Bueltan da munduko saskibaloi liga nagusia. 123 egun igaro dira Golden State Warriorsek NBA irabazi zuenetik, eta Kaliforniakoek emango diote hasiera sasoi berriari. Hainbat talde saiatuko dira txapeldun handia tronutik kentzen, baina beste eraztun baten bila abiatuko dira Stephen Curry eta enparauak. Hainbat arretagune izango ditu sasoi berriak.
FABORITOA
Curryrekin dena da posible
Joan den denboraldian eraztuna irabazi zuen taldearen oso antzekoa du txapeldunak. Aldaketa gutxi, eta lider berak: Steve Kerr entrenatzailea eta Stephen Curry. Kerrek bederatzigarren denboraldia egingo du San Frantziskoko (AEB) frankiziaren gidari moduan. Zortzi urtean lau eraztun irabazi ditu, eta beste hirutan iritsi da finaletara. Jokoan Curry izango da izarra, nola ez. Antolatzailea historian sartu zen joan den sasoian. NBAko hiruko jaurtitzaile onena bihurtu zen, ordura arteko onenari, Ray Alleni, lehen postua kenduta.
Hala ere, taldea Curry baino gehiago da. Klay Thompson urte hasieran itzuli zen, denbora luzez min hartuta egon eta gero. Lotailu gurutzatuen haustura bat eta orpazurdako beste bat kateatu ondoren,hogei puntu baino gehiago sartu zituen batez beste. Andrew Wiggins, Kevon Looney eta Draymond Greenekin osatuko dute bosteko nagusia, nahiz eta azken hori taldetik kanpo egonden denbora batez.
HAUTAGAI NAGUSIAK
Tronua kentzera
Iragan sasoian tronua galdu ostean, Milwaukee Bucksek berriro lortu nahi du loria denboraldi honetan. Winsconsingo taldea da hautagairik sendoena, hautagai sendorik bada. Beste behin ere, Giannis Antetokunmpo Greziako piztiaren eskuetan izango dira loria berriz lortzeko aukera guztiak. Hala ere, iragan sasoian argi gelditu zen harekin bakarrik jai duela taldeak. Khris Middletonek ezin izan zuen konferentziako finalerdietan asko lagundu, min hartuta baitzegoen, eta Brook Lopez ere ez zen sasoi onenean iritsi.
Taldea ez da asko aldatu, eta ezta beharrik ere. Joe Ingles australiar jaurtitzailea izan da berrikuntza bakarra. Kantxa irekia mantentzeko jokalari bikaina da, eta Antetokounmpo gelditzeko defentsaren saiakerak hiruko marratik zigortu ditzake. Helburuak betetzeko lesioei izkin egiteak garrantzi handia izango du.
Boston Celticsen proiektuak erabateko bira eman du azken asteetan. Frankiziak Ime Udoka prestatzailea zigortu du 2022-2023ko denboraldian taldea entrenatu gabe, frankiziaren barne kodeetako bat hautsi ostean. Jokalarien artean Malcolm Brogdon da fitxaketarik nabarmenena. Antolatzailea Indiana Pacersen eraberritzearen ondorioz iritsi da hirustaren taldera, eta jokalari garrantzitsua izango da, ziur. Bestela, bosteko nagusian ez da inor berririk izango. Marcus Smartek, Jaylen Brownek, Jayson Tatumek eta Al Horfordek eramango dute taldearen zama.
Los Angeles Lakersek ahazteko moduko denboraldia egin zuen, eta LeBron Jamesek gogotik egin beharko du lan taldea urrutira hel dadin. Los Angeleskoa baino talde hobeak asko dira, baina LeBronen presentziak, soilik, hautagaien artean jartzen du. Askorentzat historiako jokalari onena denak Anthony Davis eta Russell Westbrook izango ditu berriro ere alboan, baina prestatzaile berri baten agindupean arituko dira: Darvin Ham.
Patrick Beverley fitxaketa berriak eta azken bi urteetan neurketa gutxi jokatu dituen Davisek hobetu beharko dute taldearen defentsa, eta bertan hobetzeak izan beharko luke taldearen helburu nagusietako bat. Azken sasoietan erakutsi bezala, Davis ordezkaezina da taldean, eta LeBronek haren laguntza beharko du berriro ere goian egoteko.
KONTUAN IZATEKO TALDEAK
Ezustea emateko asmoz
Frankizia ugarik talde politak osatu dituzte, eta, faboritoen lehen lerroan ez dauden arren, ez litzateke harritzekoa izango urrutira iritsiko balira. Hori da Nikola Jokicen eta Denver Nuggetsen kasua. Denboraldi erregularreko jokalaririk onena bikain aritu zen sasoi osoan, baina kanporaketetan argi gelditu zen harekin bakarrik oso zaila dela ezer handirik lortzea.
Phoenix Sunsek eredenboraldi erregular bikaina egin zuen joan den sasoian. Chris Paul eta Devin Booker antolatzaileen gidaritzapean ederki funtzionatu zuen taldeak, baina Luka Doncicen Dallas Mavericksek kanporatu zituen konferentziako finalerdietan. Mavericks bera da kontuan izan beharreko beste talde bat. Joan den denboraldian espero baino urrunago iritsi ziren, baina onenekin lehiatzeko gai direla erakutsi zuten. Bestalde, Miami Heatekin kontu handiz ibili beharko dute denek, Erik Spoelstraren taldeak beti baitira arriskutsuak.
Los Angeles Clippersen eta Philadelphia 76ersen kasuak guztiz bestelakoak dira.Clippersen arazoak lesioak izan dira. Kawhi Leonard eta Paul George ez dira sasoi onean egon, eta, talde gogor bat izan nahi badute, lesioek bi izarrak errespetatzea izango da gakoetako bat. Sixersen kasuan, berriz, proiektuan sinesteko azken aukera izan daiteke.Joel Embiiden eta James Hardenen taldeak urteak daramatza kanporaketetan maila eman gabe, eta kale edo bale egin beharko du aurten.
ITZULERAK
Lesioak ahaztu nahian
Sasoi honetan, gainera, zenbait izar itzuliko dira lehiaketara, lesioak zirela medio iragan sasoian gutxi jokatu ostean. Zion Williamsonek piztuko du ikusmin handiena. 2019ko draftean lehen postuan aukeratu ostean, 85 partida jokatu ditu soilik. Iragan sasoia min hartuta edo lesiotik sendatzen igaro zuen, eta hau izan daiteke izarren artean toki bat egiteko urtea. Hala ere, albiste guztiak ez dira onak: aurreko astearen amaieran orkatileko arazoekin utzi zuen denboraldiaurreko neurketa, eta ikusteko dago zer bilakaera izango duen.
Kantxara itzuliko den beste izar handia Kawhi Leonard da. Kaliforniako jokalariak urtebete baino gehiago eman du kantxetatik kanpo, belauneko atzeko lotailu gurutzatua apurtu ondoren. Clipperseko izarrak esan du «prest» dagoelasasoiari ekiteko, baina aurreneko neurketetan zuhurjokatu beharko du Tyronn Lue entrenatzaileak. Bi NBA irabazi ditu Leonardek, eta bietan aukeratu dute finaletako jokalari baliotsuena. Gainera, beste bi aldiz irabazi du ligako defentsako jokalaririk onenaren saria.
Ben Simmons nola itzuliko den inor gutxik daki.Sixerseko jokalari ohiak oraindik ez du ligan debuta egin Brooklyn Netsekin,iragan sasoian ez baitzuenjokatu. Bizkarreko arazoak eta arazo mentalak izan eta gero, hil honen hasieran jokatu zuen lehenenego neurketa, denboraldiaurrean. 470 egun eman ditu jokatu gabe, eta taldera iritsi eta zortzi hilabetera egingo du Netsekin debuta ligan. Kanpoko jaurtiketan ezer gutxi hobetu duen arren, laguntzaile ona izan daiteke Durantentzat eta Irvingentzat.
Jamal Murray ere bueltan da. Jokicek eta Nuggetsek asko nabaritu zuten haren hutsunea iragan sasoian, baina bere lehia pertsonalean sartuta zegoen antolatzailea. Buru-belarri aritu da belauneko lotailu gurutzatuko haustura osatu nahian, eta denboraldiaurrean jokatu ditu lehen neurketak. Murray eta Jokic elkarrekin azkenekoz aritu zirenean, Orlandoko burbuilan izan zen, eta konferentziako finaletara iristea lortu zuten. Zaila izango da orduko emaitzak berdintzea, baina aurkari sendoa izango da.
Sasoi berria, ilusio zaharrak
Stephen Curryk beste eraztun bat du amets sasoi berrirako. Bai hark eta bai haren taldeak, Golden State Warriorsek, biek erakutsi nahi dute talde handien irabazteko grina daukatela; baina aurkari oso gogorrak izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu