Ane Etxezarreta. Realeko jokalaria

«Sasoi hasieratik egin nahiko nuke tokia hamaikakoan»

Sasoiaurreko lehen partida jokatuko du gaur Realak, Logroñon, Madril CFFren aurka (18:00). «Proba polita» dela uste du Ane Etxezarretak: «Beti da aurkari gogor eta lehiakor bat».

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Zubieta
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Asteazkeneko lan sasoia amaitu berri du Realak. Bero egiten du, eta, behin harmailetan eserita, denboraldiaurreko halako egunetan «sufritu» egiten dutela onartu du Ane Etxezarreta jokalariak (Beasain, Gipuzkoa, 1995). Baina denboraldiari begira «egun garrantzitsuak» direla nabarmendu du. Taldearen helburuei dagokienez, «pixkanaka» joango direla iruditzen zaio. «Pausoz pauso joan nahi dugu, eta, lehenik, multzo moduan osatzea da».

Nola doaz denboraldiaurreko lehen egunak?

Oporrak indarberritzeko baliatu ditugu, eta multzoa, lehen saioetan ikusi den moduan, gogotsu eta ilusioz dago beste denboraldi berri bati heltzeko, horretaz disfrutatzeko. Irrikaz gaude lehen lagunartekoa jokatzeko. Aldi berean, fisikoki sufritzeko egunak ere badira, batez ere beroa egiten duen egunetan. Baina oso egun garrantzitsuak dira.

Aurreko sasoiaurrea ezohikoa izan zen, selekzioen arteko txapelketak zirela-eta, lehen taldeko jokalari oso gutxi egon zinetelako lanean. Oraingoan Manu Vanegas eta Andreija Jacinto baino ez dira falta. Eskertuko duzue lehen egunetik denek batera lan egitea, ezta?

Bai, dudarik gabe. Zenbat eta denbora gehiago eduki elkarrekin entrenatzeko, denon arteko egokitzapena eta elkar ulertzea hobea izango da.

Aipatu duzu gogotsu zaudetelalagunarteko lehen partida jokatzeko. Gaur jokatuko duzue, Madril CFFren kontra. Aurreko sasoian sailkapenean zuen paretsu geratu zela kontuan hartuta, eta aurten ere antzera gerta daitekeela, neurketa polita izango da hasteko, ezta?

Bai, denboraldiaurreetan askotan jokatu izan dugu haien kontra. Beti izan da oso talde gogorra eta lehiakorra, dituen baliabideei eta indarguneei ahalik eta etekin gehien atertzen diena. Proba ona da. Aurkariak ikusita, tankera polita hartzen diot denboraldiaurreari, aurkari exijenteak izango ditugu, eta hori beti eskertzen da, non zauden ikusten laguntzen baitizu.

Duela bi denboraldi Txapeldunen Ligarako sailkatu ostean, aurreko sasoian ez zenuten lortu postu horietarako borrokan egotea. Zer helburu izan behar du taldeak sasoi honetan?

Pixkanaka ikusi behar dugu hori. Taldeak aldaketa asko izan ditu, eta ikusi behar dugu nola doan denboraldiaurrea. Lehen egitekoa elkar ulertze eta egokitzapen hori lortzea da, eta pixkanaka multzo gisa osatzea eta hazten joatea. Garbi izanda oinarria elkarlana dela, eta horri esker gauza politak egin ditzakegula. Behin multzo moduan osatuta, eta denboraldia aurrerajoan ahala, jarriko ditugu helburuak. Orain bi denboraldi, sasoiaurrea hasi zenean, inork ez zuen espero Txapeldunen Ligarako sailkatuko ginenik. Joan gaitezen pausoz pauso, eta batez ere azken urteetan gure ezaugarri izan den jokatzeko era hori sendotzen.

Alejandra Bernabek utzita segituko du taldean, eta, Emma Ramirezen itzuleraz gain, Lorena Navarro etaJacqueline Owusu dira denboraldi honetarako jokalari berriak. Nola ikusi dituzu?

Oso soslai desberdineko jokalariak dira. Oso langileak dira biak, eta uste dut gauza desberdinak emango dizkigutela. Lorenak kalitate handia du, futbola ondo ikusten du, eta dena ematen duten jokalari horietakoa da. Jaquelinek ahalmen fisiko handia du,eta oso bizkorra da. Gainera, trebea da baloiarekin. Egokitu ahala, asko emango digute.

Baina jokalari garrantzitsuek utzi dute taldea: Iraia Iparragirrek, Maddi Torrek, Gaby Garciak, Gemma Gilik... Aurreko sasoian baino talde hobeagoa edo okerragoa duzue?

Talde diferentea dugula esango nuke. Kontua ez da hobeago edo okerragoa. Gakoa, aipatu bezala, talde gisa nola osatzen garen da, eta gure artean sortzen dena.

Harrobiko jokalarien artean, Nahia Aparicioren igoerak sortu du ikusmin eta ilusio handien zaleen artean. Erdiko atzelari postuan jokatzen du, zuk egiten duzun moduan. Zer esan dezakezu haren inguruan?

Bikain ari da. Oso jokalari lehiakorra eta indartsua da. Asko ari da ikasten teknika eta taktika aldetik. Aurreko denboralditik salto handia egin du, eta egunetik egunera hobeto ari da. Etorkizun oparoa duela uste dut. Ni hasi nintzeneko garaiak gogorarazten dizkit. Garrantzitsua da beheko jokalariak muturra sartzen joatea.

Eta zeure burua nola ikusten duzu denboraldi berriari begira? Izan ere, erdiko atzelari posturako lehia estua izango duzue Apariciok, Vanegasek, Ana Tejadak eta zuk.

Orokorrean sentsazio onekin nago, eta pixkanaka sasoia hartzen. Lehiari dagokionez, urteroko kontua da. Aurreko sasoiaurrean ere antzeko sentsazioak nituen, baina gero denboraldi hasieran ez nuen asko jokatzeko aukera izan. Sasoi honetan nahiko nukeena da hasieratik jokatzeko aukera izatea, eta hamaikakoan lekua izatea. Askotan gertatu zait hasieran aukera hori ez izatea, eta nahiko nukeena da nire lan on hori lehengo ikustea, eta hasieratik izatea tokia.

Kapitain zirenetako bik, Iparragirrek eta Torrek, taldea utzi dute. Taldean zortzi denboraldi daramatzazula kontuan hartuta, lau kapitainetako bat izan zaitezkeela uste duzu? Ilusioa egingo lizuke?

Ez dut asko pentsatu horretan. Azken batean, multzoak erabakitze duen zerbait da. Egokituz gero, beti egin dudan moduan, nire onena emango dut, eta gauzak ondo egiten ahaleginduko naiz. Ez bazait egokitzen, berdin egingo dut, baina beste rol batean. Argi dago Iraia eta Maddi eskarmentu handiko jokalariak zirela, langileak, klubaren dinamika ondo ezagutzen zutenak eta balio egokiak transmititzen zituztenak. Ni haien antzekoa naiz, eta balio horiek transmititzen ahalegindu naiz: lanarena, sakrifizioarena... Bai kapitain izatea tokatuzein ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.