Sasoi lasaia nahi dute

Hondarribia-Irun eta Obenasa Espainiako ligan arituko dira berriz ere, helburu desberdinekin

Obenasak eta Hondarribia-Irunek denboraldi-aurrean Iruñean jokatutako partida. OBENASA.
Donostia
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Ohorezko Maila hastear da. Joan den sasoian bezala, oraingoan ere bi euskal taldearituko dira lehian, eta gaur eta bihar jokatuko dituzte estreinako partidak Obenasak eta Hondarribia-Irunek.

Bi taldeek egoera desberdinak izan dituzte denboraldi-aurrean. Izan ere, joan den sasoian Obenasak ezin izan zuen denboraldi ona egin, eta maila galdu zuen. Hala ere, beste talde batzuek izan zituzten arazo ekonomikoak zirela medio, plaza berreskuratu zuen, eta hirugarren urtez jarraian Ohorezko Mailan ariko da.

Hala ere, zalantzak dira nagusi Iruñea inguruan, lehen partidaren atarian.«Egia da ez garela baldintza onenetan ari. Hala ere, jokalarien profesionaltasunarekin eta klubaren partehartzearekin, helburuak lortuko ditugula uste dut», azpimarratu du Victor Lapeña entrenatzaileak.

Lapeñak argi utzi nahi izan du jokalariek lehen partida dutela buruan. Jokalarien artean, bi nabarmendu nahi izan ditu entrenatzaileak: «Naiara Diezek eta Maria Azurmendik erakutsi duten parte hartzea izugarria da. Etxeko jokalariak dira, hemen hezitakoak eta kluba benetan maite dutela erakutsi didate hasiera-hasieratik».

Zein helburu duten galdetzerakoan ere, Lapeñak ez du zalantzarik izan: «Ligan gure lekua aurkitu eta egonkortasuna lortu nahi dugu; aurreko sasoietan gertatutakoa ahaztu beharra daukagu». Aurreko sasoietan izan dituzten gorabeherak albo batera utzi beharko dituzte jokalariek, eta txapelketan bakarrik jarri beharko dute arreta osoa.

Esperientzia handiko entrenatzailea da Victor Lapeña. Ohorezko mailako hainbat taldetan ibili ostean, Espainiako hamazazpi urtez azpiko selekzioan ere ibili zen joan zen denboraldian. «Egunero egiten dugun lana aitortzea eta gure aurka jokatzen dutenek gaizki pasa dezatela espero dut», dio Lapeñak. Aldi berean, pozik agertu da Iruñean izandako harreragatik: «Ideia oso garbiekin etorri zitzaidan kluba, eta hasiera-hasieratik oso babestuta sentitu naiz».

Hondarribia-Irun, ilusioz

Gipuzkoako taldeak gogotsu hasiko du denboraldi berria. Nahiz eta azken denboraldietan mailari eusteko arazoak izan dituen, 2005-2006ko denboraldiko jokoa egitea du helburu Anne Peñaren taldeak. «Azken denboraldien ostean, ilusioa galdu dugula esango nuke, eta horixe berreskuratu nahi dugu; ez bakarrik klubean, baita Gipuzkoa osoan ere», dio Peñak.

Ez dira gustura geratu egindako denboraldi-aurrearekin. Bi garaipen eta bi porroten ostean, «denbora falta» nabarmendu du Peñak. «Fitxatutako jokalariak hobeto ezagutzeko eta nahi nuen taldea osatzeko denbora apur bat falta izan zaigu». Ez dira garairik onenak ere jokalari berriak fitxatzeko. «Krisialdiak guri ere eragin digu, eta horrek asko baldintzatu gaitu erabakiak hartzeko orduan» , onartu du Peñak. Hala ere, fitxatu berrien artean, Ana Suarez, Mandisa Stivenson eta Sonia Reis nabarmendu izan nahi ditu. Izan ere, jokalari berriak diren arren, maila «ongi» ezagutzen duten jokalariak dira eta «laguntza handia» izan daitezke taldearentzat. Laura Arroyok eta Lyndsay Harrisek, aldiz, lehen aldiz jokatuko dute Ohorezko Mailan.

Denboraldiko lehen partida etxean jokatuko dute gipuzkoarrek, Jopisa-Ciudad de Burgosen aurka. «Etxean jokatzeak asko lagunduko digu aipaturiko ilusio hori berpizteko. Hasiera-hasieratik erakutsi behar dugu sailkapenaren lehen postuetan egon nahi dugula berriro». Horrez gain, lehen norgehiagoketetako emaitzak «garrantzitsutzat» jo ditu. Jopisa eta Caja Rural taldeak «aurkari zuzenak» direla adierazi du, eta beraien aurka emaitza onak lortzea «garrantzitsua» litzatekeela taldearen motibaziorako.

Anne Peñarentzat biharko partida berezia izango da. Izan ere, joan den denboraldiko azken txanpan taldea zuzentzen arituagatik, oraingoan hasieratik egongo da entrenatzaile lanetan. Horrek, taldea «hobeto ezagutzeko» eta «zeuden hutsune batzuk betetzeko» aukera eman diola adierazi du. Denboraldiaren atarian, «antsietateapur bat» ere baduela esan du Peñak. «Antsietate horrek denboraldi-aurrea amaigabea bilakatzen du, eta beldur apur bat ere sentitzen da; lehenbailehen hasi nahi duzu lehiaketa».

Espainiako Ohorezko Mailako denboraldi berria, beraz, hastear da. Obenasak gaur ekingo dio sasoiari, etxetik kanpo, Conqueroren aurka (21:00). Hondarribia-Irunek, berriz, bihar jokatuko du etxean, Jopisa-Ciudad de Burgosen aurka (19:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.