Mikel Gonzalez. Realeko jokalaria

«Sasoia bukatzeko ez dugu gogorik, baina bai beste bat hasteko»

«Sufrimenduz beteriko» denboraldia bihar amaituko du Realak, Vallecasen. Garaipen batekin joan den asteko txistu hotsak konpondu ez baina «arindu» daitezkeela uste du erdiko atzelariak.

jon eskudero
Donostia
2015eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Oso azkar» igaro zaio denboraldia Mikel Gonzalezi (Arrasate, Gipuzkoa, 1985). Lesioak eta gaixotasunen bat direla tarteko, ez du erregulartasunik izan, eta behin hori lortu duenean, oporrak hartu beharko ditu. «Jarraituko nuke lanean beste bizpahiru hilabetez», aitortu du. Ordea, badaki onena bukatzea dela. «Sasoi triste eta ilun» bati atea ixtea. «Ea azkar iristen den abuztua, etapa berri bati hasiera emateko». Hori bai, bihar Rayo Vallecanoren zelaian hiru puntuak lortuta esan nahi dio agur denboraldiari.

Inoiz baino lehenago hasi zenuten denboraldi-aurrea, eta, hala ere, sasoia «motz» egin zaizula diozu.

Halaxe da. Neuri motz egin zaizkit hamar hilabete. Ez dut batere zorterik izan. Lesioak izan ditut, eta gaixotasun batengatik erietxean ere egon naiz. Asko sufritu dut. Gehiegi. Telebistaz jarraitu behar izan ditut Realaren partida asko eta asko, eta inbidia sentitu dut. Orain, errekuperatzen ari naizenean, denboraldia bukatuko da, eta pena ematen dit. Momenturik onenean nago. Halere, hotzean eta kolektiboki pentsatuta, uste dut onena oporretara joatea dela. Ez nuke esango gogoa daukagunik denboraldia amaitzeko, baina bai beste bat hasteko.

Zuk bezala, taldeak ere apenas izan duen une onik.

Sasoi honetan Realak ez du une onik izan. Hori da egia. Gorabehera asko izan ditugu. Burua uretatik ateratzen ari ginela uste izan dugunean ito egin gara berriz ere. Etengabekoa izan da sufrimendua. Erregulartasuna falta izan zaigu. Lehengoan gertatu zitzaiguna adibide garbia da. Konfiantzaz geundela uste genuen, eta0-3 irabazi zigun Granadak Anoetan. Egia esan, nahiko lotsagarria izan zen.

Zaleek txistu egin zuten amaieran. Minduta sentitu zineten?

Bai, noski. Txistu hotsek beti egiten dute min. Ulertzen dut zaleen jarrera, eta autokritika egiteko ez daukat arazorik. Gaizki jokatu genuen, eta kito. Bi urtez jarraian Europarako sailkatu ondoren, aurten ez da posible izango, eta normala da txistuak entzutea. Ez dugu gure maila eman. Rayoren zelaian irabazita, poz txiki bat eman nahi diegu taldeko jarraitzaileei.

Rayo aipatuta, badakizu Paco Jemez entrenatzaileak lan saio bat eten duela asteon, jokalarien jarrera txarra zela argudiatuta. Zer diozu?

Gainerakoen galtzetan ez naiz sartuko, ez dakidalako hango berri. Badakit Paco Jemez entrenatzaile gogorra eta ona dela. Nik gurean gertatzen dena azal dezaket. Orain hiru aste edo, honelaxe galdetu zidan kazetari batek Zubietan: «Mailari eustea ziurtaturik duzuenez eta Europa nahiko urrun, jarrerari dagokionez guztia emango al duzue liga amaitu bitarte?». Min egin zidan galderak. Nahiz eta jokoan deus izan ez, talde batek beti dauzka helburuak: gol gehiago sartzea, ondo sentituz amaitzea, hasierako hamaikakoan tokia lortzea... Realak arazo asko izan ditu sasoi honetan, baina jarrera ona izan da. Beti ematen dugu dena.

Zein izan da arazoa?

Erregulartasun falta, batez ere. Beste hainbat arazo ere aipa daitezke: liga hasieran joko sistemara egokitu ez izana, lesioak, taldeko gehienok ondo jokatu ez izana, fitxaketen egokitzapen ahula, etxetik kanpo gaizki jokatu izana... Sasoia gaizki hasi genuen, eta Krasnodarren aurka Europako Ligatik at geratzeak min eman zigun. Horrek markatuta utzi gintuen guztiz. Ondoren, Real Madrili irabazteko gai izan ginen, baina arazoa sakona zen. Ezin genuen bururik altxatu, eta horregatik etorri ziren entrenatzaile aldaketak eta bestelakoak. Arazo asko izan ditugu gauza onerako.

Ulertu zenuten Jagoba Arrasate kargutik kentzea?

Horretarako arriskua zegoela ikusten genuen. Egunerokoan elkarrekin bizi gara, eta tontotik gutxi daukagu. Arrasatek zorterik ez zuen izan, egiari zor. Jokalariok ez ginen errudun sentitu, baina erantzukizun handi bat gurea zela bagenekien. Gure mailatik urrun ibili gara sasoi osoan, eta, futbolean gertatu ohi den moduan, entrenatzaileak ordaindu zuen dena. Erregulartasun ezaren ondorio izan zen.

Zer moduz moldatzen zarete David Moyesekin?

Ohitzen ari gara pixkanaka-pixkanaka. Futbol eta kultura berri batetik zetorren bera, eta apur bat kosta egin zitzaion gure ingurura egokitzen. Jokalariok hasi gara haren kontzeptuak eta nahiak ulertzen, eta uste dut gero eta hobeto ulertzen dugula elkar. Entrenatzaile interesgarria da, jakinduria handikoa eta motibatzailea, eta pentsatzen dut lan ona egin duela Realaren gidaritza hartu zuenetik. Goiz da esateko, baina datorren denboraldia ona izango dela uste dut. Usain hori hartzen diot.

Hain zuzen, datorren sasoiari begira, lanean ari omen dira Moyes eta zuzendaritza. Beldurrik badago taldean? Baten batek postua gal dezake.

Beldurra, zergatik? Bateren batek taldetik ateratzeko arriskua izan dezakeelako? Hori urteroko kontua da! Ematen du Moyes etorri delako taldearen gehiengoak alde egin beharko duela. Baina ez da hala, inondik ere ez. Fitxaketak eta kontu horiek urteroko gauzak dira, eta naturaltasunez daramagu. Gutxitan irakurtzen dut prentsa, baina irakurtzen dudanean casting eta halako hitzak ikusten ditut. Nik ez dut halakorik sentitzen talde barruan. Jokalari batzuek alde egin beharko dute, bai, baina ohikoa da.

Eñaut Zubikarai eta Gorka Elustondo izan daitezke bi.

Ez dakit ezer. Badakit Eñautek agur keinu nahiko nabarmenak egin zituela lehengoan Anoetan. Zer gehiago egin daiteke bere intentzioak adierazteko! Elustondori buruz ez dakit ezer. Joan-etorrien kontua naturaltasunez daramagu, eta, gertatzen dena gertatzen dela, onartu eta kito.

Zu oporrak lasai igarotzeko moduan izango zara, ezta?

Nik kontratua daukat Realarekin, eta gustura nago. Badakit denboraldi txarra izan dudala, eta abuztutik aurrera bestelako jarduna eduki nahiko nuke, baina, gutxienez, ondo sentituz amaituko dut denboraldia. Azken partidetan oso gustura sentitu naiz, Moyesek nigan konfiantza duela ikusi dut, eta horrek balio dit. Realak eta nik gehiago emango dugu aurki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.