Ez da jolasean ibili Jokin Altuna. Eskura zuen lau eta erdiko txapelketako finalerdietarako sailkatzea: gaurko partidan zortzi tanto egitea nahikoa zuen, eta hamahirurekin lehen postua ere ziurtatua zuen. Hasieratik, ordea, argi utzi du irabaztera atera dela kantxara, eta 22-6 irabazi dio Iraitz Zubizarretari.
Azkar ezarri du 13-1ekoa Donostiako Atano III.a pilotalekuko markagailuan. Ezinean aritu da Zubizarreta, eta sasoi betean dagoela erakutsi du Amezketakoak. Bada inoiz baino hobeto dagoela dioenik ere.
Datorren asteburuan bertan erakutsi beharko du berriro, finalerdiak astebete barru jokatuko baitira, Iruñeko Labrit pilotalekuan eta Eibarko (Gipuzkoa) Astelenan. Lasoren aurka jokatuko du Altunak, eta beste finalerdian Peio Etxeberria eta Erik Jaka izango dira aurrez aurre.
Ikusi gehiago