SASKIBALOIA. EUROPAKO TXAPELKETA . Azken txanpa

Europako txapelketako final-laurdenak jokatuko dira gaur eta bihar; faborito nagusia kanporatuta, lehia estua espero da txapelketa lortzeko

2005eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu da Serbia eta Montenegroko Europako Saskibaloi Txapelketa. Txapelketa hasi zuten hamasei taldeetatik dagoeneko zortzi daude soilik txapelketan: Alemania, Eslovenia, Kroazia, Espainia, Grezia, Errusia, Frantzia eta Lituania. Gaur eta bihar Europako Txapelketako final-laurdenak jokatuko dituzte, astearteko jardunaldi zirraragarriaren ondoren.

Serbia eta Montenegro zen faborito nagusia, etxean jokatzen zuelako eta jokalari bikainak zituelako, baina porrot egin du. Final-laurdenetako taldeak berdintsuak dira, eta partidak oso lehiatuak izatea espero da. Orain, ez dago txapelketa eskuratzeko faborito garbirik.

- ERRUSIA-GREZIA: Final-laurdenetako lehen partida jokatuko dute gaur bi taldeok, Belgrad Arenan, 17:30ean. Grezia izar nabarmenik gabeko selekzioa da, baina jokalari on asko ditu; Kakiouzis, Papadopoulos, ZizisÉ Defentsa bikaina eginez heldu dira final-laurdenetara. Orain arteko partidetan, kontrarioek oso puntu gutxi egin dizkiote Greziako selekzioari. Hala ere, Errusiaren aurka ez dute horren erraza izango; izan ere, txapelketako saskiratzailerik onenetakoa izango dute aurrean: Andrey Kirilenko. Utah Jazzeko jokalaria Errusiako selekzioko izar nagusia da, baita txapelketako jokalari onenetakoa ere. 16,7 puntu egin eta 10,3 errebote jaso ditu partidako, eta Greziak oso ondo zaindu beharko du. Taldeko beste izarra Jon Robert Holden Moskuko CSKAko joko-antolatzailea da. Estatubatuarra da jaiotzez, baina errusiar herritartasuna hartu du, eta orain, Errusiako selekzioko izarretako bat da. Garaiak aldatzen diren eredu argia da Holden.

- LiTUANIA-FRANTZIA: Lituaniak, izar gehienak etxean utzi baditu ere, talde indartsua osatu du, eta hala erakutsi du Europako Txapelketako lehen zatian; lehen multzoan hiru partidak irabazi zituzten, eta erraz gainera. Lituaniarrak dira faborito, baina frantziarrek Serbia eta Montenegroren aurka bezain ondo jokatzen badute, nork daki zein sailkatuko den finalaurrekoetarako. Frantziako izar nagusiak, San Antonio Spurs taldeko Tony Parker joko-antolatzaileak, ez du bere maila eman, eta ohi bezala jokatzen badu, oso selekzio arriskutsua izango da Frantziakoa. Gainera, NBAko beste jokalari bat, Boris Diaw, bikain ari da, eta taldeko saskiratzailerik onena da. Partida lehiatu izatea espero da gaur 20:30etik aurrera jokatuko dutena.

- ESLOvENIA-ALEMANIA: Eslovenia talde lan bikaina eginez sartu da final-laurdenekoetan, partidarik galdu gabe gainera. Nesterovic handiak defentsa lan handia egiten du, errebote asko jasoz eta txapel asko jarriz. Puntuak, berriz, Nachbarren kontua dira. Nesterovicek, ordea, ez du edozein pibot izango aurrean, txapelketako pibot onena baizik. Dirk Nowitzki txapelketako jokalaririk onena dela erakutsi du. Puntu gehien egin (27,8 partidako) eta errebote gehien (12,3) jaso duen jokalaria da. Esloveniarrek, Dallas Maverickeko jokalaria geraraztea lortzen badute, partida irabazteko aukera handiak izango dituzte; izan ere, Alemaniak Nowitzkirengan uzten du erasoko joko guztiaren ardura. Final-zortzirenetan Alemaniaren 66 puntutatik Maverickesko jokalariak 33 egin zituen.

- ESpainia-KROAZIA: Espainiak oso indartsu hasi zuen txapelketa, etxeko taldeari erraz irabaziz; baina, Letoniari irabazteko, luzapena behar izan zuen, eta Israelen aurka galdu egin zuen.Jokalariek esan zuten nekeagatik egin zutela behera. Lau eguneko atsedenaldia ondoren ez dute aitzakiarik.Juan Carlos Navarro, Jorge Garbajosa eta Jose Manuel Calderon bikain ari dira txapelketan. Baina arazo larri bat izan dezake Espainiak; Kroaziak oso jokalari garaiak ditu, Espainiak ez bezalaxe. Eta Mario Kasunek (2,15 m.), Nicola Vujcicek (2,10 m.) eta Dalibor Bogaricek (2,17 m.) min handia egin dezakete. Bestetik, Gordan Giricek kroaziarra jokalari bikaina da, baina oso irregularra. Egun ona baldin badu, Espainiak kontuz ibili beharko du Utah Jazz tal-deko hegaleko kroaziarrare-kin.

SERBIA ETA MONTENEGRO



Obradovicen dimisioa, eta borroka aldagelan



Serbia eta Montenegro zen Europako Txapelketa irabazteko hautagai nagusia. Final-zortzirenetan kanpoan gelditzeak min handia egin die, eta dagoeneko lehen ondorioak izan dira: Zeljko Obradovic hautatzaileak kargua utzi du. Obradovicek argitu duenez, taldeak gaizki jokatu duelako eta taldeko barneko arazoengatik utzi du kargua. Izan ere, Frantziaren aurkako porrotaren ondoren Marko Jaric eta Igor Rakocevic borrokan aritu ziren aldageletan. Hautatzaileak errua berea dela esan du, lau jokalari jakin (izenak ez ditu esan) txapelketara eramateagatik. Bestetik, Serbiako komunikabideek oso gogor hitz egin dute selekzioaren aurka; baita Zoran Savic jokalari ohi eta Bartzelonako gaur egungo idazkari nagusiak ere: «Jokalari batzuek diruan pentsatzen dute soilik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.