Grina, lehiakortasuna, pasioa, indarra, bizitasuna... Gaztetasunak bereak ditu zenbait ezaugarri, eta haiek guztiak biltzen ditu Lesakako (Nafarroa) Beti Gazte sokatira taldeak. Oraindik orain, ezaugarri horiek baliatu ditu 2021. urtea bere historia propioan urre kolorez idazteko: Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan hobekien moldatu den taldea izan da, zortzi laguneko modalitatean jokoan izan dituzten zazpi txapeletatik sei jantzita. Zalantzarik gabe, izenetik datorkio izana.
«Aurtengoa ikaragarria izan da», esan du Gerardo Telletxeak, eta ez da gutxiagorako: gizonezkoetan, 680, 640, 600 eta 560 kiloetako pisuetan irabaztea lortu dute, eta gauza bera egin dute emakumezkoek ere, 540 eta 500 kiloetako probetan. «Ez dakit inoiz besteren batek halakorik egin duen», dio Telletxeak, eta badaki zerbait gaiaz. Soka zaharreko tiralaria da, egun belaunaldi berriekin ari baldin bada ere. Haren esanetan, «taldeko giroa» dago oinarrian: «Herria. Herri txikia da, eta koronabirusaren kontu honekin aukera gehixeago izan dugu entrenatzeko. Ez gara sobera aritu, baina uste dut besteak baino hobekiago heldu garela txapelketara».
Ondo baino hobeto, zehatzago esateko. Beti Gaztek gizonezkoez soilik osatutako txapelketa guztiak irabazi ditu: lau. Eta gauza bera egin du emakumezkoetan jokatutako bietan ere. «Egia erran, ez genuen espero», azaldu du Irantzu Goienetxe tiralariak: «Aurten eginikoa ez dugu aurrez sekula egin, eta hagitz kontent gaude. Arantza bakarra geratu zaigu: lehiaketa mistoa ez irabaztea. Ikusi da beste taldeak ere indartsu daudela». Hain justu, 580 kiloetako tiraldi mistoetako txapelak egin dio ihes Beti Gazteri. Lehia horretan, Ibarra izan da garaile.
Nagusitasun horren inguruan, Goienetxek dio «deus berezirik egin gabe» heldu direla garaipenak. Koronabirusaren egoera tarteko, «komeria gehiago» izan dituzte entrenatzeko, eta lan egiteko aukerak probestu dituzte prestakuntza saio txukunak egiteko: «Kontrarioek, herri ezberdinetako gehiago edukita, lan gehiago izango zituzten entrenatzeko. Gurean lesakarrak gara gehienak, eta oiartzuar pare bat ere baditugu. Haiekin elkartzeko zailagoa izan dugu».
Halere, beste urteekin alderatuta, «indartsuago» aritu da emakumezkoen taldea, Goienetxeren esanetan, eta hori ere gakoa izan da garaipenak batzeko. Ez alferrik, Fadurako (Getxo, Bizkaia) tiralekuan nahieran aritu baitira beren kategorian. «Aurrerapauso handia egin duen taldea da emakumezkoena», gaineratu du Telletxeak.
Azken horren taldekidea da Beñat Ordoki, eta «ondorio oso positiboak» atera ditu aurtengo lehiak eman duenetik. Haren esanetan, talde guztiei eragin die koronabirusak, eta horrek «apur bat jaitsi» du aurtengo tiraldien maila. Baina egoera horri ere zukua ateratzen jakin dute lesakarrek: «Tiraldiak ohi baino laburragoak izan dira, biziagoak, eta gu ondo moldatu gara horretara». Horrez gain, Ordokik taldearen izaera azpimarratu du: «Beterano batzuk baditugu taldean, eta entrenatzeko garaian haien konstantzia eta esperientzia baliatu ditugu».
Telletxearen esanetan ere, kideen arteko «giroa» gakoa izan da sasoiari halako distira ateratzeko. Garai bateko taldetik lauzpabostek heldu diote berriz ere sokari, eta Telletxea da haietako bat. Belaunaldien elkar hartze horretatik heldu da oraingo loria: «Pixkanaka, berriz goruntz ari gara. Azken urte parean lau txapeletatik hiru irabazi izan ditugu, eta aurten, berriz, laurak».
Emakumezkoen taldeari ere erreferentzia egin dio Telletxeak, eta esan du hazten ari den multzoa dela haiena ere: «Hasi zirenetik, egindako guztian hobera egin dute», azpimarratu du, eta ideia hori berretsi egin du Goienetxek berak ere. Hark zehaztu duenez, arlo mentalak ere zeresana izan du hobekuntza hori indartzeko garaian. Goienetxek uste du lehen errazago «etsitzen» zuela taldeak, eta hori aldatu izanak ere lagundu duela tiraldiak beren aldera eramateko orduan.
Txapelak lortutako jardunaldiak jarri ditu adibide gisa. Lehen aldian bazituzten irabazteko esperantzak, baina bigarrenean ezustean lortu zuten garaikurra. 500 kiloetako tiraldian izan zen hori: «Ordura arte sekula irabazi gabeak ginen pisu arinean, eta ikaragarrizko poza izan zen».
Sasoi onaren ezaugarriak
Inoizko sasoirik onena egin berri du Beti Gaztek, Euskal Herriko txapelketei dagokienean, eta horrek zenbait arrazoi ditu atzean. Haiek aletzen hasita, Ordokik erregulartasuna ekarri du hizpidera: «Sokatiran, lana gako izan ohi da».
Horretarako, beteranoenen esperientziak ere laguntzen duela esan du Ordokik, haien jakituriak tiraldi luzeetan nahiz motzetan egin beharrekoak argitzen dizkietelako: «Gazteak bakarrik izan bagina, ez genuke ezer egingo».
Goienetxek ere hasieratik gaurdainoko bilakaerari erreparatu dio. Beti Gaztek emakumezkoen taldea atera zuenetik egindako aurrerapausoak nabarmendu ditu, eta horretan, aurkarien lehiakortasunak ere lagundu egin du: «Maila ona dago. Gero eta hobeto ari gara; hasieran, batzuen nagusitasun handiagoa zen, eta orain orekatzen ari da. Hor daude Antsoain, Txantrea, Ibarra... Denen artean lehia handia dago, eta urtez urte aldatu daitezke garaileak».
Beti Gaztek pisu astunenetan eta arinenetan lortu du irabaztea, eta hori bada berritasun bat Lesakako elkartearentzat. Izan ere, gizonezkoetan talde arina dute: «Normalean, pisu gutxiago izan ohi dugu. Ibarrak, adibidez, jende handiagoa du, eta 680 kilotan irabazteak merezimendu berezia du. Gu pisu txikiagoetan hobeto moldatu izan gara gehienetan».
Pisu nagusienetan gailentzeakare sona handiagoa eman dio lessakarrek osatu duten denboraldiari, ez baitaude hartara ohituta. Telletxeak azaldu du zergatik: «Gu hamabost edo hogei kilo azpitik aritzen gara, eta, irabazi badugu, ez da taldeak duen pisuarengatik izan».
Beste urteekin alderatuta, ezberdintasuna hori dela esan du tiralari beteranoak: «Guk orain hamabost urte tiratzen genuenean, pisu handietan ez genuen ezer egiten. Orain ere 640tik beherako taldea dugu. Osatzen dugu 680rako taldea, baina besteren batek talde on bat osatzen badu, aise irabaziko digu».
Kontuak kontu, aurten aldi onari segida eman nahian dira Beti Gaztekoak. Hain justu, joan zen larunbatean ekin zioten Nafarroako lauko sokatira txapelketari, eta bide onetik abiatu dute lehiaketa hori ere. Lehen jardunaldian txapela eskuratzeko urrats garrantzitsua egin zuten emakumezkoek, 255 kiloetako pisuan, eta gauza bera gizonezkoek ere, 320koan. Bi taldeak eguneko saio guztietan gailendu ziren.
Maiatzean amaituko dute sasoiaren lehen zatia, eta atseden bat hartuko dute gero: «Udan geldialdi txiki bat egingo dugu, gero indarberrituta itzultzeko». Udazkenerako Nafarroako zortziko lehiari ekingo diote, eta, berriz Euskal Herriko Goma Gainekoak hasi orduko, hurrengo otsailean lehia garrantzitsu bat izango dute aurrean: Singapurren jokatuko duten Munduko Txapelketa.
«Oraindik ez diot horri erreparatu nahi; aurretik lan asko dugu», esan du Telletxeak, eta «zaila da» Goienetxerentzat ere, egungo egoera kontuan hartuta: «Urruti dago Singapur, eta diru aldetik ere begiratu behar zaio. Ikusiko dugu».
Ordoki, berriz, grina bereziarekin mintzatu da. Hala azpimarratu du tiralariak: «Bai, noski. Gure helburu nagusia da; Euskal Herrikoa eta Nafarroakoa irabazi nahi dira, baina Mundialean egotea da helburua, eta horretarako borrokatuko gara».
Nazioarteko lehiari erreparatuta, asko aldatzen da tiratzeko era. Zer esanik ez teknikak sokatiran duen garrantzia kontuan hartuz gero. Horretan bat datoz Telletxea eta Ordoki; bi-biek esan dute teknika dela alorrik inportanteena: «Jendeak uste du indar kontua dela, baina teknika hutsa da. Etorri izan dira fisikoki portento handiak direnak, baina, teknikoki neurria hartzen ez bada, alferrik da».
Erreleboaren beharra
Telletxea beteranoak dio «arrunt gutxi» direla behetik heltzen ari diren sokatiralariak, gizonezkoetan bereziki: «Hurrengo urteetarako, argi dugu lau-bost zaharrok segitzen badugu zerbait egingo dugula, eta bestela ez dela izango talderik. Oraingoz, ez dut ikusten lau edo bost gazte hasiko direnik».
Goienetxeren esanetan, zaletasuna egon, badago Lesakan, baina gazte mailetako lagunak batzea da kirol horretan ari direnen hurrengo erronka: «Herrian aritzen garenean, jendea biltzen da ikustera, eta emaitza onak lortzen ditugunean, zoriontzen gaituzte. Ea horrela segitzen dugun, eta jende berria hasten den, ohiturarik gal ez dadin». Beti Gazte izateko, beharrezkoa baita soka bereko jendearen erreleboa.
Sasoi ona duelako ote da Beti Gazte?
Lesakako sokatira taldea aise aritu da aurtengo Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketan: jokoan izandako zazpi txapeletatik sei irabazi ditu. Historiarako geratuko den pasartea idatzi dute egungo taldekideek: «Aurtengoa ez dugu sekula egin, eta hagitz kontent gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu