Xabier Mikel Azparren. Euskalteleko txirrindularia

«Sasoi onean nago, eta aurrean egon nahi dut etxean»

Gaur jokatuko da Donostiako Klasikoa, eta bigarrenez ariko da Xabier Mikel Azparren etxeko lasterketan. Iaz ezin izan zen iritsi helmugara, baina aurten «lasaiago» heldu da egun handira.

JON URBE / @FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gaur jokatuko da Donostiako Klasikoa. Autobusen eta autoen zaratak utzi, eta bizikleten gurpilen hotsak hartuko dute Donostiako Bulebarra. Bertan amaituko da lasterketa, eta bertan izan da hitzordua Xabier Mikel Azparren Euskalteleko txirrindulariarekin (Donostia, 1999). Bizikletaren gainean iritsi da elkarrizketara, eta taldearen maillota jantzita.

Iaz Donostiako Klasikoan egin zenuen debuta World Tourreko lasterketetan. Aurten ere parte hartuko duzu. Zer da zuretzat etxean aritzea?

Urteko egun garrantzitsuenetako bat izaten da niretzat. Oso gogotsu bizi dudan eguna da, baina egia da iaz urduriago nengoela. Urduritasun horrek ez zidan lagundu nire onena ematen, baina aurten lasaiago nago, eta espero dut amaiera partean aurrean egoteko aukerak izatea.

Iaz lagun talde handia izan zen zuri babesa ematen, baina denbora mugatua da, eta ez zenuen lasterketa amaitu. Zer espero duzu aurten? Nolakoa da ibilbidea zuretzat?

Aurten ere Murgil aldean egongo dira lagunak eta familia. Amaierako zati horretara aurrealdean iristeko daukadan dena emango dut; bigarren taldetxo batean bada ere, ohorezko posturen baten bila. Espero dut egun ona izatea. Oso gustura ari naiz entrenatzen, eta oso gorputzaldi onean iritsi naiz. Ibilbideari dagokionez, Murgil izango da zailtasun nagusia. Hara iritsi arte, ez dut uste ibilbide txarra denik niretzat; nire moldera ondo egokitzen da. Baina Murgileko aldapek daukaten zailtasuna kontuan hartuta, ez da nire moduko txirrindulari batentzako ibilbide idealena. Hala ere,aurrealdean egon nahi dut.

Horrelako lasterketa batean, eguneko ihesaldi batek aukerak badauzka irabazteko?

Gutxi. Egun bakarreko klasiko horietan ia ezinezkoa izaten da eguneko ihesaldian helmugara iristea. Paris-Roubaix izaten da horrelako lasterketetan bakarra, ihesaldikoak iristen ohi direna, ibilbidea laua delako, eta teknikoa. Donostian, ibilbidearengatik, esango nuke ezinezkoa dela.

Julian Alaphilippe eta Wout van Aert ez dira Donostian izango. Hala ere, izar asko izango da tropelean. Zer dauka Donostiako Klasikoak goi mailako txirrindulariak erakartzeko?

Garrantzitsuena egutegia da; oso egun aproposean egiten da Klasikoa. Tourra amaitu eta astebetera, txirrindulariak ez dira guztiz gelditu. Espainiako Vueltan aritu behar direnentzat ere lehenengo lasterketa garrantzitsua da, eta parajeak eta giroak asko laguntzen dute txirrindulariek hemen egon nahi izateko. Taldeentzat ere egun garrantzitsua da, World Tourrerako puntu asko ematen dituen lasterketa baita.

Euskaltelek gorriz markatua izaten du egutegiaren zati hau. Klasikoa eta Espainiako Vuelta. Nola dago taldea eta zein dira taldearen helburuak?

Ondo gaude. Denbora dezente generaman lehiatu gabe, baina Ordizian izan genuen berriro indarrak neurtzeko aukera, eta aurreneko taldetxoan hiru taldekide sartu genituen. Gotzon [Martin] ere gurekin da istripuarenondoren, eta datorkigunerako gogotsu gaude.

Itzuli handi batean etaparen bat irabaztea posible da Euskaltel bezalako talde batentzat?

Bai, posible da, eta horretarako egin behar dugu lan. Badaukagu non begiratu; Murias bi urtez aritu zen Espainiako Vueltan, eta bietan lortu zuten garaipena. Hori izan behar da gure lehiatzeko modua. Nahiz eta gero lortu ez, saiakera egin behar dugu.

Aurten bigarrenez aritu zaitezke Espainiako Vueltan jada profesionaletan bigarren urtea dela kontuan hartuta, zein da zure helburua?

Aurreko urtean helburua ihesaldietan geneukan. Aurten ere helburua hori izango da, bainaez edozein ihesalditan sartzea. Helmugaraino iristen diren ihesaldietan sartu nahi dugu,eta aukerak izan irabazteko lehian egoteko. Oso zaila da bertan irabaztea, baina, helmugara iristean, garaipenaren lehian aritu naizela sentitu nahi dut behintzat.

Zer ikasi zenuen profesionaletako lehenengo urtean?

Batez ere lehiatzeko orduan gauza asko neuzkala ikasteko. Esango nuke ikasi dudala indarrak hobeto neurtzen. Iaz, Donostian, eraso guztiei erantzun nien, eta, azkenean, indarrik gabe gelditu nintzen. Orain, erasoa jotzeko unea hobeto aukeratzen saiatzen naiz, baina pixkanaka ikasten diren gauzak dira. Gainera, ikasi dut ere mantsotzen, batez ere itzuli handietan. Espainiako Vueltan sailkapen orokorrari begira lehiatzen ez nintzenez, azken astera indarrez iristeko modu bakarra zen.

Aurten, profesionaletan lehenengo etapa garaipena eskuratu zenuen, eta, ekainean, Espainiako erlojuaren aurkako txapelketan, brontzea. Bigarren urte hau oparoa izaten ari da.

Bai, aurten aurrerapauso bat eman dut. Ez naiz inoiz irabazle handi bat izan, baina helburutzat jarri nuen garaipenen lehian egotea, eta bertan ikusi dut neure burua, iaz ez bezala. Sailkapen orokorraren borrokan ere parte hartu nahi nuen aurten. Alentejon [Portugal] bigarren egin nuen sailkapen nagusian, eta Algarven ere aurreneko hogeietan sailkatu nintzen. Horrek denak lasaitasuna eman dit, eta urratsak egiten jarraitu nahi dut.

Askotan aipatu duzu aurrerapauso hori eman nahi zenuela.

Hala da. Lehen gutxiagorekin konformatzen nintzen, ihesaldiak hartuz eta taldearen helburua betez. Aurten presio handiagoa jarri diot neure buruari, eta taldeari ere eskatu diot presio hori nigan jartzeko. Gai ikusten dut neure burua, eta Algarven irabazi eta gero, are gehiago sinesten dut nigan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.