Saskiratzeen ordez, Palestinaren aldeko aldarriak izan dira protagonista Gasteizen

Baskonia 92-82 gailendu zaio Tel Aviveko Maccabiri, Buesa Arenan. Indar Baskonia zaleen taldeko kideak partida hasi eta bost minutura sartu dira kantxara, Palestinako banderak eskuetan.

Indar Baskoniako zaleak Palestinako banderekin, partidan. RAUL BOGAJO / FOKU
Mikel Garcia Martikorena
2024ko otsailaren 1a
22:40
Entzun

Baskoniak 92-82 irabazi dio Tel Aviveko Maccabiri Euroligan. Baina ez dira saskiratzeak izan gaueko protagonistak. Tel Aviveko taldeak Euroligan jarraitu izanak eta Gasteizera jokatzera etortzeak hautsak harrotu ditu Baskoniaren zaleen artean. Azken hilabeteetan Israel Palestinan egiten ari den sarraskia salatzea izan dute xede Buesa Arenara joandako hainbatek.

Bost minutu berandu kantxaratzeko eskatu die Indar Baskonia zaleen taldeak bere kideei eta Buesa Arenara joatekoak zirenei. Zaleen taldearen harmaila hutsik zegoen partida hastean, eta ez dira euren eserlekuetara heldu lehen laurdena amaitzeko lau minutu inguru geratzen ziren arte. Palestinako banderak eskuetan heldu dira euren eserlekuetara. Indar Baskoniako kideak kantxara heldu aurretik, halere, beste zeozerk hartu du haien lekua: Palestinako bandera erraldoi batek.

Partidan Maccabiko jokalarien aurkako txistuak entzun eta Palestinako banderak ikusi dira nonahi —Indar Baskoniaren harmailakoak gehiengoa izan diren arren—. Palestinaren aldeko aldarria partida hasieran nabaritu da batez ere. Bozgorailuetatik Tel Aviveko Maccabiko jokalarien izenak entzuten ziren bitartean, Baskoniaren zale andanak txistu egin du, eta askok Palestinako banderak atera dituzte. Bien bitartean, Israelgo taldeko jokalariek Ekar itzazue etxera, orain aldarria idatzita zeukaten kamisetak zeramatzaten jantzita, Hamasek Gazan bahituta dituen israeldarren alde.

Indar Baskoniako kideak Buesa Arenara sartu direnetik eta lehen laurdena amaitu arte, Maccabiko jokalariak saskira gerturatu diren guztietan Palestinako banderaz josirik agertu da harmaila.

Harrabotsak, baina, ez du inor harritu. Jakina zen Baskoniaren zale andanak protesta egin behar zuela atzo Maccabiren etorreragatik. Indar Baskoniak hala adierazi zuen herenegun X sare sozialean, Tel Aviveko Maccabi Israelen «zuriketaren atal garrantzitsua» dela argudiatuta: «Tel Aviveko Maccabi aparatu sionistaren adierazle nagusienetarikoa da, eta Palestinan genozidioa egiten ari den Israelgo Gobernua zuritzeko baliatzen dute».

Palestinaren aldeko aldarriak, baina, ez dira soilik Buesa Arena barruan nabaritu. Izan ere, egun osoan egon dira hiriko hainbat txokotan Free Palestine / Boikot Maccabi (Palestina askatu / Maccabiri boikota) zioten pankartak, Indar Baskoniak jarritakoak. Tel Aviveko taldeak segurtasun bereziz inguratuta egin du bidea Buesa Arenaraino, istiluak saihesteko.

Kalejira, aurretik

Indar Baskoniak —Arabako BDZ Israelgo apartheid erregimenaren aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak elkartearekin batera— kalejira antolatu du. Partida hasi baino 40 minutu lehenago irten dira Aukera tabernatik. 

Kalejira hasi aurretik, partidan nola jardun azaltzeko informazioa eta Palestinako banderak banatu dizkiete zaleei. Banatu duten informazioan, bost minutu berandu sartzeko eta Tel Aviveko taldeko jokalariek baloia ukitzen zuten bakoitzean «Genozidioa» oihukatzeko gidalerroez gain, banatutako banderak legezkoak direla azpimarratu dute.

Ertzaintzak argi utzi du goizean banderen afera ez zela bere kontua, eta Baskoniaren segurtasun pribatuaren menpe zegoela. Baskoniak, bestetik, partida hasi aurretik esan du «partida normal batean izaten den kontrol bera» egingo zutela. Ukrainako inbasioaren ostean Errusiako taldeak Euroligatik kaleratzea erabaki zen moduan, Baskoniak Israelgo taldeak Europako txapelketetatik kaleratzeko adierazpena sinatu zuen, beste hainbat talderekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.