Saskibaloi jokalaria

Gracia Alonso de Armiño: «Saskibaloiak egin didan oparirik handiena da hau»

Zilarra irabaztea urrea irabaztearen parekoa izan dela nabarmendu du. «Jendeak ez zuen espero lortuko genuenik, baina lortu dugu, talde moduan elkar zainduta eta defentsan ondo arituta».

Gracia Alonso de Armiño. JULIO MUÑOZ  / EFE
Gracia Alonso de Armiño. JULIO MUÑOZ / EFE
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko abuztuaren 6a
12:35
Entzun

Txapelketa hain gogor batek utzitako nekearekin, baina zoriontsu. Halaxe dago Gracia Alonso de Armiño saskibaloi jokalaria (Bilbo, 1992), zilarra kolkoratu ostean. Sei eguneko oporraldia baino ez du izango, datorren astean Europako txapelketa prestatzen hasi behar duelako. «Atsedena behar dut, baina aldi berean gogotsu nago datozen erronkei heltzeko».

Zer aho zapore utzi dizu atzo lortutako zilarrezko dominak?

Urrea lortzea bezala izan da. Aurreko udan elkartu ginen lehen aldiz laurak; lan handia egin dugu hona iristeko, asko borrokatu gara, sufritu ere izugarri egin dugu, eta sari handia da hau guretzat; merezitakoa, gainera. Nire kasuan, saskibaloiak egin didan oparirik handiena da hemen egotea, eta hau lortu izana. Bizi osoa daramat saskibaloian jokatzen, modalitate honek ni aurkitu nau, eta haren ezaugarriak oso egokiak dira niretzat. Eskerrak ematea baino ez daukat. Izan ere, beharbada ohiko saskibaloian ez nuen lortuko. Gainera, pozik nago jende askok orain ezagutu duelako 3X3ko saskibaloia. 

Nola joan dira ospakizunak?

Egia esan, elkarrekin gozatzeko izan genuen une bakarra podiumean izan zen. Gero, elkarrizketak, bestelako konpromisoak eta dopinaren aurkako kontrolak tarteko, ezin izan genuen. Goizaldeko hirurak inguruan iritsi gara olinpiar hirira, baina ez ospakizunetan ibili garelako. Ni, gainera, gaur bertan [goizean] bueltatuko naiz etxera. 

Azken-azkenean sailkatu zineten Jokoetarako, zuk sartutako saskiratze ikusgarri bati esker. Domina lortzea urruti ikusten zenuten?

Aurkariak ikusita zaila zen, munduko zerrendan gorenean dauden selekzioen aurka jokatu behar genuelako. Jende gutxik espero zuen guk domina bat lortzea. Baina amestea doan da, eta guk garbi genuen zertara gentozen: partida guztiak lehiatu, eta gure onena ematera. Gainera, bagenekien defentsa sendo bat genuela, eta horrek beti bermatzen dizu partidetan sartuta egongo zarela. 

Zer falta izan zitzaizuen urrea lortzeko? Izan ere, askotan aurretik egon zineten

3X3 saskibaloia horrelakoa da, intentsitate handikoa. Ezin zara erlaxatu une bakar batean ere. Lau punturen aldea lortu genuen, eta, beharbada, hor tarteren batean zertxobait erlaxatu ginen. Haiek jaurtiketa errazen bat izan zuten, asmatu egin zuten, eta hor joan zitzaigun finala. Haiek, gainera, oso selekzio indartsua dira, urte asko daramatzate elkarrekin jokatzen, eta horrek ere badu eragina. Modalitate honetako ezaugarrietako bat da multzoak ondo elkar ulertu behar duela, eta zuloak erraz topatu... Guk, alde horretatik, esperientzia gutxiago dugu. Zoria ere ez genuen oso alde izan. Izan ere, jaurtiketa batzuk gutxigatik ez ziren sartu. 

«Lau punturen aldea lortu genuen, eta, beharbada, tarteren batean zertxobait erlaxatu ginen. Hor joan zitzaigun finala»

Finalerdietarako zuzenean sailkatu zineten, ezustean, eta hor AEBei irabazi zenioten, selekziorik indartsuenetako bat. Gehien gozatu zenuten partida izan al zen?

Bi partida diferente izan ziren finala eta finalerdia. AEBen kontrakoa borrokatuagoa izan zen fisikoki, kontaktu gehiago egon zen gure artean. Alemaniaren aurkakoa, berriz, dinamikoagoa eta teknikoagoa. Baloia oso bizkor mugitzen zen alderik alde, eta zulo gehiago aurkitu genituen jaurtiketa erosoagoak egiteko. Bestalde. Alemaniaren kontra askotan jokatu dugu, eta erosoago geunden, ezagutzen genuelako. AEBen kontra, berriz, zuhurtzia handiagoz aritu ginen, ez genituelako hainbeste ezagutzen. Finalerdietan, gainera, beti jartzen duzu intentsitate apur bat gehiago, domina ziurtatze aldera. 

Egun askotan hiru partida jokatu dituzue arratsalde berean, eta nahiko denbora gutxian. Nola eraman duzue hori?

Ez gaude ohituta. Jokatzen ditugun torneoak gehienez bi egunekoak izaten dira. Hemen, berriz, astebetez aritu gara lehiatzen. Maratoi baten parekoa izan da guretzat, bai mentalki, bai fisikoki. Hirugarren egunean fisikoki oso estu egon ginen, eta, horren ondorioz, jokatutako bi partidak galdu genituen. Hortik aurrera hortzak ondo estutu, amore ez eman, eta behetik gora egin genuen. Bagenekien gogorra izango zela, eta funtsezkoa izango zela elkar ondo zaintzea, elkartasuna izatea eta atseden unean ahalik eta gehien betetzea. Zorrotz bete dugu hori, eta kudeaketa hori erabakigarria izan da.

Entrenatzaile multzoa ez da kantxan egoten partidetan, harmailetan baizik. Nolako eragina du horrek zuengan?

Zertxobait diferentea da. Kasu honetan, aulkian dagoen jokalariak, aginduak emateko, eta batez ere besteei animoak emateko ardura du. Alde horretatik eromena da, baina polita ere bai. 

Nolakoa izan da Olinpiar Joko batzuk barrutik bizitzeko esperientzia?

Izugarria izan da, esperientzia ahaztezin bat. Lehen egunetan denak uzten zaitu aho zabalik, eta erraza da arreta galtzea. Une oro emozio handiarekin zaude, dena bete-betean bizi nahian. Behin lehiatzen hasten zarenean hori zertxobait aldatu egiten da, eta beste edozein txapelketaren egunerokoa ezartzen saiatzen zara: jokatu, entrenatu, atseden hartu, partidak prestatu. Bestalde, jokatu dugun ingurua eta kantxa ikusgarriak izan dira.

«Jokoak barrutik bizitzea esperientzia ahaztezina da. Lehen egunetan denak uzten zaitu aho zabalik, eta erraza da arreta galtzea»

3X3ak zu aurkitu zintuela aipatu duzu. Ohiko saskibaloian jokatzen duzula kontuan hartuta, nolatan hasi zinen?

Nik AEBetan jokatzen nuen, eta bertan erizaintza ikasi nuen. Madrilera joan behar izan nuen titulua homologatzera. 2018an izan zen. Han geratu, eta egungo ohiko saskibaloiko bigarren mailan jokatu nuen. Bertan 3X3ko selekzioan aritzen ziren bi jokalari zeuden. Gustatu egin zitzaien nola jokatzen nuen, eta hautatzaileari aipatu zioten. Nire ezaugarriak aproposak iruditu zitzaizkien, udaz uda haiekin entrenatu naiz, eta pixkanaka taldean sartuz joan naiz, hona iritsi arte.

Zer du zuretzat erakargarri modalitateak?

Intentsitate handia duela, eta oso bizkor hartu behar dituzula erabakiak, askotan fisikoki oso estu edo oso nekatuta zaudenean. Horrek, aldi berean, bost bosten aurkakoan hobea izaten laguntzen dizu.

Atsedenerako tarte gutxi duzue orain, abuztu amaieran Europako Txapelketa duzuelako.

Hala da, sei egun besterik ez. Hautatzaileak gogorarazi digunean, hain nekatuta gaudenez, zur eta lur geratu gara [barrez]. Horregatik erabaki dut gaur bertan etxera itzultzea. Lortutakoaz gozatu, atseden hartu, eta indarberritzeko aprobetxatu nahi dut. Indarberritze hori igeriketaren eta fisioterapiaren bidez egingo dut. Opor beharra dut, baina aldi berean asko disfrutatzen ari naiz, eta horrek laguntzen du. Zoriontsu nago, eta datozen erronkei heltzeko prest. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.