoz hobeto». Zubizarreta III.a «aurkari gogorra eta arriskutsua» dela azpimarratu du. «Iraitz konfiantzaz ariko da aurrekoan irabazi eta gero. Oso ondo moldatzen da lau eta erdian: aukera duenean tantoa amaitzen du, eta oso lehiakorra da». Partida erabakigarria izanik, «presioa» nabari du, baina uste du hori «seinale ona» dela. «Horrelako partidei garrantzia ematen diezun seinale da. Beharrezkoa da hori sentitzea».

Ez du biharkoaz haratago begiratu nahi. «Ondo legoke ligaxkarako sailkatzea, baina aurreneko partidan dut arreta osoa. Irabazten badut, ondo; ez badut irabazten, binaka jokatzen eta pilotaz gozatzen jarraituko dut».

Kontratua, bukatzear

Noiz arte? «Entrenatzeko gogoari eta ilusioari eusten diot oraindik ere, eta horri eusten diodan bitartean jarraitzeko asmoari eutsiko diot. Ez dut inolako minik, eta asko da hori. Kirolari batentzat ederra da inolako minik gabe aritzea. Ondo ikusten dut neure burua, eta ondo ari naiz binaka, goi mailako pilotariekin lehiatzen. Horrela jarraitzen dudan bitartean segituko dut».

Urte bukaeran bukatuko zaio kontratua Baikorekin, baina ez du burua horretan. «Txapelketa honetan ari naiz buru-belarri. Ez diet kontratua berritzearen ingurukoei buelta asko ematen. Enpresarekin horri buruz hitz egiteko eguna iristen denean hitz egingo dugu».

Jarraitzea gustatuko litzaioke, baina zenbait baldintza jarri dizkio bere buruari. «Minik gabe aritu, gustatzen zaigun kirolaz gozatu, maila on bati eutsi, eta goi mailako pilotariekin borrokatzeko gai naizen bitartean jarraitu nahi dut, bai noski. Halaxe ari naiz orain binaka. Lehiakorra banaiz eta guztiekin borrokatzeko gai banaiz, zergatik ez dut jarraituko?».

Iaz ez zen aritu binakakoan, enpresak hala erabakita. Ez daki lau eta erdian ondo arituz gero, aurten tokia izango duen. «Enpresak erabakitzen du hori. Ez dago nire esku. Nire esku dagoen bakarra da kantxara ateratzen naizen bakoitzean ahalik eta ondoen aritzea, bai binaka, bai jartzen dizkidaten bestelako partidetan. Emaitza onak lortzen baditut, hobeto, baina garrantzitsuena partida guztietan ondo aritzea da. Hori lortzen badut, ni pozik egongo naiz neure buruarekin. Beste guztia ez dago nire esku».

ARTOLAK BIHAR ERABAKIKO DU JOKATUKO DUEN EDO EZ

Iñaki Artolak azken egunera arte itxarongo du lau eta erdikoa jokatuko duen edo ez erabakitzeko. Baikoko aurrelariak bihar esango du igandean Lekunberrin (Nafarroa) Joseba Ezkurdiaren aurka ariko den edo ez. 

Artolak irailaren 29an hartu zuen min eskuin izterrean, Logroñon (Espainia), sanmateoetan. Ordutik ez da entrenatu, lesioak okerrera egin ez dezan. Hobera egin du, baina ikusteko dago nahikoa izango ote den. Bihar egingo du proba erabakigarria, eta orduan erabakiko du zer egin: jokatu edo jokatzeari uko egin. 

Jokatuko ez balu, Iker Larrazabalek ordezkatuko luke, eta hura arituko litzateke Ezkurdiaren aurka. Larrazabalek Iraitz Zubizarretaren aurka galdu zuen atarikoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.